Maiatzaren Lehena

ELAren lehentasuna soldata, pentsio eta zerbitzu publiko hobeak lortzeko borroka egitea da

Guaixe 2023ko api. 28a, 12:50

ELAko Nafarroako ordezkariak, Imanol Pascual eta Saioa Urriza. UTZITAKOA

Sindikatuak grebak bultzatzen eta soldaten eta pentsioen defentsan borrokatzen jarraituko duela azpimarratuko du Langileen Egunean. 'Borrokan, irabazteko. 

ELA Maiatzaren Lehenera soldaten eta pentsioen aldeko defentsan murgilduta iritsi da, hortik asteleheneko deialdiko leloa. Sindikatutik azaldu dutenez, "Europan greba uholdea dago; soldaten eta pentsioen alde mobilizatzen ari dira sindikatuak. Grebak ez dira iraganeko gauza bat, batzuek hala esan arren: gaurkotasun handiko tresna dira". Aldi berean, bizi dugun inflazio testuinguruari ere erreparatu dio ELAk: "%15 gehiago ordaintzen dute oinarrizko elikagaiengatik, eta batez beste 3.600 euro gehiago urtean hipotekengatik; bankuek, oligopolio energetikoak eta elikadura banatzaile handiek, berriz, aparteko irabaziak izan dituzte. Prezioen igoera oso lotuta dago etekin horien igoerarekin2. Sindikatuko kideek adierazi dutenez, "gure lehentasuna langileriaren bizi baldintzak hobetzeko borrokatzea da, soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hobetuz. Hori da ELAren ekarpena". Pentsio eta soldata gehiago, bizi hobeak' leloa duen manifestazioa Iruñeko Gurutzeko plazatik 11:30ean aterako da 

Nafarroari erreparatuta, ELAko ordezkariek ziurtatu dutenez, 2Nafarroako Gobernuak legealdi osoan ez du inolako neurririk hartu patronalaren eta elite ekonomikoen interesen kontra". Eta gogor kritikatu dute Nafarroako Gobernuak 2022a 285 milioi euroko superabitarekin amaitu izana: "lotsagarria da Gobernuak diru hori ez bideratzea Osasunbidean edo etxebizitzan dauden beharrizanak asetzea, edo Errenta Bermatuaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldata adinakoa ezartzea bideratzea".

ELAko Nafarroako kideen iritziz, "UPN gobernutik atera eta 8 urtera fiskalitatea Sanzen eta Barcinaren garaiko bera da, AHTa eraikitzen jarraitzen dela, UGT, CCOO eta patronala berriro diru publikoz finantzatzen dira, eta euskarari eraso egiten zaio" deitoratu dute, horregatik, "testuinguru honetan ezkerrak beste zeregin bat izan behar du. Hau guztia gertatzen ari baita Parlamentuan ezkerreko oposiziorik gabe".

Bere buruari erreparatuta, ELAko kideek sindikatuaren "indarra" zein den azaldu dute: “militanteen konpromisoa eta borrokak, negoziazio kolektiboaren fruituak eta zerbitzu juridikoen ezinbesteko lana”. Gogoratu duenez, "hitzarmen on bat ez da zerutik erortzen. Lan eta bizi baldintzak hobetzeak zerikusi zuzena du antolatzeko eta konfrontatzeko gaitasunarekin; hori da sindikatuaren eginkizun nagusia".