Jolas parke berria Itsasperrin

Guaixe 2023ko aza. 7a, 09:00
Itsasperriko haurrendako jolas parke berria, atzean Egiarreta.

Zegoena ordezkatu eta hegoalderago kokatu du berria udalak. Egiarretan ez dago haurrendako jolas parkerik eta haurrek Itsasperrikoa erabiltzen dute jolasteko. Ermita ondoko aparkalekuen egitasmoa berraztertzen ari da Arakilgo Udala.

Duela urtebete inguru Itsasperrin mustu berri den La Ermita filmaren zati bat filmatu zuten. Lan hori egiteko Arakilgo Udalak Ermitaren mendebaldean zegoen jolas parkea kendu zuen. Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, "aurretik zegoenak ez zuen gaur egungo legedia betetzen, distantziak esaterako. Urte pila zituen eta egurrezko egituren beheko partea ustelduta zegoen. Horiengatik eta beste hainbat konturengatik, argi ikusten zen parkea berritu beharra zegoela". Udalak hura berritzea erabakitzearekin batera, kokapena ere aldatzea erabaki zuen, eta hegoalderago jarri du, Itsasperri ermita hartzen duen partzelaren hego mendebaldean dago orain. "Tokiz aldatu dugu ermitari protagonismoa emateko", azaldu du Olaberriak. 

Jolas parkea jartzeko lurra berdindu beharra zegoen, eta lan horiek udaleko lan taldeak egin ditu udan. Hondatuta zeudelako trenbidetik kendutako porlanezko trabesak baliatu dituzte ertzetan jolas parkeko lurrari eta haren zoruko hareari eusteko. Lan horiek eginda, Maderplay enpresa arduratu zen jolas parkea jartzeaz. Horrekin batera, udalak belarra erein du hegoaldean, "nahikoa eskas" zegoelako. Udalak, bestalde, komuna txukundu zuen. Lanek 14.518 euroko aurrekontua izan dute. 

Parkea jartzeko lanak despedituta daude, baina alkateak azaldu duenez, aurreikusitako lan guztiak ez daude bukatuta, eguraldi ona egin arte itxaron beharko dute. Izan ere, "dagoen desnibela baliatuta, aulki luze bat jarriko dugu. Hala, han eserita, haurrak nola jolasten diren eroso ikusteko aukera izanen da". Komunaren ondoko mahaia toki egokiagoan jartzea aztertzen ari da udala. Horretaz aparte, haren moduko beste mahai eta aulki batzuk jarriko dira, egurrezkoak. Aldi berean, partzelaren hegoaldeko mugan zuhaitzak landatuko dituzte, "ziur aski, lizarrak. Bertako barietateren bat ere pentsatu dugu jartzea", aurreratu du Olaberriak. 

Plan aldaketa 
joan zen urtean, Arakilgo Udalak proiektua landu zuen Itsasperriko eraikin erromanikoaren ingurua txukundu eta ordenatzeko asmoz. Haren baitan aurreikusia zegoen NA-7501 errepidearen bazterrean, ermitaren ekialdean aparkaleku bat egitea, eta beste bat ermitaren mendebaldean. Ibilgailuendako 30 plaza lirateke, baita bizikletendako aparkalekua ere. Lanek 150.000 euroko aurrekontua lukete. 

Aparkalekuak egiteko proiektua geldirik du Arakilgo Udalak, nola egin berraztertzen ari baita. Alkateak jakinarazi duenez, errepideez arduratzen den departamentuak ez dio erraztasunik eman Arakilgo Udalari. "Gehiegi ez ukitzeko, tokia zaindua, integratua uzteko eta koherentzia mantentzeko, baterian aparkatu eta ibilgailua atzeraka ateratzeko aparkalekua aurreikusia genuen. Egin nahi genuenak zailtasunak ditu, eta errepide arduradunek ez dituzte gauzak errazten. Haien proposamena ez da onargarria eta proiektu osoa berraztertzen ari gara". 

Erlazionatuak

Ermita protagonista

Erkuden Ruiz Barroso 2023 urr 25