Astekaria

"Finala txapelketako partidarik gogorrena izango da"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 26a, 14:00
Jose Javier Zabaletak finalean du burua. ASPEPELOTA.EUS

Jose Javier Zabaleta Lasa Etxarrengo atzelariak Altuna eta Martija ikusten ditu faborito, Binakako Txapelketa aurkeztu zutenetik

Binakako hasierako ligaxkan bigarren izanda, eta finalerdietako ligaxkako hiru partidak irabazita iritsi zarete. Binakako Pilota Txapelketako finalera. Zer nolako sentsazioarekin zaude?
Momentu onean gaudela, sentsazio hori dut. Azkeneko partidatan gure benetako maila ematea lortu dugu, eta nik uste dut konfiantzarekin gaudela. Ongi entrenatzen segitzen badugu, ongi iritsiko gara finalera. 

Eskuin izterreko koadrizepsean gainkarga edo haustura txikiren bat izan zenuen. Guztiz errekuperatuta zaude?
Haustura bat izan nuen Jakaren eta Eskirozen kontrako partidan. Bizpahiru aste justu ibili nintzen, partida bat ere ez nuen jokatu, baina hortik aurrera oso ongi sentitzen naiz. Osatuta nago. 

Bizitzaren bueltak. Jakak eta Mariezkurrenak irabazi zuten hasierako ligaxka, eta finalerdietan kanpoan geratu ziren.
Halako txapelketa batean ez du balio hasieran partida asko irabaztea gero finalerdietan ez baduzu irabazten. Gu txapelketa osoan zehar nahiko berdintsu ibili gara, erregular, baino esango nuke azkeneko partidatan hobeki aritu garela. 

Peio Etxeberriak baja egin zuen finalerdietako azken partidan, eskuak pixka bat justu zituelako. Finalerako ongi egongo da?
Bai, inolako kezkarik ez. Aurreko ostegunean elkarrekin entrenatu genuen, baina larunbaterako ez zela guztiz osatuko ikusi zuen. Horren aurrean, ez arriskatzea zen egokiena. Pentsatzen dut aste honetan bertan ongi egongo dela, %100ean entrenatzeko moduan. 

Zabalak ordezkatu zuen Etxeberria finalerdietako azken jardunaldian. Zabala eta Zabaleta, bikote ederra osatzen duzue.
Javi horrenbesteko konfiantzarekin dagoenez, gauzak errazagoak egiten dira berarekin jokatuz gero. Gustura jokatu nuen berarekin; gainera, irabazi, eta garaipen horrek finalerdietara iristeko konfiantza eman digu. Une honetan onenen artean ibiltzeko maila erakutsi du Javik. 

Martxoak 31, Nafarroa Arena, Binakako finalean Altuna eta Martija aurkari. Finalerdian partida izugarri gogorra jokatu zenuten euren kontra, eta azkenean zuek gailendu zineten, 14-22. Antzeko partida espero duzue, luze eta gogorra?
Partida hori oso gogorra izan zen hamabigarren tantora arte, baina nik uste dut finalerdietan jokatu genuen partidarik gogorrena Artolaren eta Imazen kontrakoa izan zela. Finala txapelketako partidarik gogorrena izango dela espero dut. Binakakoa aurkeztu zuten egunean Altuna eta Martija jo nituen faborito bakarrak, eta finalera iritsi dira. Elkarrekin oso gustura jokatzen duen bikotea dela ikusten da, oso ongi elkar ulertzen dutela. 

"Momentu onean gaude, sentsazio hori dut. Ongi entrenatzen badugu, ongi iritsiko gara"

Baina zu eta unean uneko zure bikotea beti faboritoen kinielan zaudete. Hala erakutsi duzu, Binakako bost txapela jokatuta, lau txapela dituzulako. Faboritoen artean egotearen presioa nabaritzen al duzu?
Momentuz pozik nago egindako lanarekin. Azkeneko urtetan finaletara iristen ari naiz. Horretarako prestatzen naiz, eta alde horretatik lasai nago. Presioa gutxitan nabaritzen dut, ohituta gaude halako partida zailak jokatzen. Finalekoa beste bat izango da, baina hori bai, txapelketako partidarik gogorrena izango dela pentsatzen dut. Ea prest gauden eta gure mailarik onena ematen dugun. 

Altunaren eta Martijaren kontrako finalerdian Peio Etxeberriak pauso bat eman zuen aurrera, erasokor arituz. Hori izan daiteke finaleko gakoetako bat?
Batzuetan Peioren erritmo aldaketa horiek behar ditugu, baina hori partidan zehar ikusi beharra dago, eta zeozer aldatu behar bada, partidan aldatu, gure artean hitz egin, eta beste modu batera jokatu. Finalerdiko partida horretako hasiera oso gogorra izan zen, eta bigarren zatian, beraiek pixka bat nekatu zirenean, Peio gehiago sartzen hasi zen eta min handia egin zien. Ikusiko dugu finala nola ateratzen den. Ideia batzuk argi izan behar ditugu, baina gero momentuan ikusiko dugu nolako partida ateratzen den eta zer egin beharko dugun. 

Martijak eta Altunak ikusgarri jokatu zuten, Artola eta Imaz finaletik kanpo utzita. Hala daudenean bikote horri aurre egitea oso zaila da. 
Bai, oso. Azkenean, bikote faboritoa da. Gauzak ateratzen bazaizkie, aurkarientzat beti oso zaila izaten da eurei aurre egitea. 

Ziur dakiguna da, batetik, txapela Asperako izango dela eta, bestetik, Sakanan geratuko dela, Arakilen. Ezagun eta lagun asko partekatuko dituzue Martijak eta biok. Arakilgo jende askok bihotza erdibituta izango du.
Bai, lagun asko konpartitzen ditugu biok. Azkeneko urtetan txapelak Arakilera iristen ari dira, eta alde horretatik oso pozik nago. Ni ez banaiz, Martija izango da txapelduna. Nik ez badut irabazten, nahiago dut berak irabaztea.

"Txapelak Arakilera iristen ari dira. Nik ez badut irabazten, nahiago dut berak irabaztea"

Bosgarren txapela lortuko bazenu, errekor bat apurtuko zenuke, bost txapelak bost pilotari ezberdinekin irabaziko zenituzkeelako: Irujo (2013), Ezkurdia (2018), Elezkano (2021), Elordi (2023), eta gailenduz gero, Etxeberria. 
Zintzoki, ez dut horretan pentsatzen, bosgarren txapela hori  horren urruti ikusten dudalako... Horiek txutxumutxuak dira. Ikusiko dugu finalean zer gertatzen den. Dena den, hala gertatuko balitz, oso pozik nengoke. 

Txapelketa honetako beste ezaugarrietako bat frontoietan bildu den jendetza izan da. Altunak esan du ez duela inoiz Binakakoan horrenbeste zaletu ikusi. Zer gertatu da?
Altunari ez zaio arrazoirik falta. Nik ere orain arte Binakakoan ez ditut frontoiak horrela inoiz ikusi. Eta egunero izan da, frontoi eta herri guztietan. Beti esaten da Labriten sekulako giroa egoten dela, baina aurten ere beste frontoiak betetzea eta disfrutatzea lortu da. Jendea gustura joaten ari da frontoira eta pilotariek hori nahi dugu, pilotazaleek gozatzea. Jendeak partida polita ikusten badu eta disfrutatzen badu, gu ere etxera pozik goaz. 

Finala galdu edo irabazi, Etxarrenen festa.
Aurten ez dugu beti bezala Etxarrengo Iratzarren ospatuko. Peiok proposatu zidan ospakizuna elkarrekin egitea, eta biak gertukoak garenez, Iruñean ospatuko dugu elkarrekin, frontoitik gertu.  Espero dut besteren batean Etxarrenen berriz ospatzeko aukera izatea. 

Zortea lagun izan dezazuela, ea nolako finala eskaintzen duzuen. 
Milesker, ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara.