Maiatzaren Lehena

UGTk eta CCOOk langileek eskubideak lortzen jarraitzeko mobilizazioaren garrantzia azpimarratu dute

Guaixe 2023ko api. 28a, 12:40

UGT eta CCOOko ordezkariak astelehenerako mobilizazioan parte hartzera deitzen. UTZITAKOA

Bi sindikatuek gaur egungo ekoizpen eredua birpentsatzeko beharra kaleratuko dute astelehenean. Haien Iruñeko egoitzatik abiatuko da Maiatzaren Leheneko manifestazioa. Haren leloa 'Soldatak igo, jaitsi prezioak, irabaziak banatu' da. 

Estatuko gehiengo sindikala diren UGT eta CCOO elkarrekin aterako dira kalera Langileen Nazioarteko Egunean. Jesus Santos eta Chechu Rodriguez idazkari nagusiek adierazi dutenez, "batzuetan lukurreria den prezioen bidegabeko igoera salatu behar da aurten, Nafarroako langileak egunetik egunera gehiago itotzen baititu". Santosek eta Rodriguezek nabarmendu dutenez, "eskubideak lortzeko ahaztu ezin daitekeen bidea da mobilizazioa". Bi sindikatuen Maiatzaren 1eko manifestazioa Iruñeko egoitzatik aterako da, 11:00etan. 

Bi ordezkariek "gehiengo sozialarendako lortutako aurrerapenak" zerrendatu dituzte, eta nabarmendu dutenez, beraien sindikatuak horietan "funtsezko piezak" izan dira pentsioen erreforma, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren eta langabezia sariaren igoera anbiziotsuak lortzeko. Bestetik, atzera begiratuz, lan erreforma eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak aipatuta, lanaren babeserako mekanismoen garrantzia azpimarratu dute. Izan ere, "milioika pertsonak ziurtasun handiagoa eta bizi baldintza duinagoa izatea erraztu baitute". 

Santosek eta Rodriguezek gaur egungo lehentasunen artean jarri dute "pertsonak politika publikoen erdigunean jartzea. Estatuak protagonismoa izan behar du lehentasuna diren elikadura, hezkuntza, osasuna edo etxebizitza arloetan". Aurki hainbat lan hitzarmenen negoziazioa hasiko dela jakinarazi dute, eta haien lehentasuna bidaiarien garraio eta ostalaritza hitzarmenak izanen direla jakinarazi dute.