Astekaria

"'Notitia Vasconiae' kontsultarako lan bat da"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urr. 18a, 13:36
Juantxo Madariaga historialaria. UTZITAKOA

Juantxo Madariaga Orbea Egiarretan bizi den historian doktoreak Euskal Herriko historiako historialari, legegile eta pentsalari politikoak biltzen dituen hiztegia koordinatu eta aurkeztu du.

Juantxo Madariaga Orbea historian doktorea Egiarretan bizi da, eta urriaren 5ean Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia aurkeztu zuen Pikuxarren. Irurtzungo euskal txokoak eta Arakilgo Udalak antolatu zuten ekimena. Euskal Herriko historian zeresan izan duten pertsonaien entziklopedia lau liburukiz osatuta dago, eta Madariaga hirugarren eta laugarren tomoen koordinatzailea izan da: "Ez da liburu bat, baizik eta entziklopedia bat. Osotasunean 3.000 edo 4.000 orrialde daude; mardula da".

Zein izan da zure ibilbidea?
Historian doktorea naiz eta urte dezente Bergarako UNEDen eskolak ematen egon nintzen. Gero Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle izan nintzen, eta oraintxe, duela gutxi, jubilatu naiz. Jubilatu nintzenean hiztegia egiteko eskaintza etorri zen. Baten batek pentsatuko du: jubilatu berri da eta orain ahal duenez aurrera. Horrelako zerbait izan zen. Irailean jubilatu nintzen eta eskaintza hurrengo urteko urtarrilean etorri zen; jubilatu eta gutxira. Hasieran NUPen irakasle asoziatu bezala egon nintzen eta hogei urte baino gehiago irakasle izan nintzen. Egiarretan bizi naiz; Iruñera klaseak ematera etorri nintzenean Arakilen errotu nintzen. Kultur historian espezializatutako historialaria naiz: euskara, hizkuntza, heriotza, pentsamoldeak eta abar, eta nire espezialitatea XVIII. mendea da. Nire tesia La actitud ante la muerte izan zen. 

Zergatik koordinatu duzu? Nola iritsi zinen proiektura?
Hirugarren eta laugarren liburukiak koordinatu ditut. Hasieran zuzendaria Roldan Jimeno zen eta ni egile bat nintzen. Hirurehun bat egilek parte hartu dugu. Orduan, ni egile moduan ahots batzuen inguruan eta sarrera batzuk idazten hasi nintzen. Bertan pertsonaia, historialari, jurista edo pentsalari politikoen biografiak agertzen dira, Oihenart, Serapio Mujika eta abar luze bat. Beraz, egile moduan hasi nintzen eta Roldan oso lanpetuta dagoenez eta lan hori ondo ezin zuenez aurrera eraman, ni ordezko moduan sartu nintzen hirugarrena eta laugarrena koordinatzeko. 

Nork bultzatu du proiektua?

"Helburua Euskal Herri osoa hartzen duen liburu edo entziklpedia bat osatzea zen"

Proiektu hau fundazio batek bultzatu du: Iure Vasconiae. Euskal Herriko Unibertsitatearen proiektua zen eta fundazioa bultzatzailea izan zen: Gregorio Monreal, Roldan Jimeno eta beste ikertzaile batzuk egon dira atzean. Fundazioaren helburua zuzenbide historikoa ikertzea da. Orduan, urtero sinposio edo jardunaldi bat antolatzen du eta bertan lantzen dena publikatzen du fundazioak. Beraz, aldizkari bat publikatzen du eta, bestetik, hainbat ikerketa eta argitalpenak egiten dira, adibidez, hiztegi hau. Fundazioa duela denbora dezente hasi zen proiektu hau mugitzen. Gertatzen zena zen oso garestia zela, eta dirurik ez zegoela. Azkenean, 2008an mugitzen hasi zen eta 2016an fundazioak proiektuarekin aurrera egiteko dirulaguntza lortu zuen; Eusko Jaurlaritzak eta Petronor enpresak finantzatu dute ikerketa lan hau. 

Zein izan da prozesua?
Diseinatzeko orduan kontuan izan dugu zein pertsonaia sartu eta zeintzuk ez, eta pertsonaia bakoitzaren sarreraren tamaina. Izan ere, garrantzi desberdinak daude: demagun Tomas Meabe edo Sabino Arana pentsalari politikoak eta beste bat hain ezaguna ez dena. Hortaz, batzuk hiru orri izango dituzte eta beste batzuk bost edo sei. Hainbat adituei eskatu diegu sarrerak egitea eta topatu ditugun egileak pertsonaia horietan oso adituak dira. Lana enkargatu eta enkargua onartzen bazuten jarraipena egin behar genuen. Hirurehun bat egileen artean estilo desberdinak daude, eta hori orekatu behar genuen ere, batasun pixka bat eman. Lanak hiru bertsio ditu: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Gaztelaniazko bertsioa aurten bukatu dugu, euskaraz lehenengo publikatu dugu eta orain inprentan bigarren eta hirugarren liburukiak sartu dira, eta ingelesez lehenengoa eta bigarrena publikatzeko daude, eta laster hirugarrena sartuko da ere. 

ç
Argitaratutako liburuki eta bertsio guztiak. UTZITAKOA

Historiako zein etapa hartzen du lanak? 
Lehenengo liburukian antzinaroa, erdi aroa eta aro modernoa sartzen da. Lehenengo aipamenak erromatarrenak, bidaiarienak, militarrenak, arabiarrarenak, godoenak eta abarrenak dira. Ez ditugu bakarrik euskal historialariak edo juristak jarri, kanpotarrak Euskal Herriari buruz idatzi bazuten ere sartzen dira hiztegi honetan. Orduan, lehenengo liburukian asko eta asko kanpotarrak dira. Edozein kronista hemendik pasa zela eta Euskal Herriari buruz hitz egin zuena, sartzen da. Bigarren liburukia Frantziako Iraultzatik Foru aboliziora doa, 1876ra. Hirugarrena garai horretatik 1936ko estatu kolpera, eta laugarrena Espainiako gerra zibiletik gaur egun arte, 2022ra arte. Azkenengo tomo honetan bakarrik hilda dauden autoreak sartu ditugu, bizirik daudenak ez gara ausartu, eromena izango litzatekeelako. 

Bosgarren liburuki baterako?
Ikusiko dugu. 

Ikerketa lan handia egin duzue, ezta?

"2016an hasi zen firme proiektua martxan eta oraintxe bertan bukatu dugu"

2016an hasi zen firme eta tinko proiektua martxan eta oraintxe bertan bukatu dugu gaztelaniazko bertsioa, eta prozesuak oraindik jarraitzen du, beste bi bertsioen argitalpenarekin. Urriaren 9an euskarazko hirugarren liburua bidali nuen. 2016tik 2022ra, beraz. Lan nekeza izan da egileak topatzeko eta euren hitzak betetzeko. Batzuetan egileek atzerapenarekin bidaltzen zituzten gauzak, eta pandemiak harrapatu gintuen ere eta dena askoz zailagoa izan da. Gure konpromisoa zen urtero liburuki bat ateratzea; ez dugu lortu, baina iaia. Hor ibili gara, lan asko eta konplexua egiten. Ez da samurra izan. Batzorde zientifiko bat dago unibertsitate desberdinez osatuta: NUP, EHU, Nafarroako Unibertsitatea... Lurraldearen araberakoa izanda ere, lurralde batzuk oso kontrolatuta zeuden, eta beste batzuk zailtasun    gehiago eduki ditugu ikertzaile gutxi dagoelako, esaterako, Iparralden. Unibertsitatea ahula da, eta jendea aurkitzea kostatu zaigu. Bizkaian eta Nafarroan jende dezente dago, historialari eta jurista nahikotxo. 

Nolakoak dira liburukiak?
Lurraldeka ordenatu dugu: Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Iparralde eta kanpotarrak. Sarrera historiko bat dago irakurleari gutxi gora behera esparru kronologikoan eta lurralde horretan kokatzeko, eta gero hitzez hitz egileak agertzen dira: historialariak, juristak eta pentsalari politikoak. Biografia bat agertzen da oinarrizko datuekin: non jaio zen, non hil, zer espezialitate daukan... Testu bat agertzen da non bere obra eta garrantzia azaltzen den, eta bere argitalpen guztien zerrenda. Hasierakoetan zerrenda osoa agertzen da, erdi aroan oso gutxi publikatzen zelako, baina XX. Mendean normalean oso zabalak izaten dira zerrendak, eta normalean hautaketa bat sartzen dugu, garrantzitsuena. Bai biografiak bai iturburuak zein materialekin egin ditugun aipatzen dugu ere. Pertsonaia bakoitza hiru edo lau orrialdetan doa eta kasu oso bereziak direnean bost edo sei orrialde izan ditzakete. Garrantzi handiko pertsonaietan pittin bat gehiago. Baina, bestela, saiatu gara nahiko pareko egiten, bestela asko luzatzen zen. Kontsulta edo erreferentzia obra bat da. Ikertzaile bat bere lana egiten ari denean eta pertsonaia jakin baten inguruko lana ezagutu behar badu, hor dauka oinarrizko  erreferentzia gaurkotua. Aditu batek egindako interpretazio oso gaurkotua da. Lehen bazen Auñamendi hiztegia eta badaude beste batzuk, Naparroko hiztegia, adibidez, baina oso orokorrak dira eta zahartu dira. Guk egin nahi izan dugu gaur egungo bertsio nazional bat: intelektual, historiagile, jurista eta pentsalari politikoen  gaur egungo ikuspegi bat. 


'Notitia Vasconiae'-ren lehenengo liburukia, euskaraz. UTZITAKOA

Espero ez zenuten zerbait topatu duzue? 
Gutxi gora behera suertatu dena espero genuen. Adibidez, emakumeen presentzia oso murritza izatea espero genuen, oso gutxi agertzea, eta horrela izan da. Praktikoki XX. mendera arte ez dira emakumeak agertzen. XIX. mendean pare bat agertzen dira, baina hurrengo mendera arte ez dira gehiago agertzen. %5 inguru horretan egongo dira; oso-oso gutxi. Horrela izango zela pentsatzen genuen, eta gure aurreikuspena bete da. Gauza osooso berriak ez ditugu atera. Pentsatzen genuen zaila izango zela, eta zaila izan da. Egile fidagarriak eta obrarekin konprometituta lortzeko zailtasunak edukiko genituela pentsatzen genuen, eta horrela izan da. Espero genuen momentu batzuetan lurralde batzuk besteak baino presentzia gehiago izango zutela, eta horrela izan da. Esaterako, foruen aroan Bizkaian edo Gipuzkoan historialari edo jurista gehiago daude, eta Nafarroan garai horretan gutxiago agertzen dira. Baina adibidez XIX. mendean Nafarroan gehiago daude. Gutxi gora behera espero genuena gertatu da. 

Zergatik 'Notitiae Vasconiae'? Nondik dator?

"Oihenart lehenengo historialari nazioanalari omenaldia egin nahi genion"

Omenaldia egin nahi genion lehenengo historialari nazionanalari: Arnaut Oihenart. 1638an Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae liburua argitaratu zuen, Bi Baskonien historia, iberiarrarena eta akitaniarrarena, Euskal Herri osoari buruz hitz egiten duena. Gure helburua horixe zen, liburu edo entziklopedia nazional bat, Euskal Herri osoa hartzea, eta horregatik deitu diogu Notitia Vasconiae, Oihenarten omenez. 

Zeintzuk dira zuk landutako lanak?
XVI., XVII., eta XVIII. mendeko egile batzuei buruz idazten hasi nintzen eta hirugarren eta laugarrenarekin askoz gehiago egitea egokitu zait. Kasu askotan ezinezkoa zen ikertzaileak topatzea, eta nik egin dut. Zerrenda luze bat daukat nik egin ditudan egileekin, 50 bat: Jakes Abeberri, Nikolas Altzola Gerediaga, Odon Apraiz Buesa, Maria Elena Azurmendi, Enrique Arriaga, Martin de Anguiozar, Policarpo Zia Nabascues, Maria Comas, Albert Constantent, Michele Elizanburu, Juan Erentxun, Juan Bautista Erro, Antoni Ertze, Baltasar Etxabe (hasieretako bat da hau), Jose Etxemungia, Esteban de Gabira (XVI. mendeko garrantzitsuenetako bat), Fortunato Grandes, Miguel Herrero, Leon Iriart, Luis Martin Iribarren, Pablo Ilarregi, Jose Adriano Lizarralde, Jose Antonio Loinaz, Juan Lopez de Lazarraga, Jose Madinabeitia, Fernando Olaskoaga, Ruiz de Larrinaga, Jose Maria San Sebastian Latxaga ezizenarekin sinatzen zuena, Jose Salzibar, Modesto Sarasola, Miguel de Unamuno, Juan Urra, Luzio Urtubia, Pedro Vazquez, Joakin de Irizar eta abar. Denetarik egitea tokatu zait, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Iparralde eta kanpokoak. 

Jubilatu bai, baina erretiratu ez.
Lehen baino lan gehiago izan da, bai. Txantxetan esaten dut, baina momentu batzuetan egi hutsa izan da. Ordu pila  izan da, egunero. Baina horrela tokatzen da, eta gustura, gainera.