AHT ibilbide proiektua

EH Bilduk AHTko zundaketa eskaerak "bertan behera uzteko" deia egin du

Guaixe 2023ko urr. 18a, 14:07
Artzain Egunean zundaketen kontra egindako elkarretaratzean EH Bilduko kideak ere egon ziren. ARTXIBOA

Koalizioko ordezkariak egitasmoaren kontra azaldu dira eta "ingurumena eta bizilagunen interesak babesteko beharra" defendatu dute.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua garatzeko Sakanako hainbat udaletan eskaera aurkeztu du. Hain zuzen, Iruñea-Altsasu eta Iruñea-Beasain trazatuari dagozkion zundaketak eta azterlanak egiteko eskaera da hori, Nafarroako AHTko korridorea Euskal Yrekin lotzeko azterlanak, hain zuzen ere. Sakanako udaletan ardura duten EH Bilduko ordezkariek "zentzuz jokatzeko" deia egin diote Ministerioari, eta  "zundaketa horiek bertan behera utzi eta AHTa garatzeko itsukeriari akabera eman behar zaio". 

EH Bilduko Sakanako udal ordezkarien iritziz, "ez du zentzurik ingurumenari kaltea egingo liokeen eta inongo errentagarritasun sozialik ez duen proiektu horrekin tematzeak. Ezin da euro bat gehiago inbertitu egunetik egunera zalantza gehiago eta gure eskualdeetan aurkako jarrera gero eta zabalagoa sortzen duen azpiegitura zentzugabe batean", gaineratu dute. Era berean, adierazi dute zundaketa horiek AHTaren garapenerako pauso bat diren heinean, "EH Bilduko ordezkariok egitasmo horien kontra gaude. Horretaz aparte, gure udalerriko eta gure bizilagunen interesak babestuko ditugu, proiektu horrek Nafarroako herritar guztiendako ekarriko lituzkeen ondorioak kaltegarriak izanen direla kontuan izanik".

Horregatik, EH Bildu Sakanak berriz eskatu du "AHTren diru xahutze ikaragarri hori herritarren beharrak asetzeko bideratzea, bereziki oinarrizko eta funtsezko zerbitzu publikoak finantzatzera". Horrela, koalizio soberanistak Gobernuari eskatu dio "egungo trazadura hobetzean eta modernizatzean oinarritutako alternatibak serioski eta zentzuz lantzeko, zentzurik gabeko azpiegitura horren ordez".