Hamalau alkate autogobernuaren aldeko bilkuran

Guaixe 2024ko mar. 4a, 12:14
Iruñeko Sarasate pasealekuan dagoen Foruen monumentuaren ondoan egin zuten bilkura. UTZITAKOA

Nafarroarekiko “errespetua eta autogobernatzeko gaitasuna” eskatu zituzten 122 toki erakundetako buruek Iruñeko Foruen Monumentuaren aldamenean egindako bilkuran. 

Espainiako Auzitegi Gorenak trafikoaren eskumena Nafarroaren esku uzteko dekretua baliogabetu zuen otsailaren 15ean. Epaileen iritziz Nafarroako Foru Hobekuntzak ez du jasotzen Guardia Civileko trafiko agenteek lurraldean betetzen duten funtzioa. Nafarroako trafiko eskumenei erreparatuta, epaileek ebatzi zuten egiteko hori Guardia Civilarena dela. Errepideen zaintza Nafarroaren esku egon zen urte luzez, Francoren erregimenak 1960ko hamarkadan kendu zion arte. Nafarroaren esku gelditzeko, Foru Hobekuntza erreformatu edo eskualdaketa egiteko Lege Organiko bat onartu beharko lukete Espainiako Gorteek. 

Horri erantzuteko Nafarroako 122 toki erakundetako buruek, Nafarroa defendatu agiria sinatu zuten, eta Iruñean lelo bereko kontzentrazioa deitu zuten. Deitzaileen artean Altsasuko alkate Javier Ollo Martinez zegoen. Deitzaileek adierazi zutenez, "balioa ematen diogu epai horrek sortutako egoerari irtenbide eraginkorra emateko beharrezkoak diren lege formulak bilatzeari, Nafarroako erakundeen eginkizun nagusiaren bitartez. Baina horrek ez du salbuesten epai honek dakarrenaren kritika egitetik".  

Hala ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia "Nafarroaren eskubide historikoen eta autogobernuaren aurkako erasoa" ere badela gehitu zuten. Ziurtatu zutenez, eskubide horiek "ezin dira nafarren borondate politiko demokratikotik kanpoko tresnen menpe egon", ebazpenak birzentralizatze politikei erantzuten dielako. Gogorarazi zuten ez dela autogobernuari eraso egiten zaion lehendabiziko aldia, baina, oraingoan, irmo erantzun beharra dagoela esan du alkateak, ez dadin halakorik gertatu berriro: "Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak garrantzi politiko handia du, eta argi eta garbi diogu ez gaudela ados. Nafarroaren borondate politikoaren, haren erakundeen eta foruen eta autogobernu esparruaren aurkako erasotzat jotzen dugu". Bilkuraren deitzaileek "Nafarroarekiko errespetua eta autogobernatzeko eskumena aldarrikatzen ditugu".