Etxarrengo lanak emateko deialdia egin du udalak

Guaixe 2023ko aza. 24a, 11:18
Errepidez bestaldean eginen dira lanak. ARTXIBOA

Sareak eta zoladura berrituko dira herriaren iparraldean.

Arakilgo Udalak Etxarrengo sareak eta zoladura berritzeko lanen 1. fasea emateko deialdia egin du. Obrak NA-240 errepidetik iparralderako Etxarrenen zatian eginen da, hau da, trenbide gaineko zubira arteko tartean. Hori bai bi kaletan ez da lanik eginen: Kattanburu, dagoeneko berrituta dagoelako, eta Sanitturri, hurrengo fase batean eginen delako. Guztira 4.000 metro karraturi eraginen diote lanek. 

Eginen diren lanen artean daude, alde batetik, euri urak eta ur beltzak jasoko dituzten sare bana egitea, gaur egun biak sare bakarretik baitoaz. Bestetik, ur hornidura sarea guztiz berrituko da, sektoreka banatzeko aukera ematen dute lotuneak jarriz, besteak beste. Gaur egungo ur sarean ihesak eta mantentze lanetarako arazoak daude. Kaleetako zorua porlanezkoa izanen da, V itxura duena, hala kale erdian euri urak jaso eta bideratuko dira. Kaleek 1.890 metro karratuko azalera hartuko dute. Espaloiak ere porlanezkoak izanen dira, guztira 2.070 metro karratu. Lanak baliatuko dituzte elektrizitate, argiteria publikoko eta telefono sareak berritzeko, baita gas sarea berritzeko ere. 

Obran interesa duen enpresak bere eskaintza abenduaren 1eko 23:30era arte aurkez dezake. Udalak eskaintzak aztertu eta kalitate eta prezio erlazio onena eskaintzen duenaren alde eginen du. Lanek 612.207,45 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Obra hori Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planaren barruan dago. Udalak dirulaguntza deialdira 547.807,29 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua aurkeztu zuen. Lanak hartzen dituen enpresak bost hilabete izanen ditu haiek despeditzeko.