Esklabotza Sakanan

Guaixe 2023ko aza. 28a, 11:56

Sexu eta arrazagatik lan desberdinak egiten dira, eta horrek lan merkatua baldintzatzen du. Ondorioz, nagusiki, emakumezkoak eta sakandar berriak prekarietate handiko egoerak bizi dituzte. Etxeetan zaintzen ari direnak, gehienak emakumezkoak, lan karga handiak eta laneko eskubideen urraketa bizi dituzte.

Izan zitekeen Guadalupe, Zulema, Milagros edo Eugenia. Edo dauden mordo handi horretako beste bat. Beste emakumezko bat. Atzerritarra, hegoamerikarra, ibarrean sakandarren zaintzez etxean bertan arduratzen den emakumea. Haietako bat da Lucia. Jakina, asmatutako izena da, egoera egonkortzeko paperak tramitatzen ari baita. Asmatutakoa ez dena bere bizitza da, Sakanan bizi izan duena. 

Lucia 25 urterekin etorri zen. Informatika ikasketak eginak ditu, eta sorterrian lana zuen, baina soldatak ez zion aukera ematen bera, alaba eta etxeko gastuak aurrera ateratzeko. "Honako bidea egina zuen herriko lagun bat nuen. Inguruan halako pausoa eman zuen bakarra. Nola nenbilen bazekien eta etortzeko esan zidan. Nik ez nuen alaba utzi nahi, urtea pasatxo zuen". Asko hausnartu zuen eskaintza, sorterrian zuen egoera eraman ezina zitzaion, eta etortzea erabaki zuen, "alaba aurrera ateratzeko" egin zuen. "Hemen izan dudan lana alaba eta familia aurrera ateratzeko izan da. Nire menpeko baitira nire ama, anaia txikiak eta amona". Bere lanarekin anaien irakaskuntza ordaindu du, bere sorterrian oso garestia baita. Amak eta amonak ezin dute etxetik kanpo lanik egin. Gainera, ama ilobaren zaintzaz arduratzen da. 

“Hemen izan dudan lana alaba eta familia aurrera ateratzeko izan da"

Hortxe zaintza kate globala. Iparralde aberatsean emakumezkoak lan merkatuan sartzeak ekarri du "zaintza krisia", emakumezkoak ez baitaude etxean zaintza lan horiek egiteko. Eta gure gizarte aberatsean zaintza lanen berrazterketa edo berregiturarik ez dagoenez, etxeko zaintzaren subkontratazioa dago. Eta halako zaintza egiteko prest dauden bakarrak hegoaldeko herrialdeetako emakumezkoak dira. Sorterrian egoera latza bizi duten emakumezkoen bizkar gelditzen dira herrialde aberatsetako zaintza lanak. Eta atzerritik etorritako emakumezkoen seme-alabak, aldi berean, haien familietako emakumezkoen zaintzapean gelditzen dira. Hala da Luciaren kasuan ere. Goitik beherako prekarietate katea. 

Etorrera 
Laguna Gasteizen etxe batean zaintza lanak egiten ari zen. "Hegazkin txartela erosita nuela, lanik gabe gelditu zen. Hala ere, etortzeko esan zidan, aurrera eginen genuela nola edo hala". Etorri zen eta Gasteizen zela lagunari Etxarri Aranatzen lana sortu zitzaion. Lucia Gasteizen gelditu zen, baina lagunak bi etxebizitzengatik ezin ordaindu zuenez, Sakanara bizitzera etorri zen. 

Hemengoaren beste irudi bat zuen Luciak. Baina bere lagunak aurretik argi eta garbi jakinarazia zion zein lan egin zitzakeen hona etorriz gero. "Jakin behar duzu horiei aurre egiten, zer egoera biziko dituzun", esaten zion. Alabagatik etorri zen. "Hemengo ikuspegi ideal batekin etortzen gara, oso polita, herrialdeak ateak zabaltzen dizkizu. Baina legez kanpokoa zarenean eta gure baldintzetan lan egitea tokatzen zaizunean, errealitatea bestelakoa da. Ez nuen pentsatu nolako egoera bizi behar nuen. Ez baita gauza bera entzutea eta bizitzea. Nik bizi izan dudanean badakit oso zaila dela". 

Herri txiki batekoa da Lucia eta Sakanan gustura dago. Hirietan lan egiteko aukera izan du, baina nahiago du herrian bizitzea, horretara ohituta dago. 

"Ez nuen pentsatu nolako egoera bizi behar nuen. Ez baita gauza bera entzutea eta bizitzea"

Egoera legeztatzea 
Atzerritartasun Legearekin egiten dugu topo hemen. Estatuan legezko egoeran ez dauden pertsona atzerritarrak sorterrira deportatzen dituzte. Etorri berri den pertsona baten aurreneko pausoetako bat herriren batean erroldatzea da. Bi hilabetetara osasun etxean eskaera egin behar dute osasun txartela eskuratzeko. "Zure egoera legeztatzeko eskaera egiten duzunean erakutsi behar duzu estatuan hiru urtez jarraian bizi izan zarela". Errolda agiria horren froga da. "Hiru urte horien ondoren lan kontratua izan behar duzu. Eta ez duzu zigor aurrekaririk izan behar ez sorterrian ez hemen. Eskabidea aurkezten denetik erantzuna jaso arte zazpi edo zortzi hilabete pasatzen dira", azaldu du Luciak. 

Eta hiru urte pasatxo horietan lege linbo batean bizi beharra dute. "Arazoen beldur, jende askori beldurra ematen dio legezko egoeran ez dagoen pertsona bati etxea alokatzea. Luze bilatu behar izan dugu, baina badira pertsona onak, non bizi eman digutenak". Eta lege zulo beltz horrek esplotaziorako baldintza egokiak sortzen ditu; besteen premiez baliatu lan baldintza eskasak ezartzeko. Berdin da generoa edo sektorea. Eta zaintza sektorean, eta Sakanan, gertatzen da. "Hiru urte horietan legez kanpo lan egin behar duzu: zaintzan, garbitzen..." Lucia adineko pertsonak zaintzen aritu da etorri zenez geroztik. 

Paperak berriki lortu ditu Luciak. "Urte baterako erresidentzia baimena eman zidaten, eta hura berritu beharra dago". Aurrenekoa urte baterako da, bigarrena bi urterako. Azken hori lortzeko tramiteak egiten ari da. Bere hurrengo pausoa eta asmoa naziotasuna lortzea da. "Horretarako egokia naizen jakin dezaten azterketa egin beharra dut". 

"Hiru urte horietan legez kanpo lan egin behar duzu: zaintzan, garbitzen..."

Erresidentzia baimena izanda, edozein arlotan lan egin dezake Luciak, "beti ere, lan hori eman nahi badidate", zehaztu du. Informatikoa bada ere, bere sorterriko ikasketak ez dira baliokoak hemen. "Hego Amerikako beste herrialde batzuetako gida baimena eta ikasketa baliozkotu egiten dituzte, nire herrialdekoak ez. Askotan galdetu dut, eta ez; ikasi beharra dudala esan didate. Eta horretarako egonkortasun ekonomikorik eta dirurik ez dut", argitu du Luciak. 

Laneratzea 
Lagunak argi esan zion "paperik ez duzun bitartean hau besterik ez dago, zaintza edo garbiketa". Iritsi eta hogei egun eman zituen lanik gabe. "Lagunaren lagunen bidez etxeko langile baten premia zuen Altsasuko familia baten berri izan nuen. Jendeak zaintzailea bilatzen duenean da adinekoak laguntza behar duelako edo osasun arazoak dituelako"”. 

Lagunaren bidez familiarekin harremanetan jarri zen. Elkarrizketa egin zioten. Besteak beste jatekoak prestatzen bazekien galdetu zioten. Botikak nola eman erakutsi eta gai zen ikusteko aste bateko probaldia egin zioten. Luciak azaldu duenez, "adinekoak zaintzen sekula ez nuen lanik egin sorterrian. Fardelak aldatzen banekien, aitonari aldatzen bainizkion, baina desberdina da". 

Adinekoen zaintza lanak oso bereziak direla esan du Luciak. Jatekoak prestatzen, medikazioa ematen eta bestelakoak ikasi behar izan zituen. "Jakiak hemen nola prestatzen diren, lagunak erakutsi zidan, pureak eta beste. Adinekoekin zerikusia duen guztia berak erakutsi zidan". Adineko pertsonak mugitzeko teknikak bere kabuz ikasi behar izan zituen. 

"Ezin nuen berarekin eta negarrari eman nion. Jarraitu beharra nuela jakin nuen"

Lucia etxera lanera joan zen aurreneko egunean adineko pertsonarekin bakarrik utzi zuten, Alzheimer gaixoa. "Aurretik beste zaintzaile bat izan zuen adineko pertsona agresiboa zen. Aurreneko gaua oso zaila izan zen. Ezin nuen berarekin eta negarrari eman nion. Jarraitu beharra nuela jakin nuen, oheratu nuen eta kitto". Ez zuen paperik. 

Lan baldintzak 
Probaldia gainditu zuen Luciak eta zaindutako pertsona hil zen arte haren zaintzailea izan zen. Ia lau urtez etxe barruan lan egin zuen. Zaindua eta zaintzailea, biak bakarrik bizi ziren etxean. "Astelehenetik igandera lan egiten nuen, hilean bi asteburu libre nituen. Libratzen nuen asteburuetan larunbatean 12:00etan atera eta igandean 20:00etan bueltatzen nintzen lanera. Egunero atseden pixka bat hartzeko ordu batzuk ere ez zizkidaten eman". Atseden hartzea ere zaila zitzaion: "libratzen nuen asteburuetan senideek eskatuz gero, lehenago bueltatu beharra nuen. Edo kendu egiten zidaten. Oso lan zaila izan zen", laburbildu du. 

Matematikak ikuspegi argia ematen dute: 30 eguneko hilabete batek 720 ordu ditu. Luciak horietatik 64 besterik ez zituen atsedenerako. Hilabetean 656 ordu lan egiten zuen etxe barruan, bataz beste 164 ordu astean. 40 orduko lan astea duen langile batek 160 ordu sartzen ditu hilabetean. Langile horren hilabeteko lan orduak aste bakarrean egiten zituen Luciak.

Kontakizunarekin segitu du: "lo nengoela zaindutako pertsonak deitzen baninduen, joan beharra nuen. Baziren lo egin ezinik gelditzen zen gauak, zaindutakoa ohetik altxatzen zelako, sofan eseri eta ohera joan nahi ez zuelako. Eta hura zaintzen gelditu behar nuen, min har ez zezan. Eta hurrengo egunean, beharko eta, esna egon behar, zaintzarekin segitzeko". 

Luciaren ardura zen gaztigatzea botikak bukatu zirela. Senideek eramaten zizkioten. "Gaixotuz gero, ezohikoak zirenak gertatu edo agresibo jarri eta ezin kontrolatu egonez gero, hots egin eta jakinarazten nien. Batzuetan botika emateko esaten zidaten, beste batzuetan etxera joaten ziren, beste batzuetan ez. Iritsi zen une bat agresibo jartzen zenean ez niela hots egiten, bakarrik kontrolatzen saiatzen nintzen, apika garaiz ez zirelako iritsiko, edo iristen zirenerako lasai zegoelako". Senideak ez deitzera ikasi zuela azaldu du Luciak: "ez badira agertzen zertarako hots egin. Zuk kontrolatzen ikasi behar duzu". 

"Nengoen baldintzetan 900 euro baino gutxiago ordaintzen zidaten. Baina premiak lan horiei heltzera behartzen zaitu batzuetan"

Legezko egoeran ez zegoenez, ez zuen kontraturik. "Ez zuten ordaindu beharrekoa ordaintzen. Ez dut soldata handi bat eskatzen, baina nengoen baldintzetan 900 euro baino gutxiago ordaintzen zidaten. Baina premiak lan horiei heltzera behartzen zaitu batzuetan". 

Harremana
Zaindutakoarekin bakarrik ordu asko pasatzen dituzte zaintzaileek. "Hasiera zaila izan bazen ere, maitasun handia hartu nion. Azkenean, pertsonak zurekin bizitzera ohitzen dira, lasaitzen doaz. Eta maitasun horregatik etxe horretan lanean segitzen duzu". Atxikimendu horretaz ere baliatzen dira. 

Baina familiarekin ere badute harremana zaintzaileek. Adinekoaren senideek bisita motzak egiten zituzten, haren egoeraz galdetu, etxea garbi zegoela ikusi eta gutxi gehiago. Luciak libre zuen asteburuetan haren ardura hartzen zuten. Bestelako deiak ere jasotzen zituen: "ez dago ongi. Ezin dugu berarekin. Zu deitzen zaitu. Etorri mesedez. Ez zuen haiekin egon nahi nirekin eguneko 24 orduak pasatzen zituelako, hamabostean behin ni besterik ez ninduen ikusten. Nik altxatzen nuen, nik ematen nion gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen, elkarrekin ikusten genuen telebista. Familia joaten zenean eta ni ez nengoenean, zainduarendako nahasmena zen". 

Halako deiak jasotzen zituenean, Luciak joan beharra zuen, nahiz eta lagunekin egon. "Iritsi zen une bat asteburuetan ez nintzela etxetik ateratzen, asteburua sofan ematen nuela, 'Edozein unetan hots egin nazakete' pentsatzen nuen. Esaterako, Donostiara egun pasa joanen banintz eta hots eginen balidate ezin iritsi ibiliko nintzateke. Lanik gabe uztearen beldur nintzen, eta, horregatik, guztiari bai esaten nion". Gainera, beste herri batean bizi zenez, eta garraio publikoa dena denez, askotan bere poltsikotik pagatu behar izan zuen taxia. Gaineratu duenez, "batzuetan familia oso txarrak tokatzen zaizkizu". 

Etxera lanera sartu zenean argi zuen zaindutakoa hil eginen zela edo kaleratu eginen zutela. Luciaren kasuan hil egin zen. "Oso zaila izan zen", aitortu du. "Hil zen egunean bertan kaleratu ninduten. Hilabete hartan lan egin nuenari zegokion soldata ordaindu zidaten bakarrik, ez kitatzerik ez ezer". 

"Haren erreferentzia bilakatu naiz. Ni ikusi eta nirekin nahi du bakarrik"

Bigarrena
Lanik gabe gelditu zen. "Paperik ez duzunean lana opatzea asko kostatzen da. Neure burua etxe barruan lan egiteko edo garbiketak egiteko eskainiz hainbat herritan paperak itsatsi nituen. Zaintzan ari direnei jakinarazi nien lanik gabe gelditu nintzela, eta bakarren baten berri balute jakinarazteko eskatu nien. Zure beharra duen norbait sortzen den arte". Gaineratu duenez, "garai hartan erresidentzia txartela eskuratzeko bidean nengoen, eta ezin nuen lanik egin". Asko kosta zitzaion lana opatzea, bi hilabete eman zituen horrela. "Ipar Amerikan bizi den senide batek dirua bidali zidan pisua eta jatekoa ordaindu ahal izateko, hemen lagunduko ninduenik ez bainuen". 

Atzera ere, Lucia Alzheimer gaitza duen pertsona bat zaintzen ari da etxe batean, biak bakarrik berriro ere. Etxeko lan guztiak egin behar ditu. "Pertsona honek nire erabateko beharra du. Haren erreferentzia bilakatu naiz. Ni ikusi eta nirekin nahi du bakarrik. Ni, ni eta ni, gainontzekoekin ezer ez". Oraingoan ere 24 orduko lanaldiak ditu. Egunean zehar atseden orduak ditu, "baina nire beharra badute, han egon behar dut". Eta hilabetean asteburu bakarra libratzen du, ostiral goizetik igande gauera du. Orduan ateratzen da bakarrik etxetik. “Baina ez didate hots egiten”. Aurreko lanean bezala, etxean berarendako logela bat du Luciak. 

Bigarren kontratatzaileak lagundu zion paperak lortzen. Baina erantzuna jaso bitartean, lana hartzera behartuta zegoen. Oraingo honetan kontratua eta nominak ditu, gizarte segurantzan kotizatzen ari da. "Paperak izanda ere 900 euro baino gutxiago ordaintzen didate. Ordukako kontratua egin didate. Lan egiten ditudan orduak kalkulatzen dituzte etxekoek, eta horren arabera ordaintzen didate. Ez da lan egiten dudan kopuru erreala. Ez dituzte gaueko orduak ezta asteburukoak kontuan hartzen. Dagoena da". Kontratua duenez, zaindutakoa hilez gero kitatzerako eta langabeziarako eskubidea luke Luciak. 

"Paperik ez nuenez, ezin zidan laneko bajarik eman. Atseden hartzeko aholkatu zidan medikuak"

Gaixotasuna, eta elikadura 
Zaintzaileak ere gaixotzen dira. Lan hartan bizpahirutan gaixotu zen. Haietako batean asko. Garbitzen ari zela erorikoa izan zuen, zerbait hautsi zuela pentsatu zuen eta ibiltzeko arazo handiak izan zituen. "Osasun txartela ikustean ea lanean nengoen galdetu zidan, eta baietz esan nion. Baina paperik ez nuenez, ezin zidan laneko bajarik eman. Atseden hartzeko aholkatu zidan medikuak". Senideek ez zioten sendatzeko epe hori eman. "Ahal izan nuen moduan moldatu behar izan nuen". Gaixotu zen bakoitzean zaindutakoaren ondoan, lanean segitu behar izan zuen. 

Soldata txikia, joan-etorriak, elikadura eta etxebizitza gastuak, familiari bidaltzen dion dirua: "iritsi zen egun bat negarrari eman niola, ezin nuen arnasarik ere hartu. Orain egoera bera bizi dut. Baina ezin dut beste sektoreren batean lanik egin", nabarmendu du etsita. 

Luciak lan egin duen bi etxeetan bere jatekoa erosi behar izan du. "Etxekoek erosketak egin eta senideari elikagaiak ekartzen dizkiote. Niretako ez, nire jatekoak nik erosi beharra ditut. Nire gauza pertsonalak, nireak dira. Ados. Baina etxean langile bat baduzu, iruditzen zait elikatu beharra ere baduzula". 

"Zure lan sektoreko jendea besterik ez duzu ezagutzen"

Erlazioak
Bera bezala etxe batean lanean ari den lagun bakarra du Luciak. "Lan baldintza horietan herriko jendea ezagutzea ezinezkoa da. Erosketak ere egiten ez ditudanez, ez dut ezta dendaria ezagutzen. Eta ezagutuz gero zure gauzak egiteko baliatzen duzun tarte horretan izan daiteke. Baina zure lan sektoreko jendea besterik ez duzu ezagutzen". Libratzen duen ordu edo egunetan, erosketak egitera ateratzen da bakarrik. 

Hirietan zaintzan ari direnen eskubideak aldarrikatzeko elkarteak sortu dira. Zaintzaile batzuek zuzenean sindikatuetara jo dute. Sakanara "halako informaziorik ez zaigu iritsi". Nabarmendu duenez, "Sakanan asko gara. Gaur egun lan egiten ari naizen herrian 30 zaintzaile baino gehiago daude, denak Hego Amerikakoak". Denak Luciak kontatutakoen antzeko bizi baldintzak dituzte. "Batzuek askoz ere okerragoak. Kide batek esaten zuen ezin zuela gehiago. Guk etxetik alde egiteko aholkatu genion. Mila euroren truke oso gaixo zeuden bi pertsona zaintzen ari zen. Ezin zuen ezta asteburu bat bera ere libratu. Eta libratzen bazuen, bere soldatatik bere ordezkoa ordaindu beharra zuen. Bost urte eman zituen baldintza horietan. Ezin zuen gehiago. Eta nagusiek ezer esan ez ziezaioten, libre utz zezaten, badaezpada, esan zien sorterrira bueltatzen zela. Beste erkidego batean dago lanean". 

"Adineko pertsonak zaintzen ari gara, badakigu nola egiten den. Baina ikastaro hori gabe, ez dago lanik"

Prestakuntza 
Luciari hasieran ez bezala, gaur egun etxeetan lan egin nahi dutenei prestakuntza ikastaro bat egina izatea eskatzen diete askotan: "Lan bila zaudela, telefonoz galdetzen dizuten aurreneko gauza da ikastaroa egina duzun. Ulergarria da ikastaroa eskatzea. Paper horrek esaten du zaintzaile gisa prestatu zaituztela". Baina nabarmendu duenez, "ikastaroko titulurik ez dugu. Ikastaroa egiteko denbora behar duzu eta etxe barruan lan egiten dugun zaintzaileek ez dugu. Ezinezkoa da, ez dizute hiruzpalau ordu emanen horretarako", azpimarratu du. Gaineratu duenez, "adineko pertsonak zaintzen ari gara, badakigu nola egiten den. Baina ikastaro hori gabe, ez dago lanik. Hori gertatzen ari da, askotan".  

Doako ikastaroak dira, eta hiriburuetan egiten dira normalean. Altsasun bitan egin dute. "Baina nire lanagatik ezin izan ditut egin, eta haiek egiteko aukera galdu nuen". Ez daki ikastaroak online egiteko aukera dagoen. Luciak zaintza sektorean dabiltzan hainbat emakumerekin alderatuta abantaila du: ikasia da, ikastea zer den badaki eta gaztea da. Adinekoei ikastea gehiago kostatzen zaiela azaldu du. "Nirekin bizi izan zen kide bat orain Gipuzkoan ari da lanean. Esaten du berak adinagatik ezin duela ikastaroa egin. 'Badakizu letretarako oso astoa naizela', esaten dit. Egin beharra duela esaten diot: 'ikastaroan ez izan beldurrik, ulertzen ez duzun edozer gauza, galdetu'. Lan asko galdu ditu dagoeneko ikastaroa egina ez izateagatik". Telefono bidezko harremana dute, biek etxe barruan lan egiten baitute.

"Nire gorputza eta izpiritua hemen daude, baina nire arima alabak du"

Familia harremana 
Laguna Luciaren babesa izan zen, baina hura duela lau urte bueltatu zen sorterrira. Orain bakarrik dago. Pisu kidea du lagun bakarra, besterik ez. Lagunak Luciaren senideei "hemengo egia kontatu zien. Ni ez presionatzeko eskatu zien senideei: nahikoa badu berak han". Anaia txikiendako erreferentea bihurtu da Lucia, bere ahaleginagatik. "Dirua ez dudanean argi esaten diet ez dudala”. Batzuetan "ezin dut gehiago" esaten dio Luciak bere buruari. Depresioa. Eta segituan datorkion pentsamendua da: "nire beharra duten pertsonak daude, jarraitu beharra dut". Halakoetan, anaietan zaharrenak esaten dio bere onera bueltatzeko: "gu hemen ongi egon ahal izateko ahal duzun guztia egiten ari zara". 

Alabarekin harremana bideo deien bidez mantentzen du. "Bi herrialdeen artean ordu alde handia dago eta klasetik ateratzen denean hizketatzen gara. Oso altu dago, utzi nuen umearekin ez du zerikusirik". Behin bueltatu da sorterrira, "familia eta alaba ikustera joan nintzen. Oso-oso ongi egon nintzen, topaketa ederra izan zen. Ahal izan nuen denbora gehien alabarekin partekatu nuen". Gaineratu duenez, "hemen zaudela ez duzu uste, baina hainbeste urteren ondoren familia eta alaba ikustea gerta dakizukeen gauzarik ederrenetakoa da. Niretako esperientzia onena izan da. Oso txiki zela utzi nuen, eta, atzera ere, ikusi nuenean poz handia izan zen". 

Bueltatu beharra zuen eta bestelako sentimenduak ere bizi behar izan zituen. "Berriro ere utzi beharra. Zu etorrita ere, zure bihotza sorterrian gelditzen da. Nire gorputza eta izpiritua hemen daude, baina nire arima alabak du". Galdu duenaren oso jakitun da: "haren aurreneko hitzak, aurreneko pausoak, lehen eskola eguna... Hemen zaudela izugarri galtzen duzu". 

Etorkizunaz
Luciaren ametsa da alaba hona ekartzea, elkarrekin bizitzeko. “Txikia dela egokitu daiteke. Informatu naiz eta ikastetxeetan onartuko lukete. Ekarri eta ahal nukeen guztia emanen nioke". Ez du sorterrira bueltatu eta alabari han ikasketak ordaindu nahi: “hezkuntza oso garestia da nire herrialdean". 

Naziotasuna lortzeko azterketa egin beharko du, eta ikasi. Horretan Gurutze Gorriko gizarte laguntzaileek laguntzen diete."Haiek naziotasuna lortu arteko prozesu guztiaren berri ematen digute. Azterketa tokira joaten laguntzen digute". Helburu hori lortu ondoren aldaketa egon litekeela uste du Luciak. "Erresidentzia baimenarekin baldintzak hobe ditzakezula pentsatzen duzu, beti ere, dagokizuna ordaintzen dizun lantoki bat opatzen baduzu". 

Bitartean, mugimendu feministak azaroaren 30erako deitutako grebaz galdetuta, ez daki horretarako aukera izanen duen ere.