Naiara Mariñelarena

"Egunak 24 ordu baino gehiago izatea nahiko genuke"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko uzt. 4a, 13:30
2019ko Urritzolako festak, Naiara Mariñelarena saxofoia jotzen, alkandora txuriarekin. UTZITAKOA

Uztailaren 1ean, larunbatean, Urritzolako festak ospatu zituzten. Herri osoak antolatzen eta parte hartzen du, Naiara Mariñelarena urritzolarrak azaldu duenez.

Hogei biztanle inguruk dituen Arakilgo kontzejuan egitarau zabala antolatu zuten.

1. Urritzolako festak izan ziren uztailaren 1ean. Zer ospatzen duzue? Zergatik data horretan?
Lehen irailean ospatzen genituen, baina eguna motzagoa dela eta Urritzolako saindua San Pedro izanda, San Pedro eguna hurbilago duen asteburuan ospatzen ditugu festak. Gainera, hiru urtez ospatu gabe egon gara; aurten lehenengo festak dira pandemia izan zenetik.

2. Nola antolatzen dituzue?
Bada guztion artean. Batek haurrentzako jokoak antolatzen ditu, beste batek denondako gauzak, beste batek udalari aulkiak eta mahaia eskatu, besteak erosketak egiten ditu... Bakoitzak ahal duena egiten du, baina guztion artean antolatzen dugu. Herri osoak parte hartzen du, guztiok zer edo zer egiten dugu.

3. Egun bakarra, baina handia. Egitarau zabala duzue.
Bai, egun horretan egunak 24 ordu baino gehiago izatea gustatuko litzaiguke. Herriko askok musika instrumentuak jotzen ditugu eta beti jotzeko prest gaude... Beraz, guztiek parte hartu ahal izateko, egun potentea geratu zaigu.

4. Zergatik dira bereziak Urritzolako festak? Zer dute?
Ez dakit herrikoak ez direnentzat bereziak izango diren ala ez, baina norberaren herriko festak beti dira bereziak. Guk horrela bizitzen ditugu, behintzat. Primeran pasatzen dugu herritar guztiekin elkarrekin eta etortzen diren lagun guztiekin.

5. Bisitariak hartzen dituzue?
Bai, noski. Herriko ateak zabalik daude ondo pasatzera etorri nahi duten guztiontzat!

6. Zein da zure momenturik gogokoena?
Bada, ez nuke jakingo bat aukeratzen, baina bazkaldu eta gero txarangarekin sortzen den giroa edo kontzertuen momentua izan daiteke. Edo, agian, karpa muntatu eta kentzeko momentuak non herriko guztiek laguntzen dugun, eta espero dugunaz edo gertatu denaz hitz egiten dugun.

7. Ohituraren bat?
Ohiturau berezirik ez dugu, egitarauan agertzen da egongo den guztia.

8. Zerbait berezia janzten duzue?
Ez, bakoitza nahi duen moduan joaten da. Hori bai, herriko zapia ez da inoiz falta gure lepoetan.

9. Festetan izandako anekdotaren bat?
Lehenengo urteetan, festak irailean zirenean, beti jaisten ginen traktorean Errotzeko zezensuzkoa ikustera, baina urte batez traktorean jaitsi ordez villavesa zahar batean jaitsi ginen. Gainera, gehiago nabarmentzeko Irurtzundik pasa ginen. Herri guztia villavesan txaranga eta guzti!

10. Festen ondoren, zer?
Festen ondoren karpak kendu, dena txukun utzi, eta jaietako gertaera guztiak komentatzen ditugu. Abenduko Santa Luzia eguna ere ospatuko dugun hitz egiten hasi beharko gara.

11. Teorian bi familia joango dira bizitzera; herria handitzen ari da.
Bai, familietako bat ni. Bi familia etorriko gara, eta beste bi etxetara ere biztanle berriak etorri zaizkigu, beraz, poliki-poliki handitzen doa. Orain dela asko utzi nion Urritzolako gazteena izateari. Nire ondotik beste hiru txiki jaio ziren, jada 2030 urte dituzte. Orain, nire alaba da Urritzolako gazteena.

Erlazionatuak

Urritzolako festak

Guaixe 2023 eka 26 Arakil   Urritzola