Pentsiodunek "guztiondako zaintza duinak" aldarrikatu dituzte

Guaixe 2024ko mar. 8a, 14:32

1080 euroko gutxieneko pentsioak eskatzeko sinadura bilketa egiten Altsasuko azokan. ARTXIBOA

Erakundeek "zainketen eztabaidari modu parte hartzailean heltzeko" garaia dela azpimarratu dute.

Martxoaren 8a dela eta, pentsio duinak aldarrikatzearekin batera, "guztiondako zaintza duinak" aldarrikatu ditu pentsiodunen mugimenduak. Haien iritziz, etxeko zainketa "ezin da dirulaguntza batzuk ematera mugatu, familiako emakume batek mendeko pertsona zain dezan, edo migratutako emakume bat ordaintzeko. Hori ez da zaintza duina ez zainduarendako, ezta zaintzen duenarendako ere". Horregatik, "etxeko zainketak profesionalizatuta, integrala eta kudeaketa publikokoa" izan behar duela diote. Sistema berria aldarrikatu dute, "zainduaren premiei erantzuten diena, behar duten pertsona guztiendako eskuragarria dena, edozein dela bere ekonomia gaitasuna". 

Etxean zaindu ezin denean, "zaintzak inguruko udal tutoretzapeko etxe edo komunitate etxeetan izan behar dute". Egoitza azken aukera izan beharko luke. Egoitza txikiagoak eskatu dituzte, "inguruan kokatuta, eta kalitatezko zaintzarekin". Horretarako, "egoitzako langileek lan baldintza eta soldata onak izan behar dituzte". Pentsiodunen mugimenduak eskatu du egoitzetako "arreta ratioak pertsona egoiliar bakoitza zaintzeko behar den denbora bermatuz definitzea, kalitatezko zaintzari lehentasuna emanez. Horregatik, kudeaketa publikokoak izatea eskatzen dugu".