"Zaintza denok behar dugu bizitzeko, bizirauteko"

Guaixe 2023ko aza. 16a, 11:00
Ioana Ijurko Risco eta Kitz Mendiola Barandalla. UTZITAKOA

Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren prestaketan buru belarri ari dira ibarreko feministak, eta, haiekin batera, hainbat eragile. Ioana Ijurko Risco eta Kitz Mendiola Barandalla mugimendu feministako kideak deialdiaren zergatia azaldu dute.

Pertsona guztiek bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidea. Hala definitzen du zaintza mugimendu feministak. Hura aldarrikatzeko, aitortzeko eta behar bezala egin dadin aldarrikatzeko grebara deitu du hileko azken egunean. 

Zer da greba feminista orokorra?
Kitz. Lehenik eta behin, esan beharra dago, lehen aldia izango dela greba feminista orokorra deitzen dela Euskal Herrian. Gainera, ohituta gaude normalean greba deialdiak edo lidergoa sindikatuek izatea, hau da, arlo produktiboak. Baina kasu honetan Euskal Herriko mugimendu feminista da grebara deitzen duena, arlo produktibotik haratago doan greba da. 

Ioana. Prozesu luze baten ondorio edo mugarri da greba hau, Denon bizitzak erdigunean mugimenduarekin hasi zena, eta bizitzak edo zaintzak erdigunean jartzea aldarrikatzen zuena. Zaintzarako eskubide unibertsala aldarrikatzen da beraz; hau da, pertsona guztiek beren bizitza osoan zehar zaintzak jasotzeko edota emateko duten eskubidea. Egungo zaintza sistemak ez du hori bermatzen, ezta zaintzaren garrantzia aitortzen, eta hortik datoz greba honen aldarrikapenak.

Zer alde dago 2018 eta 2019ko grebekin?
K. Greba hau orokorra da. Urte horietako grebak, ordu batzuetako geldialdiak izan ziren. Greba subjektua ere ezberdina zen. Emakumeak* zeuden deituak, hainbat geldialdi egitera, aurten ordea jendarte osoa dago deitua greba egitera. Ezin da ukatu greba haiek oinarria izan zirenik; kontsumo eta enplegu greba bat izateaz aparte, mahai gainean jarri baitzuten zaintza ere. Zaintza greba batera izan ginen deituak eta hor ere azaleratu nahi zen zaintzarik gabe bizitza ezinezkoa dela.

“Ezin da ukatu, 2018 eta 2019ko grebek mahai gainean jarri zuten zaintza ere”

Zergatik deitu duzue greba feminista?
I. Beno, pandemia garaian agerian geratu zen zaintza ereduaren krisia, baita saldu diguten indibidualismoaren mitoa ere, gizakion zaurgarritasuna eta interdependentzia ezkutatuz. Zaintzen krisia aurretik ere hausnartua zegoen. Pandemiaz geroztik normaltasuna berreskuratu bada ere, zaintza lana prekarizatua, ikusezina eta feminizatua dago, edo jarraitzen du. Zaintza eredua familian oinarritzen da Hego Euskal Herrian behintzat, hau da, zaintza lanak familian ematen dira eta ehuneko handi batean emakumeek zaintzen dute. 

K. Hortaz, eredu heteropatriarkala da, baina baita kapitalista eta arrazista ere. Zaintza lanak merkantilizatu egin dira, enpresa pribatuak sartu dira behar horiek asetzera, zerbitzuak pribatizatu eta lanak prekarizatuz. Bestalde, familien lanen kanpora ateratzea ere badago, eta beste emakume zaurgarriago batzuengan deskargatzen du familiak berak eutsi ezin dituen zaintza lanak. Gainera, egoera irregularrez josita daude. 

Zer da zaintza?
I. Zaintza denok behar dugu bizitzeko, bizirauteko. Amaren tripan gaudenetik hil arte. Zeinek zaintzen gaitu gaixo gaudenean? Hanka puskatzen badugu? Umeak ginenean? Egoera zaurgarrietan gaudenean? Zahartzaroan? Askotan, inguruko gure ama, ahizpa, zaintzaileen aurpegiak etorriko zaizkigu. Gehienetan emakumeak, isilpean egiten dena da maiz, baina oso beharrezkoa denontzat. Eskubide pertsonal eta kolektibo bat da. 12.500 milioi ordu egiten dira zaintzan lan ez ordaindutan urtero.

Zer da zaintza greba? 
K. Zaintza greba zaintza lanak uztea izango litzateke, egun batez. Baina, jakin badakigu, hori ezinezkoa dela. Hain zuzen, ezin ditugu zaintzak alde batera utzi, badaude zaintza batzuk eten ezin direnak. Eta hor dago grebaren balio erantsia, bizitzari eusteko zein garrantzitsuak eta ezinbestekoak diren ikusaraztea, balioa ematea eta aitortzea.

I. Arrazoiak, dena den, ez dira zaintzaren konplexutasunagatik bakarrik. Beste kasu batzuetan zaintzaileak direnak ere ezin dute grebarik egin eskubidea bermatua ez dutelako: ezkutuko ekonomiak, kontratu prekarioak… hau ere hausnartzeko gako bat da. 

“Zaintza lana prekarizatua, ikusezina eta feminizatua dago, edo jarraitzen du”

Zergatik erreparatu dio mugimendu feministak zaintzari? 
I. Zaintza pertsona guztiondako bizimodu duina eraikitzeko ezinbesteko oinarria delako. Bizi prozesu osoan behar dugu, gure gorputzean eta komunitatean. Bizi dugun sistema kapitalista, arrazista, heteropatriarkalak estrukturalki ez du hori ahalbidetzen. Ez baititu kontutan hartzen pertsonen beharrak, bizitzaren zikloak, erritmoak… Zaintza ez da gutxi batzuen pribilegioa izan behar, denon eskubidea da.

Zein helburu lortu nahi ditu mugimendu feministak zaintzaren arloan?
K. Lehen esan dugun bezala, greba feminista orokorra mugarri bat besterik ez da. Helburua, gizartea eta instituzioak interpelatzea da. Batetik, zaintza eskubide kolektibo bezala aitortzen duen eta zaintza antolamendua aldatuko duen Herri akordio bat eraiki nahi da.  

I. Hortaz, euskal zaintza sistema publiko eta komunitario bat eraikitzea dugu helburu, zaintzak demokratizatu eta zaintza lanak erantzukizun kolektibo gisa biltzen dituena, komunitatea eta arlo publikoa batuz. 

Zein dago grebara deituta?
K. Lehenago aipatu bezala, greba subjektua aldatu da. Zaintza sistema iraultzearen ardura denok zeharkatzen gaitu, denok gaude interpelatuak, gizon eta emakumeak. Esan bezala, zaintza gai transbertsala da, denon bizitzei buruz hitz egiten ari gara, guztion ardura da eta, gainera, mugimendu feministak argi utzi du zaintzen borroka ez dela bakarrik emakumeen ardura.

Gizonezkoen parte hartzea zein izango da? 
I. Berez, protagonismorik gabeko aktibismoa eskatzen zaie; subjektu aktibo lirateke, baina bigarren maila batean kokatuta. Lidergoa mugimendu feministak du, bermeak eta irizpideak jartzen dira. Mobilizazioetara deituak daude baina, esandakoa, bigarren maila batean. Eta, noski, egun horretan zaintzak beregain hartzera, eta sozializatzera hots egin diegu. 

K. Oso interesgarria da bakoitzak bere pribilegioak errebisatzea, eta egun horretan eskubideak aldarrikatzeko besteoi aukerak emateko “zer egin behar dudan?” geure buruari galdetzea. 

“Eredua heteropatriarkala da, baina baita kapitalista eta arrazista ere”

Greba antolatu beharra dago. Nola ari zarete horretan?
I. Euskal Herrian 2022ko Herri Akordio baten osatzea eman zenean, mugimendu feminista, eragile sozial eta sindikalekin elkarlanean egon gara. Komuneko ardatz batzuk badaude, eta ondoren eskualdeka antolatzen ari gara. Nafarroan, esaterako, eskualde bakoitza bere kabuz antolatzen ari da. Iruñerria alde batetik, eta Nafarroako landa eremuko eskualdeak bestetik, eta biak bat, uste dugulako hiri edo landa guneekin amankomuneko puntuak eman daitezkeela. 

K. Ibarrean, Sakanako mugimendu feministakoak gaude, talde eragile, ibarreko eta Nafarroako koordinazioan elkarlanean, eta, aldi berean, hainbat herritan asanblada mistoak egin dira; Arakilen, Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun martxan gaude. Baina helburua Sakana osora iristea da, sindikatuak ere elkarlanean  ari dira, baita ezker mugimenduko taldeak ere. 

Datuak

Egungo sistemaz

  • 12.500 milioi ordu egiten dira zaintzan lan ez ordaindutan urtero.
  • 2008tik ez dira zaintzarekin lotutako lanpostu formalak berreskuratu, asko eta asko suntsitu baitira gizarte zerbitzuetan, etxez etxeko zerbitzuan, haur eskoletan, zahar egoitzetan...

Adinduen egoitzak

  • 65 urtetik gorako 100 pertsonako 5 egoitza plaza egotea gomendatzen du Munduko Osasun Erakundeak. Hori aintzat hartuta, Hego Euskal Herrian 7.733 plaza faltako lirateke.
  • 71 egoitzetatik Nafarroan bi bakarrik dira publikoak.

Etxeko langileak

  • Askotariko profilak daude. Kontratuen % 84,3 hitzezkoa da. 
  • %25ek kontraturik gabe egiten du lana etxeko zaintzan.
  • Egoiliarrak (24 orduz etxeetan, legeak ez du atsedenaldi zehatzik ezartzen) %95-98an emakume migratu edo arrazializatuak dira, lautik bat egoera irregular administratiboan dagoena.

Garbitzaileak

  • Feminizatutako beste sektore bat da, azpikontratazioa eta prekarietatea ematen dena.
  • Kontratazio publikoetan 1.200 m2 garbitu behar dituzte. Azpikontratuetan ez dago zehaztuta eta askotan bikoitza egiten dute.

Senideen arteko zaintza ez ordaindua

  • Emakumeen %70,5ek 10 ordu baino gehiago astez (asteburuan %90).
  • Gizonek %57 eskaintzen diete senideen zaintzari (asteburuan %76).

Denboraren pobrezia

  • Emakumeek askoz denbora libre gutxiago.
  • Seme alaben zaintzan emakumeek 5,1 ordu pasatzen dituzte egunean eta gizonek 3,3 ordu.
  • Etxeko lanetan emakumeek egunean 2,2 ordu sartzen dituzte eta gizonek 1,5 ordu.