azken ordukoa

Poliziak bost sakandar atxilotu ditu

Guaixe 2024ko mar. 7a, 13:53
Polizia Nazionalaren Indar Gorriren kontrako sarekada. UTZITAKOA

Espainiako Polizia Nazionalak gutxienez Indar Gorriko 61 kide atxilotu ditu, haietako bost sakandarrak dira. Atxilotuen askatasuna salatzeko kontzentrazioak deitu dituzte, Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Altsasun.

Espainiako Polizia Nazionalak gutxienez Indar Gorriko 61 kide atxilotu ditu. Sevillan Betis eta Osasuna taldeen arteko partida aurreko istiluengatik oraindik irekita dagoen polizia operazio baten barruan izan omen dira atxiloketak. Sakanan poliziak bost gizonezko gazte atxilotu ditu: bi etxarriar, bakaikuar bat eta bi altsasuar. Gainera, beste altsasuar baten etxera joan ziren hura atxilotzera, baina ez zegoen etxean. Jakinarazi digutenez, bihar epailearen aurrean aurkeztekoa da.

Atxilotuen gertukoek jakinarazi dutenez, atxilotutakoak abokatuekin egoteko aukera izan dute. Atxilotuetako hogeik dagoeneko deklaratu dute Poliziaren eta Iruñeko guardiako epailearen aurrean, Iruñeko Instrukzioko 4. auzitegia, eta behin-behinean aske geratu dira arratsaldean. Aske gelditu direnek ez dute kautelazko neurririk bete beharko. Gainerakoek ziegetan pasa beharko dute gaua eta ostiralean hartuko diete deklarazioa.


Altsasun Indar Gorrik deitutako bilkura.

Kontseilu Sozialistak sareen bidez atxilotutakoei "elkartasunik beroena" adierazi die, eta haiek askatzea exijitu du. Etxarri Aranazko Sortuk bi herritarren askatasuna exijitzeko elkarretaratzea deitu du, 19:30ean, plazan. Bestalde, kontzentrazio banaren bidez aldarrikapen bera eginen dute Bakaikun, 19:00etan, eta Altsasun, 20:00etan.