Pilota

Zabaleta finalean dago, eta Martijak txartel erdia du

Guaixe 2024ko mar. 11a, 11:35
Etxeberria eta Zabaleta, pozarren. EITB

Peio Etxeberriak eta Zabaletak finalerako txartela lortu dute, Artola eta Imaz 17 tantotan utzi eta gero. Altunak eta Martijak Jaka eta Mariezkurrena finaletik kanpo utzi dituzte, eta Artolaren eta Imazen kontrako partidan erabakiko da nork egingo duen aurrera. 

Binakako Txapelketak beste jardunaldi zoragarria utzi zuen asteburuan. Finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia zegoen jokoan, guztiz erabakigarria izan dena, bikote batek dagoeneko finaleko txartela lortu duelako eta beste bikote bat finaletik kanpo geratu delako. 

Peio Etxeberriak eta Zabaletak Artola eta Imaz izan zituzten aurkari martxoaren 9an, larunbata, mukuru zegoen Labriten. Nafarrek Labriteko pilotazaleen babesa izan zuten. Partida oso estua izan zen. Artolak eta Imazek aldea atera zuten. Artola Etxeberria baino freskoago aritu zen, eta Imazek ongi defendatu zuen. Horrela, 12-8 aurreratu ziren. Etxeberriak eta Zabaletak hamalauna berdindu zuten, baina 17 eta 14 aurreratu ziren Baikoko gipuzkoarrak. Azken txanpa horretan, Etxeberriak behetik gora egin zuen, eta Zabaleta agintzera pasa zen. Une horretan Baikokoen motorra gripatu egin zen, Imazena bereziki, eta Aspekoek buelta eman zioten partidari, 22-17 gailenduz. Bi garaipenekin, eta hurrengo egunean Altunak eta Martijak lortutako garaipenari esker, finalean dira Etxeberria eta Zabaleta. 

Izan ere, finalerdiko beste partidan, Altunak eta Martijak 13-22 irabazi zieten Jakari eta Mariezkurrenari. Bilbon jokatu zen partida arraroa izan zen, tentsio handikoa. Ikusleak ere, isil-isilik zeuden, eta giroa hotza zen. Baikokoek hasieran egindako akatsei esker azkar eta ia konturatu gabe lauzpabost tantoko errenta atera zuten Altunak eta Martijak, Jakak eta Mariezkurrenak garesti ordaindu zutena. Gainera, Berriozarko atzelariak partida bukaeran aitortu zuen bezala, partida hasieran pilota bat bete betean sartu zitzaion eskuan, eta hortik aurrera sufrikario latza pasa behar izan zuen: eskuin eskuko bere armarik gabe geratu zen. Julen Martija ere ohi baino urduriago aritu zen hasieran, baina Mariezkurrena bere onenean ez zegoela jabetuta, lasaitu zen. Mariezkurrenaren ezinaz jabetuta, Erik Jaka saiatu zen, baina ezinezkoa egin zitzaion. Jokin Altunak atera zion etekin gehiena egorari: partidaren kontrola berea izan zen. Tantoak luzatu ahala, hobe aritu zen Aspeko bikoa eta, azkenean 13-22 gailendu zen. 

Bi partida galduta eta tantoaveragea kontuan hartuta, finalean egoteko aukerarik gabe geratu dira ligaxkan nagusi eta jaun eta jabe izan ziren Jaka eta Mariezkurrena. Kolpe handia izan da bikotearendako eta baita Baiko enpresarendako ere. 

Astelenak erabakiko du
Finalerdietako hirugarren eta azken jardunaldian Altunak eta Martijak Artola eta Imaz izango dituzte aurkari martxoaren 17an Eibarko Astelenan. Irabazleak finalean egoteko txartela lortuko du. Etxeberria-Zabaletak eta Jaka-Mariezkurrenak martxoaren 16an jokatuko dute Labriten, finalari begira ezer jokoan ez dela.