Futbola

Etxarri Aranatz, Mutilvera liderretik puntu batera

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 12a, 10:52
Etxarri Aranatzek elkartasuna azaldu zion Indar Gorriri. UTZITAKOA

Gizonen Erregional mailako 21. jardunaldian garaipena lortu zuen Etxarrik, eta Lagun Arteak atseden jardunaldia zuen

Etxarri Aranatzek Berriozar taldea hartu zuen martxoaren 9an San Donato zelaian. Partida hasi eta berehala Jon Erdoziak Etxarri aurreratu zuen, baina Berriozarren erantzuna iritsi zen segituan, banakako berdinketarekin. Bi taldeek lehia bizian jarraitu zuten, eta 35. minutuan Mattin Altzelaik Etxarriren bigarren gola lortu zuen. Bi taldeek estu jarraitu zuten lehian, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 2-1 irabazita, 3 puntuak Etxarri Aranatzen geratu ziren. Etxarri Aranatzek Indar Gorri taldeari elkartasuna azaldu zion, euren aldeko pankartarekin talde argazkia eginez. 

Bestalde, Lagun Arteak atseden jardunaldia zuen. 

Lidergoa jokoan
Erregional mailako sailkapena gori-gori dago. Mutilvera C taldeak jarraitzen du lider (45 puntu) Etxarri Aranatz puntu bakarrera zelatan duela (44 puntu). Lagun Artea seigarren da (32 puntu). Etxarri Aranatzek martxoaren 17an, igandea, 16:30ean 42 punturekin sailkapenean hirugarren eta arerio zuzena duen Ardoi B taldea hartuko du San Donaton. Sailkapena bera dago jokoan. Lagun Arteak, aldiz, martxoaren 16an, larunbata, sailkapenean hamabigarren den Asdeforren kontra jokatuko du Amigo ikastetxean.