Eugenia Artsemenka

"Hainbeste urtez hemen bizitzen, eta oraindik ez naiz bista hauekin aspertu"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko abu. 4a, 12:00
Eugenia Artsemenka Bielorrusian jaiotako ihabarra, Elia eta Adele alabekin.

Eugenia Artsemenka, Bielorrusian jaiotako ihabardarra, ez da oso urruti joan behar herriko txoko gogokoenera joateko.

Eugenia Artsemenka Bielorrusiako Gomel hirian jaio zen. "Lehen denak bat zirenez, Bielorrusia, Moldavia, Ukrainia eta abar, nire familia nahasia da: gurasoak Moldaviakoak, ni Bielorrusiakoa...". Bere senarra ere Moldaviakoa da, eta bera "urte luzez" Moldavian bizi izan zen. "Gero, Bielorrusiara itzuli nintzen". 

Gomel "hiri handia da", izen bereko eskualdeko hiriburua da, eta 500.000 biztanle inguru ditu. "Hala ere, oso goiz lekualdatu ginen Txernobyleko istripua izan zelako, eta erradiazioa zela eta, Moldaviara joan ginen bizitzera". Bertan sei edo zazpi urte bizi izan ziren, eta, ondoren,  Bielorrusiara itzuli zen, ikastera. "Gero, Moskura joan nintzen, unibertsitatean ikastera; eta, aldi berean, lan egiten nuen". Bere lehenengo alabaz, Elia, haurdun zegoela, amak Ihabarrera etortzeko esan zion: "Berak bi urte zeramatzan hemen, eta etortzeko esan zidan. Mosku haurrekin oso zaila da, are gehiago atzerritarra zarenean". Hemen "desberdina" dela esan du. "Han ikasle nintzela, askotan, poliziak paperak eskatu zizkidan. Hiru hilabeteko tartea ematen ziguten bakarrik". Ihabarrera iritsi zirenean, "desberdintasun handia" nabaritu zutela esan du.    

"Badakizu  nola bizitzan erabakiak hartu behar diren? Hau hartu  dudan hoberena izan zen"

2013ko maiatzean iritsi zen Eugenia Ihabarrera. "Badakizu bizitzan zehar erabakiak hartu behar ditugula? Hau hartu dudan erabakirik hoberena izan zen. Haurrendako, izugarria da". Oso zoriontsu direla esan du. "Lehenengo urteetan itzultzeko dudak izan genituen, gogorragoak izan  baitziren; baina, gero, bizitza honetara ohitzean, itzuli, eta dena oso desberdina da". 

Amaren urratsak jarraitu zituen Eugeniak. "Bera hemen zegoen, bere bikotekidearekin, eta hemen gelditu ginen. Pixkanaka, hamar urte pasa dira". Elia, alaba helduena, Ihabarren jaio zen, baita txikiena ere, Adele. "Beraiek ez dute beste mundu bat ezagutzen, hau da beraien bizitza. Iruñera bizitzera joango garela esan, eta ez dute nahi; hemen bizi nahi dute". 

Bistak
Etxetik atera gabe, Andiako eta Aralarko bistak ditu Eugeniaren familiak. Hala ere, "beti bista desberdinak dituzu, beti da desberdin. Goizean jaikitzen naizenean esaten dut: ea gaur zer tokatzen zaigun". Egun eguzkitsuak, egun lainotsuak... paisaia guztiz aldatzen dela esan du: "Dena aldatzen da; ez gara ezta atera behar ere". Bista horiei begira, txoko bat dute etxearen ondoan. 

"Lagunak eta herrikideak etortzen dira, eta hemen denbora pasatzea gustatzen zaigu. Barbakoak egiten ditugu, eta haurren lagunak eta klasekideak ere askotan etortzen dira; oso gustura egoten gara. Piszinatxoa ere jar daiteke...". Ihabarrera iritsi zirenean, "ez genekien non biziko ginen, baina asko gustatzen zaigu. Toki hau izugarria da. Ez dugu ezer hoberik aurkituko". 40 minututan hondartza dago; eta, elurra nahi izatekotan, mendira baino ez dela igo behar esan du Eugeniak. "Eta dena berdeberdea da; hirietan, ordea, dena grisa, zementuzkoa, da". 

Eugeniak esan duenez, hirian ezingo zutela egin txokoan egiten dutena. "Herria denez, beste bizitza bat da. Ni herriarekin gelditzen naiz. Liluratuta gaude". Hainbeste urteren ondoren herriaren erritmoa hartu du, eta ez duela aldatu nahi esan du bere herriko txokotik. 


Eugenia Artsemenkaren txokoak egunero ikuspegi desberdina du. UTZITAKOA