Pilota

Zabaleta bai, Altuna ez

Maider Betelu Ganboa 2024ko ots. 2a, 10:49
Zabaletak eta Etxeberriak partida oso garrantzitsua dute aurretik.

Zabaletak eta Altunak bart, otsailaren 1ean, erabaki zuten Binakako hamabigarren jardunaldia jokatzeko moduan dauden. Zabaleta gaur, otsailak 2, jokatzeko prest dago, baina Altunak ezingo du otsailaren 4ko hitzordu garrantzitsua jokatu. Ezkurdiak eta Tolosak hiru final dituzte aurretik

Binakako Txapelketako hamaika jardunaldi jokatu dira, eta sailkapena estu-estu dago. Jakak eta Mariezkurrenak finalerdietarako txartel zuzena lortu dute (9 puntu), eta beste txartel zuzena nork lortuko duen erabakitzeko dago. Etxeberria-Zabaletak eta Artola-Imazek zazpina puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk, Altuna III.a-Martijak eta Elordi-Rezustak bosna puntu, eta Ezkurdia-Tolosak eta Laso-Arangurenek hiruna puntu. Beraz, geratzen diren hiru jardunaldiak tentsio handikoak izango dira, asko baitago jokoan. 

Egoera korapilotsu honetan Zabaleta eta Altuna min hartuta egoteak Asperen Binakakoa maldan gora jarri du, eta Eibarko enpresan alarmak piztu dira. Zabaletak eskuin izterrean ziztada nabaritu zuen Labriten, eta oinazeekin jokatu behar izan zuen. Peio Etxeberriarekin batera, Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra 22 eta 10 galdu zuten. Eskuineko izterreko koadrizepsean gainkarga du, baina atzo, otsailaren 1ean, jokatzeko moduan dagoela azaldu zuen. Gaur, otsailak 2, Laso eta Aranguren ordezkatuko duen Urrutikoetxearen kontra jokatuko du Aspeko bikoak. 

Altunak zain bat du lehertuta ezker eskuinean. Martijarekin Lasoren eta Urrutikoetxearen kontra jokatutako partida gogorrean pilota bat eskura sartu zitzaionean gertatu zitzaion, eta hala ere, bukaerara arte eutsi zuen, 20 eta 22 galduz. Igandean, Atano III.ean, Jaka eta Mariezkurrenaren kontra jokatzekoak ziren Altuna eta Martija, baina Altunak ezingo duela jokatu azaldu du. Zabalak ordezkatuko du. Azken unean jakinago da Mariezkurrena kantxetara bueltatzeko moduan dagoen edo Eskirozek ordezkatuko duen. 

"Oso zaila" dute
Ezkurdiak eta Tolosak Peña II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute larunbatean Labriten. Igandean Artolaren eta Imazen kontra 11-22 galdu eta gero, play-offetara sailkatzeko ia aukerarik gabe daude. Geratzen diren hiru jardunaldietan garaipena lortu beharko lukete, eta euren arerio zuzenak galdu. Tolosan "gaizki" zeudela aitortu zuen arbizuarrak. "Zenbaki txarrak ditugu, egia esan. Momentuz ez da nahi bezalako txapelketa atera, ez ditugu gauzak nahi bezala egin, eta buelta eman behar. Matematikoki play-offeten sartzeko aukera badago, baina oso zaila dugu. Hiru partidak irabazi beharko genituzke, gure arerioek galdu... egunez egun ikusiko dugu. Ea sentsazio onekin bukatzen dugun txapelketa, ahalik eta hobekien. Ilusio hori dugu behintzat. 

B Seriean Salaberria eta Arbizu oso estu
Binakako B Seriean Iker Salaberriak eta Aaron Arbizuk 3 punturekin jarraitzen dute. Larunbatean, Labriten, Zubizarretaren ordez ariko den Joanes Bakaikoa eta Ugartemendia izango dituzte aurkari.