'Bullying'-a altsasuko institutuan

Manuel Otero Souto eta Cristina Madinaveitia Pozo 2023ko aza. 13a, 10:08

Beldur gara gure alabagatik: 

Gure alabak 14 urte ditu, eta 2021ean hasi zituen DBHko ikasketak Altsasuko Institutu Publikoan. Ikasturte horretan, bullying-a jasan zuen ikaskide baten aldetik, eta, hori zela eta, bere buruaz beste egiten saiatu zen labana batekin. Institutuari jakinarazi genion, eta hurrengo ikasturtean, ikasgela banatan jartzea lortu genuen. Horrela, alabaren kontrako jazarpena amaitu zen ikasgelan, baina atsedenaldian bere horretan jarraitu zuen. Horren ondorioz, gure alaba ez zen jolastokira irteten eta liburutegian geratzen zen, kanpora atera gabe.

Ikasturte honen hasieran, alaba eta ikaskidea klase berean daude berriro ere, eta ikaskideak lehengo moduan jarraitzen du, hau da, irainka, barrezka, gauzak botatzen, beste ikaskide batzuei alabari jotzeko agintzen... Nire alabak institutura joateari utzi zion, bi astez, eta 2023ko urriaren 9an institutura itzuli zen; izan ere, institutuari eta Hezkuntza Departamentuari gertatzen ari zena jakinarazi genien, eta agindu ziguten gure alaba protokolo baten bidez babestuko zutela (autobusean eta ikasgelan bananduko zituztela, eskolen artean zaintza jarriko zutela...). Hala ere, egun horretan bertan hasi zen berriro alabaren kontrako jazarpena, mutilak barre eta iseka egiten zion, gauzak burura botatzen zizkion, irteeran bere zain egoten zen, autobusean bere atzeko eserlekuan esertzen zen... 

Hori gutxi balitz bezala, bi aldiz geratu da alaba bakarrik ikasgelan eta bietan aprobetxatu du ikaskideak haren kontra aritzeko... Gauzak horrela, 2023ko urriaren 27an, alabak klasera joateari utzi zion, beldurragatik. Hainbat mezu bidali ditugu institutura eta Hezkuntza Departamentura eta ez digute erantzun, informaziorik gabe jarraitzen dugu. Laburbilduz, dena beren nahierara egin eta desegiten dute. 

Imajinatu dezakezue zer gaizki pasatzen ari garen, eta inori ez zaio axola, gaiari ihes egiten diote behin eta berriz, eta institutuetan inoiz ez da ezer jakiten zerbait larria gertatu arte. 

Herritar guztiei laguntza eskatzen diegu gure alaba babestuta sentitu eta bullying-aren beste biktima bat izan ez dadin.