Pilota

Ezkurdia ez da Altsasura bizirik iritsiko

Guaixe 2024ko ots. 12a, 12:00
Ezkurdia eta Laso. JAVI BERGASA

Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak play-offetan sartzeko aukerei agur esan diete Tafallan Lasoren eta Arangurenen kontra galdu eta gero. Zabalak eta Martijak garaipen garrantzitsua lortu zuten, eta Etxeberriak eta Erostarbek ez zuten punturik bildu

Binakako Txapelketako hamahirugarren jardunaldia tristea izan da Ezkurdiarendako eta Tolosarendako, finalerdietan sartzeko borrokari agur esan behar izan diotelako. Play-off postuetan sartu ahal izateko azken bi jardunaldietan irabazi beharra zuten, baina otsailaren 11n, igandea, Tafallan Lasoren eta Arangurenen kontra jokatutako partidan 10 eta 22 galdu eta gero, agur esan behar izan diote finalerdietako borrokari. Tafallako Ereta pilotalekua beteta zen, asko baitzegoen jokoan: galtzen zuen bikoteak Binakako Txapelketan aurrera jarraitzeari agur esango ziolako.

Lehen zatia oso gogorra izan zen. Bi atzelariak ongi aritu ziren, baina inor ez zen aurkaria hausteko gai izan. Zazpinako berdinketara iritsi zirenean 300 pilotakada inguru zituzten gurutzatuta. Ongi ekin zion Xabi Tolosak partidari, baina azken egunetan gaixorik egon ostean, asko nekatu eta behera egin zuen nabarmen. Eta horrek aurkariei bidea asko erraztu zien. Ezkurdia Lasori oinak bilatzen saiatu zen eta eskuin boleaz ere ongi aritu zen, baina ezkerrarekin airez tantorik egin ezin aritu zen. Bere buruarekin haserre sumatzen zitzaion aurrelari arbizuarrari, etsipenak jota, nolabait. 

10 eta 22 galduta, Aspekoak txapelketatik kanpo geratu dira eta Lasok eta Arangurenek bizirik jarraitzen dute, baina gaur, astelehena, otsailak 12, Elordik eta Rezustak Jakari eta Mariezkurrenari irabazten badiete, txapelketatik kanpo geratuko dira. 

Bestalde, Altuna ordezkatu zuen Zabalak eta Martijak, garaipen garrantzitsua lortu zuten Artola eta Imaz arerio zuzenak 12 eta 22 irabazi eta gero. Aldiz, Peio Etxeberriak eta Zabaleta ordezkatu zuen Ersotarbek, ezin izan zituzten Peña II.a eta Albisu mendean hartu, eta 22 eta 10 galdu zuten. 

Sailkapena
Binakako hamahirugarren jardunaldia jokatuta, Jakak eta Mariezkurrena dira liderrak (9 puntu). Etxeberria-Zabaleta eta Artola-Imazek zortzina puntu dituzte, eta Altuna-Martijak 7 puntu. Peña II.a-Albisuk 6 puntu dituzte, Elordi-Rezustak 5 puntu eta Laso-Arangurenek eta Azkurdia-Tolosak launa puntu. 

Azken jardunaldia
Binakako hamalaugarren eta azken jardunaldian otsailaren 13an, asteartea, Tolosan, Altuna ordezkatuko duen Zabalak eta Martijak Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari. Otsailaren 16an, ostirala, Altsasun, Ezkurdiak eta Tolosak Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute. Otsailaren 17an Labritek Artola-Imazen eta Etxeberria-Zabaletaren arteko lehia erabakigarria hartuko du, finalerdietarako txartel zuzena lortzea baitute jokoan, eta otsailaren 18an Elordik eta Rezustak Lasoren eta Arangurenen kontra jokatuko dute.