Adinekoen bakardadea jo puntuan jarrita

Guaixe 2023ko abu. 1a, 14:02
Bi emakumezko Olatzagutiko kalean gora. ARTXIBOA

Teknologia eta ekintza komunitarioa biztanleria zaurgarrienaren zerbitzura jartzeko proiektu pilotua martxan dago Sakanan. Hainbat eragilek sustatu dute eta Europako Batasuneko Next Generation funtseko dirulaguntza jaso du.

Bizi itxaropena luzatzearekin batera, gizartea gero eta zaharragoa da. "Gizarte gisa erantzuna eman behar diogu horri. Landa eremuan bizitzeak eta despopulazioak asko eragiten die pertsonei. Guk adinekoen bakardadean jarri dugu fokua", azaldu du Ekaitz Irujo Compainsek, Zakan Sozial kooperatibako kideak. Erakunde hori, Sakanako Garapen Agentziarekin (SGA), ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin (OGZ) eta udalekin batera, Teknoadineko Landalab Sakana proiektua lantzen ari dira. "Gipuzkoan eta Bizkaian landu dute, baina udal mailan. Guk OGZen mankomunitateekin ari gara, eta Nafarroan proiektu pilotua da", azaldu du Irujok. Egitasmoak Bertan proiektuaren baitan eman zituen aurreneko pausoak, eta orain sakontzeko garaia da. 

Gaineratu duenez, "bakardadea askotan ez da ikusten; haien etxetan dauden eta komunitatearen bizitzan parte hartzen ez duten pertsonak daude. Nahi ez den bakardade horrek osasunari eragiten dio, bai emozioei bai egoera fisikoari. Hor eragin nahi dugu; nahi ez duten bakardadean bizi diren eta zaurgarritasun sozialean dauden 65 urtetik gorako pertsonak garaiz identifikatu eta lagundu nahi ditugu. Ahalik eta gehien bizi daitezen haien etxeetan eta komunitateetan". Horrekin batera, proiektuak beste bi helburu ditu. Batetik, OGZak identifikazio lan horretan laguntzea teknologia esku-hartze sozialean aplikatuz, eta haien lidergoa sustatuz. Bestetik, komunitatea aktibatzea zaintza komunitarioko lanetarako, zaintza komunitarioko sare bat sortzeko. "Guztia, adinekoen ongizatea hobetzeko". 

Lanean hasiak
Lehenik, OGZetako langileen ordenagailuetan informazio sistema integrala da. "53 adierazlerekin elikatutako algoritmo bat da. Erakundeek eta zaintza sareko herritarrek emandako datuekin hornitzen da. Horrek pertsona bakoitzaren berri ematen digu". Bost maila eta kolore dituen graduazio sistema baten bidez OGZetako langileek, plataforma informatikoari begiratu bakarra emanda, aurrediagnosia egiteko aukera izanen dute. Bost mailak dira: ongizatea, zaurgarritasuna, arina, moderatua eta larria. Taula batean edo mapan geolokalizatuta ikusgai izanen dituzte gizarte langileek.

Aldi berean, adinekoak zaindu dezaketen pertsonak proiektura erakartzeko pausoa ere ematen hasi dira. "Pertsona horiek aukeratzeko irizpideak zehaztuta ditugu. Gainera, trebatu egin beharko dute. Jakin beharko dute gure iritziz zer den bakardadea eta beste. Bestetik, sortu dugun telefono mugikorretarako aplikazioaren erabilera ezagutu beharko dute". 

Auzozainak izena eman diete adinekoen zaintzan lagunduko duten pertsonei. "Adinekoen beharrekiko sentiberak, adeitsuak eta arretatsuak izan behar dute. Eta, batez ere, gaituta egon behar dute". Auzozainak izan daitezkeenak dira: okinak, botikariak, jubilatu elkartekoak... Lagundu nahi duenak https://labur.eus/QTkBO galdetegia erantzun dezake. "Komunitate bera izanen da zaintza kultura sortzen joanen dena, eta bertako pertsonak elkar zainduko dute". Bi egiteko horietan urte akaberara arte ariko dira. Irujok azaldu duenez, "bi urterako proiektua zen, baina dirulaguntzak berandu ebatzi zituztenez, proiektu osoa garatzeko lanean ari gara". 

Jarraipena 
Proiektuaren hurrengo bi faseen helburua litzateke "adinekoen esku hartzean gehiago doitzeko lirateke; helburua litzateke komunitatean zaintzaren kultura hedatzea", azaldu du Irujok. Hala, jasotako datuekin zein kasutan esku hartuko duten erabakiko lukete hirugarren kasuan. "Aplikazioaren datuak gizarte langileen informazioarekin alderatuko da, eta, horrela, erabakiko dute zein kasutan esku hartu". Hori eginda, pertsona horiengana joko lukete elkarrizketa egin eta galdetegi bat osatzeko. Jasotako informazio guztia aztertu ondoren, adinekoarekin batera baloratuko lukete programan sartzea. Hala bada, pertsona bakoitzari propio diseinatutako plan bat eginen lukete. "Auzozain batekin harremanetan jartzea komeni den erabakiko da, beti ere, adinekoaren oniritzia badago. Parte hartzea borondatezkoa da".

Hiru auzozaintza mota aurreikusi dituzte: profesionala, esaterako, medikuek zaurgarritasun egoera antzematen dutenean aktiba ditzakeen baliabideak; komunitate auzozaina, egunerokoan adinekoarekin harremana duten okinak, botikariak eta bestek egin dezaketena eta pertsonalizatutako auzozaintzak adineko bat zaintzaile batekin lotuko luke, haren jarraipena egiteko.

Azken fasean "helburua da guk alde egitea eta proiektua Sakanan autonomoa izatea. Horretarako, administrazioak halako politika publikoak mantentzearen alde egin beharko du. Kasu honetan, adinekoen bizi kalitatea hobetzearen alde egiten da".

Eraginak 
Irujok proiektuaren eragina lau arlotan ikusten du. Lehenik, adinekoei segurtasun eta babes gehiago  eta autonomia pertzepzio handiagoa emanen die proiektuak, "etor litekeen zaurgarritasun egoerari aurre hartzen die. Adinekoak etxean bizitzen segitzea sustatzen du ere". Bestetik, normalean zaintzen ardura hartzen duten familiak ere onuradunak dira, OGZen babesa jasotzen baitute eta “lasaitasun sentsazio handiagoa” izanen dute. 

Aldi berean, komunitatean bertan ere eragina du, zaintza kultura sortzen baitu, eta, aldi berean, komunitateko kideen arteko kohesio funtzioa du. Azkenik, OGZetako langileen lidergoa sustatzen da, eta aplikazioaren laguntzaz, esku hartzeak eraginkorrak izanen dira, erabakiak hartzen lagunduko baitie. Gainera, herritarren eta OGZen arteko elkarrekiko ezagutza hobetzea, eta konplizitatea eta lankidetza areagotzea ekarriko du. 

Egitasmoa aurrera atera da Europako Batasuneko Next Generationen finantziazioari esker. Aldi berean, Nafarroako Gobernuaren Nafarroa Suspertu 2020-2023 planaren eta Espainiako Gobernuaren Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren babesa jaso dute. Foru administrazioaren Errealitate Sozialaren Behatokiaren babesa ere badu.