Pilota

Bizirik daude

Guaixe 2024ko ots. 5a, 11:25
Ezkurdiak eta Tolosak hil ala biziko partida irabazi zuten. EITB

Ezkurdiak eta Tolosak garaipen garrantzitsua lortu zuten, amesten jarraitzea ahalbideratzen diena. Etxeberria-Zabaletak zortzigarren puntua lortu zuten, eta Altuna ordezkatu zuen Zabalak eta Martijak seigarrena eta play-offetarako txartela.

Binakakoa ez da arazo kardiakoak dituzten zaleendako txapelketa egokia. Ongi zegoena kaxkartzen hasten da, gaizki hasi zenak gora egiten du... astero badago zerbait. Eta, eskerrak, bukaerara arteko emozio horrek egiten duelako berezi txapelketa. Binakako hamaikagarren jardunaldian pilotari sakandarrek euren partida guztiak galdu zituzten. Aldiz, hamabigarrenean fin-fin ibili dira eta hirurek garaipena lortu dute, txapelketari gatza eta piperra jarriaz. 

Otsailaren 2an Amorebieta-Zornotzan jokatutako partidan Peio Etxeberriak eta Zabaletak 14 eta 22 irabazi zieten Lasori eta Aranguren ordezkatu zuen Urrutikoetxeari. Izterreko gainkarga arazoak gaindituta eta aurreko jardunaldiko arazoak ahaztuta, bikain jokatu zuten Jose Javier Zabaletak eta Peio Etxeberriak. Lasok eta Urrutikoetxeak partida erdira arte eutsi zuten, baina hortik aurrera behera egin zuten Zabaleta sendo eta dominatzailearen aurrean eta konfiantza alde zuen Etxeberria zorrotzaren aurrean. 

Otsailaren 3an, Labriten, hil ala biziko partida zuten Ezkurdiak eta Tolosak Peña II.aren eta Albisuren kontra. Hasieran bi bikoteak parez pare ibili ziren, ez zen inor nabarmentzen. Baina zazpinako berdinketaren ondoren Ezkurdiak eta Tolosak 11 eta 2ko aldeko partziala lortu zuten, tartean Tolosak errebotera bidalitako bi tantori esker, eta alde handia atera zuten. Ezkurdiak eta Tolosak bere mailarik onena eman zuten, eta 22 eta 13 hartu zituzten mendean ohi baino akats gehiago egin zituzten Peña eta Albisu. Ezkurdiak eta Tolosak bizirik diraute.

Azkenik, otsailaren 4an, beteta zegoen Atano III.ean, Altuna ordezkatu zuen Zabalak eta Martijak garaipen oso garrantzitsua lortu zuten Jaka eta Mariezkurrena ordezkatu zuen Eskiroz liderren aurrean. Julen Martija ikusgarri aritu zen, partida goitik behera aginduz eta pilotakada ikusgarriak joz. Bere partidarik onenetakoa izan zen. Bestalde, Zabalak oso ongi ordezkatu zuen Altuna, Martijaren esanak ezin hobe beteaz. Jaka eta Eskiroz ezinean aritu ziren. Nahiz eta faborito ez izan, Zabala eta Martija  gailendu ziren hasieratik, eta 10 eta 22 irabazita, urrezko puntua lortu zuten, seigarrena. Martija partidako onena izan zen, baina Etxeberrikoak Javier Zabalaren lana goraipatu zuen. “Javik ere asko jokatu du, pilota asko kendu dizkit eta sekulako erritmoa jartzen du. Gustura jokatu dut berarekin. Hasierako ligaxka bukatzeko bi partida geratzen dira, eta sentsazioak oso onak dira” nabarmendu zuen partida bukaeran. 

Sailkapena
Sailkapenari dagokionez, bi jardunaldiren faltan Jakak eta Mariezkurrena II.ak 9 puntu dituzte eta finalerdietarako txartel zuzena lortu dute. Etxeberria-Zabaletak eta Artola-Imazek zortzina puntu dituzte eta ziurrenik euren artean erabakiko da finalerdietako bigarren txartel zuzena nork lortzen duen, geratzen diren bi jardunaldietan estropezu egin eta atzean dituzten Altuna-Martijak ez badituzte harrapatzen (6 puntu). Altunak eta Martijak 3. eta 6. postuen arteko play-offetako txartela ziurtatu dute. Peña II.a-Albisu eta Elordi-Rezustak bosna puntu dituzte, eta Ezkurdia-Tolosak 4 puntu. Oraindik play-offetan sailkatzeko aukera dute. Bukatzeko, Laso- Aranguren (3 puntu) aukerarik gabe geratu dira. 

Hamahirugarrena
Hamahirugarren jardunaldia ate joka dago. Otsailaren 10ean, Bilbon, Peio Etxeberriak eta Zabaletak Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari. Egun berean, Labriten, Altuna III.ak eta Martijak Artolaren eta Imazen kontra jokatuko dute. Otsailaren 11n, igandea, Tafallan, Ezkurdiak eta Tolosak Laso eta Aranguren dituzte arerio. Eta jardunaldia ixten duen partidan, otsailaren 12an, Elordik eta Rezustak Jaka eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute.