Sarek Bilboko manifestazioan parte hartzera deitu du

Guaixe 2024ko urt. 9a, 09:31
Arbizutik ere Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. SARE

“Elkarbizitzaren eta konponbidearen alde bidea egiten jarrai dezagun; bizikidetza eraikitzeko bidean, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ahalbidetu dadin”. Ilbeltzaren 13an, larunbatarekin, 16:00etan La Casillatik abiatuko da.

Sarek euskal gizarte osoari dei egin dio ilbeltzaren 13an Konponbiderako giltzak leloa duen manifestazioan parte hartzeko. Haren bidez “bizikidetza eraikitzeko bidean, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ahalbidetu dadin”. Horretarako, “legeria arrunta aplikatuz euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien etxera itzultzeko bidea zabaldu eta ahalbideratu behar da, eta bide hori bateragarria da indarkerien biktima guztiak erabat errespetatzearekin, haien mina onartzearekin eta eragindako kaltea konpontzeko beharrarekin”, adierazi dute Sareko kideek. Deialdiarekin bat egin zuten abenduko azken egunean makina bat sakandarrek ere. Izan ere, hainbat herrietan manifestazioko lelo bera zuten elkarretaratzeak egin ziren. 

Manifestazioaren aurretik, Bilbon kale animazioa antolatu du Sarek. 12:00etan Zazpi Kaleetan eta Bilbin gaiteroak, trikitilariak, txistulariak, zanpantzarrak eta beste izanen dira. 13:15ean Someratik hasita Ostikada Elektrotxarangaren ibilbidea abiatuko da. Bestetik, Erronda kaleko Akerrenea lonjan ogitartekoak, txosna eta giro aparta izanen dela gaztigatu du. 



Bilbora autobusez joateko

  • Irurtzun
    Irteera: 14:00etan
    Izena emateko: Pikuxar eta Iratxo.

  • Lakuntza
    Irteera 14:00etan
    Izen emateko: Apur (Ogi Berri)

  • Arbizu
    Irteera: 14:05ean
    Izena emateko: Kiroldegiko tabernan eta Argi Bidea elkartean
  • Etxarri Aranatz
    Irteera: 14:00etan
    Txartelak: Xapatero eta Leku Ona tabernetan eta Kaxeta Liburudenda (12 €).

  • Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Ziordia
    Irteera: 14:00etan
    Izena emateko: Bakaikuko elkartea, Iturmendiko Aitzkozar elkartea, Urdiaingo Kaluxa eta Ziordia Anixeta taberna.

  • Altsasu
    Irteera: 14:00etan
    Izena emateko: Biltoki eta Lezea tabernetan.