Duatloia

Mikel Astiz, Nafarroako Sprint Duatloi Txapelduna

Guaixe 2024ko mar. 18a, 12:00
Mikel Astiz, podiumaren gorenean. NAFARROAKO TRIATLOI FEDERAZIOA

Duatleta ihabardarrak III. Agoizko Duatloia irabazi zuen, bigarrenari segundo bateko aldea aterata. Proba eguzki izpiekin hasi zen, baina haizea, hotza eta, tarteka, kazkabarra izan zuen

Mikel Astiz Erro (Hiru Herri) duatleta ihabardarrak garaipenen kutxa zabaldu zuen martxoaren 3an Lizarran, eta aste bat beranduago, martxoaren 9an, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Agoitzen. III. Agoizko Duatloia, aldi berean, nafarroako Sprint Duatloi Txapelketa izan zen, eta garaipena lortzearekin batera, ihabardarra Nafarroako txapelduna dugu.

Agoizko proban parte hartu zuten duatletek 4,8 km korrika, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrika osatu behar izan zituzen. Banakako proba 138 duatletek osatu zuten, eta erreleboetan 20 bikotek hartu zuten parte. 

Eguraldi oso aldakorrarekin jokatu zen proba. Hasieran eguzki izpiak ikus zitezkeen, baina haizeak gogor jo zuen, hotza zen nagusi eta, txirrindularitza tartean kazkabarra ere agertu zen, duatleten segurtasuna ere zalantzan jarri zuena. Proba latza bilakatu zen, eta hainbat duatletek proba utzi behar izan zuten. Mikel Astizek lehia oso estua izan zuen Javier Magaña Mondejar bere taldekidearekin. Biak parean ibili ziren proba guztian zehar, eta hala iritsi ziren ere helmugara. Azkenean, Mikel Astiz izan zen lehena helmuga gainditzen (1:08:17), eta segundo bakarra atera zion Javier Magañari (1:08:18). Sergio Araiz hirugarren iritsi zen (1:09:41). Horrela, Mikel Astiz Nafarroako Sprint Distantziako Nafarroako Duatloi Txapelduna da. Emakumezkoetan Niobe Arregi (Hiru Herri) izan zen txapelduna (1:24:35); beraz, Hiru Herri kluba izan zen Nafarroako Txapelketako protagonista. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ruben Garcia (Sakana T.T.) 33. sailkatu zen (1:19:32), Hiruki taldeko Jose Ignazio Mikeo 51. (1:28:01), eta Juan Carlos Gomez (Sakana T.T.) 55. (1:30:50). Sergio Garcia de Eulatek proba utzi behar izan zuen. 

Asmoak
Mikel Astizen hurrengo nahia martxoaren 23an jokatuko den Altsasuko XIII. Duatloian joan zen urtean lortutako garaipena berritzea da. Bestalde, aurtengo erronka nagusia apirilaren 13ko distantzia erdiko Zuiako Duatloia izango da (15 km-70 km-7 km). Eta hiru distantzia luze edo half triathloi egiteko asmoa du: Peñiscolakoa, apirilean, Oropesa del Marreko Epic Triathlon, maiatzan, eta Burrianakoa, ekainean.