Garziandia anaien meza Aralarren

Guaixe 2024ko mar. 8a, 14:14
Alfonso Garziandia Goñi Aralarko aingeruaren irudia Mikel Larranbebereren eskutik jaso zuen. @iglesianavarra

Alfonso, kaperau berria, eta Mikel, Palentziako gotzaina, izanen dira elizkizunean.

Mikel Gartziandia Goñi Aralarko santutegiko kaperau zela, mendi gaineko elizan azken meza ilbeltzaren 14an eman zuen. Egun hartan botatako elurteak traba handiak sortu zituen santutegirako bidean eta hainbat fededun Gartziandia agurtu ezinik gelditu ziren. Palentziako gotzaina Nafarroan izanen da igandean, eta hori baliatuta santutegian meza emanen du, aurrekoa iritsi ez zirenak agurtzeko. Martxoaren 10ean, igandearekin, 12:30ean hasiko da elizkizuna. 

Apezpikuak aldamenean bere anaia Alfonso izanen du, Mikelen lekukoa hartu duena santutegiko kaperau gisa. Otsailaren 25eko elizkizunean hartu zuen ardura Mikel Larranbebere Pastoral Bikario Nagusiaren eskutik. Alfonsoren izendapena Nafarroako aurreko artzapezpikuak, Francisco Perez Gonzalezek, egin zuen. Alfonso santutegiko arduraz aparte, Sakanako parrokiez arduratzen da Migel Angel Sagaseta Ariztegi, Javier Aldabe Arbea eta Jose Antonio Apezetxea Escudero apaizekin batera. Guztiak Uharte Arakilgo Zamartzeko espiritualitate zentroan bizi dira, Guadalupe Escudero Guillenekin batera.