Gizonezkoak greba feminista egitera deitu dituzte

Guaixe 2023ko aza. 20a, 09:56

Greba feminista bateko mobilizazioa. ARTXIBOA

Greba babesten duen idatzia prestatu dute. Hartan gizonezkoon parte hartzearen behar eta garrantzia azpimarratu dute.

Greba feminista orokorra deituta dago azaroaren 30erako. Euskal Herriko mugimendu feministak egin du deialdia eta, haren bidez, "denon bizitzak erdigunean" jartzea aldarrikatu dute. Horretarako, zaintza eredua guztiz eraldatu nahi dute, dena aldatzeko. Deialdiarekin bat egin duten hainbat gizonezkok idatzia prestatu dute, eta hari atxikimendua adierazi nahi diotenek nafarrot@gmail.com posta helbide elektronikora bidali beharko dituzte izen-abizenak.  

Gizonezko horiek bere idatzian adierazi dutenez, greba eginen dute zaintza "pertsona guztiek behar-beharrezko dugulako. Zaintzea, pertsona guztiei dagokigulako, gizonezko zein emakumezko izan". Gaineratu dutenez, greba eginen dute "zaintzak, sentsibleago, hurbilago, jakintsuago eta pertsonago egiten gaituelako". Greba eginen duten gizonezkoek nabarmendu dutenez, "parekidetasunetik kanpo kokatzen diren jarrerei aurre ez egiteak, emakumeen kontrako indarkeria eta sistema elikatzen dute. Emakumeen eskubideen defentsan, inongo bainarik gabe, kokatu nahi dugu". Ziurtatu dutenez, "feminismoak, eta beronen grebek, askeago egiten gaituzte".

Greba feminista orokorraren aldeko idatzia sustatu duten gizonezkoek nabarmendu dutenez, "eguneroko praktikaren bitartez, pribilegiatu, interesatu edota borrero izatetik urrun egon nahi dugu. Herria, komunitatea... Zaintzaren bitartez eraikitzen da, parekidetasuna eta justizia soziala oinarri izanik". Gizonezkoek ziurtatu dutenez, "ez dugu patriarkatuaren txotxongilo izan nahi, gizonezkook pertsona duin eta sanoak izateko ikasi eta lan egin nahi dugu". Eta lana uztera eta kalean egotera deitu dute, "zapaltzen ari gaituen sistema errotik aldatzeko pauso bat delako". 

Deitzaileen oharrak
Azaroaren 30eko greba deialdia egiterakoan Euskal Herriko mugimendu feministak jendartea grebarekin bat egitera deitu zuen. Hala ere, gizonezkoak “protagonismorik gabeko aktibazio batera deituta daude”. Hala, gizonezkoak ez dira grebaren erabakiguneetan egon; bai, ordea, herrietan antolatutako greba batzorde mistoetan. Horrela, “bigarren lerroan egonda subjektu aktiboak izanen dira”. Aldi berean, mugimendu feministak gizonezkoei dei egin die, alde batetik, lantokietan grebaren berri ematera, eta greba egiten dela bermatzera. Eta, bestetik, greba eguneko mobilizazioetan parte hartzera.