Pilota

Final sakandarra izango dugu

Guaixe 2024ko mar. 18a, 09:30
Altuna eta Martija, finalera sailkatu izana ospatzen. ASPE

Altuna eta Martija izango dira Etxeberriaren eta Zabaletaren arerioak martxoaren 31n Nafarroa Arenan jokatuko den Binakako final handian, Artolaren eta Imazen kontra maisuki gailendu eta gero. Final ikusgarria espero da

Altunak eta Martijak Artolaren eta Imazen kontra Eibarko Astelenan jokatu zen finalerdirako sarrerak aspaldi agortu ziren. Giro bikaina ziurtatuta, goi mailako partida espero zuen katedrak, eta protagonistek ez zuten huts egin, Altunak eta Martijak bereziki. Bikoa jaun eta jabe izan zen eta Altunak gidatutako eta Martijak berretsitako errezitaldiari esker merezitako garaipena lortuta, martxoaren 31n, Nafarroa Arenan jokatuko den final handirako sailkatu ziren, merezimendu osoz. 

Jokin Altuna erasokor atera zen kantxara, indartsu. Maisuki lan eginez min handia egin zien Artolari eta Imazi, bereziki ezkerrarekin. Misil bat bailitzan aritu zen. Martijaren laguntzarekin, Artolari eta Imazi ez zieten ia ezer egiteko aukerarik ere eman. Sakez ongi, erasoan zer esanik ez, sotamanoarekin ederki, bi paretetan eraginkor, besagainen bat ere... sekulako errezitaldia egin zuten Altunak eta Martijak. Gainera, ia ez zuten hutsik egin. Baikoko bikotea ez zen gaizki aritu, baina Altuna eta Martija euren gainetik pasa ziren. Argi eta garbi. Aspekoak hasieratik hasi ziren aldea ateratzen. 4-0, 7-1, 9-2, 14-4... Martijaren kezka partida ongi hastea eta hasieratik aldea ateratzea zen, eta ez zuten huts egin. Artola eta Imaz aldea murrizten saiatu ziren, baina euren ahalegina ametsean geratu zen, ezinezkoa izan baitzuten. Azkenean, 22-9 irabazita, Altunak eta Martijak Etxeberria eta Zabaleta zain dituzte Binakako final handian. 

Zabala-Zabaleta, ikusgarri
Martxoaren 16an, larunbata, finalerdietako ligaxkako azken jardunaldian Peio Etxeberria ordezkatu zuen Zabala eta Zabaleta ikusgarri aritu ziren Jakaren eta Mariezkurrena ordezkatu zuen Eskirozen kontra. Aspeko bikoak 13-22 hartu zuen mendean Baikokoa, sekulako errezitaldia eginez. Zabalak 15 tanto egin zituen, atzeko koadroetan oso sendo aritu zen Zabaletaren laguntza bikainarekin. Bikote sendoa, oso kontuan hartzekoak direla erakutsi zuten Naiarako aurrelariak eta Etxarrengo atzelariak. Martxoaren 31ko Nafarroa Arenako finalera konfiantzaz iritsiko da Zabaleta, finalerdietako hiru partidak irabazita.