Eskribarena etxea birgaitzeko proiektuen lehiaketa

Guaixe 2023ko abe. 11a, 11:33

Ihabarren dagoen etxean bost etxebizitza eraiki nahi ditu Arakilgo Udalak. Eginen diren etxebizitzak alokairura bideratuko ditu udalak.

Jakinik, Arakil despopulazio arriskuan dagoela eta bertan biztanleria finkatzeko asmoz, Arakilgo Udalak Ihabarko Eskribarena etxea birgaitu eta bertan bost etxebizitza egiteko asmoa du. Hori nola egin zehazteko, udalak Ihabarreko Eskribarena etxea birgaitzeko proiektuen lehiaketa antolatu du. Jasotako proiektuak udalak izendatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta hiru sari banatuko ditu: 3.000 euro aurrenekoarendako, 2.000 euro bigarrenarendako eta 1.000 hirugarrenarendako. Irabazleak errendimendu hobetze dokumentua, zaharberritze proiektua egin eta obrak zuzendu beharko ditu. Horien guztien truke, saria barne, 78.679,57 euro (BEZ barne) jasoko ditu. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 22ko 23:30era arte dago zabalik.  

Eskribarena 
San Esteban kalearen 3. zenbakian dago etxea. 1800eko eraikin tradizionala da, beheko solairua, lehen solairua eta ganboikoa ditu. 344 metro karratuko planta du. Eta aldamenean 12 metro karratuko eraikin bat du. 

Etxea zaharberritzeko Udalak 812.805,62 euro aurreikusi ditu. Lanei aurre egiteko udalak Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontutik 300.000 euro jasoko ditu, helburu horrekin EH Bilduren zuzenketa bat onartua izan baitzen.