Maiatzaren Lehena

LABek beste Euskal Herri bat, "beste mundu bat" aldarrikatuko du

Guaixe 2023ko api. 28a, 13:20

LABeko arduradun Garbiñe Aranburu eta Maider Jauregi deialdiaren berri ematen. UTZITAKOA

Egiturazko krisiak langileen bizimodua zaildu egiten du, kapitalak aberastasuna metatzen jarraitzen duenean, LABek erantzuleak seinalatu eta errotiko aldaketaren beharra plazaratzeko asmoa du. 'Antolatu eta borrokatu egiteko beste mundu bat. 

Hego Euskal Herriko sozioekonomiaren egoeran aztertuz lau ondorio atera ditu LABek. Batetik ekonomia ehunak ahultzeko joera mantendu duela. Bestetik, erreprodukzio eta produkzio lanen arteko banaketa mantentze dela. Aldi berean, sortzen den aberastasunaren birbanaketarako politikarik ez dagoela, eta, beraz, diru gehiago biltzeari uko egiteak eta biltzen dena behar bezala ez banatzeak zerbitzu publiko duinak garatzeko aukera mugatzen du, izan osasungintzan, etxebizitzan edo zaintzan. Eta, azkenik, ekoizpen eta kontsumo ereduak eragin negatibo eta eustezinak sortzen ditu. Banatu, eraldatzeko' leloa duen manifestazioa Iruñeko Gaztelu plazatik aterako da, 12:00etan.

Horiek kontuan izanik, LABeko kideen iritziz, "krisia egiturazkoa da, herritar guztien lan eta bizi baldintzen kalitatea okertzen ari da, langileondako bizimodua zailtzen ari da, egoera zaurgarrian eta pobrezian dauden herritarren kopuruak gora eta gora egiten jarraitzen du. Langileak desjabetzen diren aldi berean, energia enpresen irabaziak, banketxeenak, zaintzarekin negozioa egiten duten enpresenak edo elikagai banaketa kate handienak gora doaz".

Krisiak bata bestearen atzetik kateatzen ari direla nabarmendu dute sindikatu abertzaletik, eta ziurtatu dutenez, "bizitza duinarekin kontrajartzen da egungo eredu kapitalista zisheteropatriarkala. Kapitalismoan sakontzen jarraitu baino, politika publikoen norabide aldaketa baten beharra" aldarrikatu dute LABetik. Eta haien eredua zein litzatekeen adierazi dute: "bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsitzio ekosozialista eta feminista". Sindikatuko kideen iritziz, "erabaki politikoak ez dute norabide aldaketa hori bultzatzen. Horregatik, trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen dugu, ekoizpen eta kontsumo eredua aldatu eta zaintza, lana eta ondasuna banatuta, bizitza bizigarriago egiteko".

Maiatzaren Lehenean "egoera honen erantzuleak seinalatu, patronala eta instituzioei bakoitzari dagokion ardura har dezala eskatuko dugu". Honako eskaerak plazaratuko dituzte: 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea, lanaldi murrizketaren eztabaidari heltzea, zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean aurrera egitea... "Baditugu eskumenak bestelako zerga politika bat egin eta zerbitzu publiko duinak garatzeko", nabarmendu dute LABetik. Agenda politikoan langileen aldeko aldarrikapenak erdigunera eramateko lan egitearekin batera, sindikatu abertzaleak "lantokietan eta kalean borroka ziklo berri bat abiaraztea beharrezkoa" dela esan du.