Telmo Zulaika

"Langileriak bere biziraupenerako beharrezkoa du ongizate unibertsala"

Guaixe 2024ko ots. 15a, 13:02
Telmo Zulaika Perez.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialista alderdia abenduaren 16an aurkeztu zuten. EHKSko kide Telmo Zulaika Perezek orain arteko bideaz eta alderdiaren ingurukoak azaldu ditu.

Mugimendu sozialistak ibarrean Kontseilu Sozialista, Gazte Koordinadora Sozialista, Itaia eta Ikasle Abertzaleak daude. Mugimendu berak Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) eratzeko pausoa eman du. Alderdia, proposamen politikoa eta dokumentazio ideologikoaren Sakanako aurkezpena abenduaren 29an izan zen. 

Zein da mugimenduaren jatorria? 
Gaur egun krisi kapitalista testuinguru batean gaude eta, batetik, bizi baldintzen okertze nabari bat dago. Bestalde, alderdi sozialdemokratak krisian daude, eta ez dute gaitasunik planteatzen dituzten politikak gauzatzeko edo ongizate unibertsala gauzatzeko. Alde batetik hori. Aurreko ziklo politikoaren gako batzuk kritikatzen ditugu, esaterako: etapismoa, interklasismoa... Gure proiektuak ziklo politiko berri baten hastapena irekitzen du. 

Zergatik sortu duzue alderdia?
Alde batetik, ibilbide bat eginda dugulako. Kuantitatiboki eta kualitatiboki nahikoa indar lortu dugu. Bai ibilbideagatik, baita momentuak nolabait exijitzen digulako ere, erabaki dugu EHKS aurkeztea. 

"Orain ikusi dugu nahikoa indar dugula mugimendu sozialistaren antolakunde erreferentea sortu ahal izateko"

Aspalditik etortzen da, edo momentuak eraman zaituzte horretara? 
Orain arte gure proiektu politikoari indartzen ibili gara. Alde batetik, sortu genituen Italia, emakumezkoen frentea, eta Gazte Koordinadora Sozialista ere. Pitteka-pitteka indarrak pilatu ditugu. Orain ikusi dugu nahikoa indar dugula mugimendu sozialistaren antolakunde erreferentea sortu ahal izateko. Beraz, erabakia hartu da ibilbideagatik, indar metaketagatik eta uneak exijitzen duelako. Gauden historia testuinguruan behar dugulako mugimendu sozialistaren erreferentea izanen den alderdia, hemendik aurrera bozeramailetza politikoa izanen duena. 

Adierazi duzue “alderdi profesionalen gisa” momentuz ez duzuela jardunen. Nola uler dezakegu hori?
Jendeak alderdi gisa ezagutzen gaitu. Ez gara alderdi komunista bat. Guretako alderdi komunistak bi baldintza bete beharko lituzke. Aurrena, nazioarteko egituraketa izatea, Euskal Herritik haragokoa izatea, gutxienez Europako antolaketa bermatu beharko lukeen antolakundea izatea. Atzena, sozialismoaren ikuspegiak langileriaren babesa izatea. Hau da, postura sozialistak defendatzen dituen jende asko ibiltzea, hegemonikoa izatea. Guretako EHKS-k izan beharko luke langileriarendako tresna politiko bat. Antolakunde integrala izan beharko litzateke, belaunaldiartekoa; langileen hainbat subjektibitate eta sektore guztiak barnebilduko lituzkeen  antolakunde bat izan beharko litzateke. 


EHKSren Altsasuko aurkezpena. @Kontseilua_Sak

Zuen estrategian hauteskundeak jasota daude? 
Gu oraingoz ez gara hauteskundeetara aurkeztuko. Ez dugu baztertzen ezta ere. Baina erakunde horietan egin beharko genukeen lana izan beharko litzateke, batetik, erreminta gisa erabiltzea instituzioen izaera kapitalista eta funtzioak azalarazteko. Bestetik, mekanismo gisa erabiliko genituzke proletarioaren kontra hartu daitezkeen neurri horiek guztiak seinalatu eta neutralizatzeko. Eta, azkenik, erakundeak erabili beharko lirateke instituzio horiek desmitifikatzeko, jendartean  politikaren kontzepzioa instituzioen eremura mugatzen delako. Erakunde kapitalistak ez dira espazioen neutrala eta, horregatik, guretako ez dira eraldaketa iraultzailerako tresna nagusiak. Inoiz erakundeetan bageunde, instituzioetako lana kanpoan dagoen indarraren menpe jarri beharko genuke, eta ez kontrakoa. Gaur egungoaren kontrakoa. 

Euskal langilearen alderdia edo ordezkaritzaren mugimendua zaretela diozue. Nola arrazoitzen duzue?
Gaur egun alderdi batek berak ere bere ez dio bere programa politikoaren zentraltasuna proletalgoari esleitzen. Hori azpimarratu behar da. Gure proposamen politikoa proletalgotik abiatzen da; langileria osoarendako zentraltasuna hartzen duen programa politiko bat daukagu. Alderdi profesionalek sistema kapitalista gainditzeko horizonterik ez badute, ezin dute ongizate unibertsal baterako oinarriak jartzen hasi. Langileriak bere biziraupenerako beharrezkoa du ongizate unibertsala. Gutxieneko printzipioa izan beharko luke. Izan ere, gaur egun langileria momentu zailean dago, zapaldua izaten jarraitzen ari da, eta abar. Hortaz, proletalgoaren zentraltasuna ez duten proposamen politikoak ezin dute langileriaren interesak bete. 

"Gaur egun alderdi batek berak ere bere ez dio bere programa politikoaren zentraltasuna proletalgoari esleitzen"

Zer da orain zuendako premiazkoena?
Lehenengo, estatuaren autoritarismo joeraren gorakada dago. Bestalde, lehen esan bezala, ekonomia oldarraldi bortitza pairatzen ari gara gaur egun. Langileriak egunerokoan esparru guztietan pairatzen dituenen aurrean EHKS-k tresna eraginkorrak sortu beharko lituzke. Esaterako, etxebizitzan arazoak baldin badaude, esparru horretan pitteka-pitteka tresnak sortu beharko genituzke, gutxika kontrol hori lortzeko edo etxebizitzaren auziari irtenbidea aurkitzeko. Tresnak sortu ez ezik, premiazkoa iruditzen zaigu kontzientzia sozialista hedatzen joatea, hau da: gertatzen denaren inguruko perspektiba garatzea, baino langile klasearen perspektiba batetik. Beraz, berehalako helburuak lirateke tresna eraginkorrak garatzen joatea eta kontzientzia sozialista horren hedapena bultzatzen joatea. 

Nola egiten da hori?
Gaur egun goseteak daude, gerrak, eraso sexistak... Langileriak horiekiko kontzientzia hartu beharko luke eta, nolabait, gainditzen saiatu. Horiek gainditu ahal izateko ezinbestekoa da sistema kapitalista gainditzea, eta estatu sozialistaren garapena edo eraikuntza egitea. Esan bezala, guk geure burua ez dugu alderdi komunistatzat hartzen oraindik. Horretarako, ezinbestean, beharrezkoa izanen litzateke alderdi komunista bat gauzatzea esandako bi baldintzekin: nazioarteko izatea eta langileriaren babesa edukitzea. Langilearen babes hori edukitzeko langileriak berak prozesu horretan parte hartu beharko luke. Izan ere, kontzientzia bat sortzen baldin baduzu horrekiko, prozesuaren subjektu politiko edo subjektu aktibo bat bihurtuko zinatekeelako. 

Klaseartekotasunak eta erreformismoak eramanen gintuzkete etengabe estatu kapitalistara, eta horrenbestez, estatu burgeserako eraikuntza posibleen hainbat metodo aztertzera eta abar. Ikusi behar dugu zergatik bizirauten duen sistema kapitalistak, zer oinarri dituen eta horiek nola gainditzen diren. Sistema kapitalista gainditzeko sortu beharreko estrategia sozialista berriak hori barne bildu beharko luke eta, horregatik, subjektu bilakatzen da langileria. Bestalde klaseartekotasuna eta erreformismo estrategiak edo proposamen politikoek zuzenean estatu kapitalistaren kudeaketa hobe bateranzko bidea hartzen dute. Horregatik, sufritzen ditugun hainbat zapalkuntza ez dituzte gainditzen eta, ezinbestean, erreproduzitzen jarraitzen dira. 


Altsasun EHKS aurkeztu zutenekoa. @Kontseilua_Sak

Euskal Herritik kanpo zuen alderdiaren antza duenik bada?
EHKS Euskal Herri osoan ariko da. Begi onez ikusten dugu destakamendu komunistak sortzea Katalunian edo Espainian. Premisa batekin ondo ikusten ditugu: langileriak bere helburu politikoak lortu ahal izateko, ezinbestean, nazioartean antolatu behar du. Oraingoz komunismoa nahiko umezurtz geratu da, momentu honetan ahul dago eta berriro indartu behar da. Gu gara beharbada aurreratuen egon daitezkeenak, baina haiekin harreman hertsia daukagu. Beraiekin elkartzeko edo harremanetan jartzeko prozesu irudikatu behar dugula. Baina ez soilik haiekin, baizik munduan sortzen joan daitezkeen beste destakamendu komunistekin. Baina, gaur egun, izenak dioen moduan EHKS Euskal Herriko lurraldean egingo du lan. 

Etxebizitza, Mozal legea, Euskararen Legea, AHT... Nola jardungo duzue horrelako kontuekin?
Hainbat auzi daude. Ikusten dugu beti, lehen pausu bezala, arazo horiekiko pitteka kontzientzia sozialista sortzen joatea. Kontzientzia hori langileriaren pean sortu beharko genuke, zentzu apurtzaile batean. Lehen esan dudan bezala, harekiko irakurketa edo klase perspektibatik egiten. Horretarako klabe taktiko batzuk markatu ditugu proposamen politiko batean. Klabe taktiko horiek bermatu beharko lukete proletalgoaren baitan sortzen diren edo eragina duten arazoei konponbidea ematea. Beraz, lehenengo pauso kontzientzia sozialista lortzea da. Horretarako, gure jarduna da aldarri bakoitzaren inguruan hainbat langileri sektoretan indar hori artikulatzen joatea eta ondoren,  noski, horiekiko salaketa kanpainak egitea. Esaterako, euskararen auzia. Egia da euskara kultura, gizarte eta administrazio esparruetara ari da mugatzen bakarrik eta kale erabilera edo hizkuntza espontaneoaren erabilera galtzen ari dela. Bereziki proletalgoaren artean galtzen ari da, edo asko jaisten ari da. Guretako ezinbestekoa da euskara politizatzea eta haustura prozesu batean kokatzea.

Izan ere, langileriaren eskutik bakarrik etor daitekeelako euskararen eta beste hizkuntza gutxituen biziraupena sustatuko duen eszenatoki berria. Euskararen kasuan hori aurretik ere gertatu zen, euskarak politizazio prozesu bat izan zuelako eta politizazio hori euskararen egoera hobetzea bermatu zuen faktore bat izan zen. Nafarroan D ereduan beraien seme-alabak matrikulatzen dituzten familiek sentsibilizazio eta politizazio maila dute. Bai familia horiek, baita, adibidez, irakasle izateko euskara kostata ikasi zuten irakasle horiek ere. Pitteka-pitteka arazo batekiko, auzi horren irakurketa edo kontzientzia bat sortzea lortu behar da, ondoren indar bat artikulatu demokrazia erreal bat sortu ahal izateko, horiek hauspotu eta arazoak arazo baino bertute bihurtzeko. 

"Berehalako helburuak lirateke tresna eraginkorrak garatzen joatea eta kontzientzia sozialista horren hedapena bultzatzen joatea"

Zein da proposamen politiko hori?
Erreminta bat da kontzientzia sozialista hedatzeko, langileria pitteka antolatu eta borroka batzuk abiatzeko edo borrokatzen joateko. Zazpi puntutan banatutako proposamena daukagu. Lehenengoa da: bizitzaren garestitzearen kontra, kalitatezko bizi baldintza unibertsalak. Hau da, gaur egun bizitzaren garestitzen nabari da: gasolinaren prezioa, etxebizitzarena, elikagaiena... Gure ustez indar batera artikulatuz eta sozialismoaren eraikuntza sortzen baldin badugu nolabaiteko bizi baldintza unibertsalak lortuko ditugu, kalitatezkoak eta doakoak izan daitezkeenak, eta jende guztiak horietarako sarbidea izan dezaketenak.

Bigarrena: gerra inperialisten kontra, NATO desegin. Gaur egun nazioartean gerra gehien sortzen ari da. Esaterako, Ukraina eta Errusiaren artean edo Palestinarako sarraskia. Horietan gehien hiltzen dena proletalgoa da. Europan gehienbat hori bultzatzen duena NATO da, horregatik desegitea eskatzen dugu. Hirugarrenik, estatuaren erreforma autoritarioen aurka, faxismoari aurre egitea. Migratzaileen kontrako politikak gaur egun zer izaera hartzen ari diren, poliziaren infiltrazioak... Eta krisi testuinguruan sortzen den faxismoari aurre egiteko posizio irmo bat dugu, faxismoa borrokatu behar delako. 

Laugarrena da ekosistemen suntsiketaren aurrean txikizioa gelditu. Ekologia krisiarekin lotuta dago: AHTren auzia, Euskal Herriko hainbat tokitan egin nahi dituzten parke eolikoak eta abar. Horiei begirako proposamen politikoa da. Bosgarrena, estatu zapaltzaileen aurrean, autodeterminazioa euskal langileriarendako. Gaur egun Euskal Herria nazio zapaldua da, espainiar eta frantziar estatuek zapaltzen dute. Benetako autodeterminazio bat etorriko beharko litzateke. Guretako nazioarte mailan estatu sozialistaren bitartez. Ondoren hemen lurralderatuko litzatekeena euskal estatu sozialistaren bitartez. 

"Proposamen politikoa erreminta bat da kontzientzia sozialista hedatzeko, langileria pitteka antolatu eta borroka batzuk abiatzeko edo borrokatzen joateko"

Seigarrena da emakume langileen zapalkuntzaren kontra, emakume langileak lehen lerroan jartzea. Emakumezkoek jasaten dituzten zapalkuntza forma guztiei aurre egiteko indar errealak artikulatzea eta mekanismoak sortzea. Azkenik, estatu zapaltzaileen kontra borroka egin dutenen askatasuna lortzeko, langile militante politikoendako aldarrikatzen dugu bai aitortza baita amnistia ere. Hainbat iraultza prozesuetan edo politika egiteagatik kartzelan egon daitezkeen edo errepresioa eta abar jasan duten militante politiko langileendako amnistia aldarrikatzen dugu. Amnistia ulertuta sistema kapitalistak irauten duen bitartean , preso politikoak egongo direla. Hortaz, amnistia erreal bat lortzeko edo bermea izanen litzateke sozialismoaren eraikuntza edo, bestela esanda, sistema kapitalistaren gainditze erreala lortzea.