Astekaria

"Finala oso zaila izango da, baina irekia, bi bikoak ongi iritsi garelako"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 26a, 14:30
Julen Martijak bere lehen finala jokatuko du Nafarroa Arenan, aurrekoak Bilbon jokatu zituelako, eta ilusio handia du.

Julen Martija Ollakarizketa Etxeberriko atzelariak “oso-oso” ongi ikusten ditu Zabaleta eta Etxeberria, eta final gogorra aurreikusten du

Zenbat aldatzen den bizitza aste batean. Aurreko astean finalera sailkatu ahal izateko finalerdia zenuten jokoan Altunak eta biok, Artolaren eta Imazen kontra. Astebete barru, 22-9 irabazita, Binakako final handian zaudete. Eta zuk nahi zenuen bezala, hasieratik tartea hartuz.
Aurretik esan nuen moduan, oso garrantzitsua zen hasieratik aldea ateratzea. Uste dut Jokin eta biok hasieratik partidan oso sartuak egon ginela partidan. Jokin oso ongi dago, agerikoa da; uste dut ia-ia %100ean dagoela. Ni ere ongi nago, konfiantzarekin, eta oso gustura jokatzen. 

Jokinek gidatuta, sekulako errezitaldia eskaini zenuten Astelenako finalerdian. Artolaren eta Imazen gainetik pasa zineten. 
Sentsazioak oso onak izan ziren. Tentsioa nabaritzen nuen, baina halako partidetan, beti egoten da, eta tentsioa ongi eramaten jakin behar da. Tanto batzuk defendatu behar izan nituen, eta uste dut ongi erantzun nuela. Bikote gisa oso ongi jokatu genuen hasieratik, eta finalera konfiantzarekin goaz. 

Artola ez zegoen kontentu egindako partidarekin, baina aipatu zuen zuek ohituago zaudetela Astelenan jokatzea. Halako aipamenik ez dute tokirik, tokatzen den frontoian jokatu beharra dagoelako. 
Normalean ez dut inoiz frontoiari edo pilotei buruz hitz egiten. Batzuetan frontoi batean pilota batzuekin jokatu eta ongi datorkizu, eta hurrengo astean aldrebes. Horregatik ez zait gustatzen horri buruz hitz egitea. Argi dagoena da leku guztietan jokatu behar dela, eta pilota guztiekin. Batzuetan zure alde aterako da, eta beste batzuetan kontra. Batzuetan partida jokatu berri, beroaldi horretan esaten diren gauzak dira, eta normala da, aldi berean ulertzen dut. 

Txapelketa honetan materiala hizpide izan da. Jaka eta Mariezkurrena hainbatetan kexatu ziren. 
Binakako Txapelketa osoan denetarik izan dugu: pilota biziak, motelagoak... mota guztietakoak. Pilota guztiekin jokatu behar da. Batzuetan pilota batzuk ez zaizkizu gustatzen, baina beste batzuetan aldrebes gertatzen da. Ongi datorkizunean oso pozik zaude, irabazi duzulako, baina beste batzuetan aldrebes ateratzen da eta gaizki zaude. Mota guztietako pilotak izan ditugu, eta orokorrean jokatzeko onak izan direla esango nuke; ez dugu inongo arazorik izan. 

Gai polemikoa da materialarena. Ez da zientzia, ezin da pilota sortze eta aukeratze prozesua guztiz kontrolatu. 
Pilota jartzen duena beti saiatzen da denetatik jartzen. Pilotak jartzea ez da batere erraza. Finalerdietakoak aspaldi jarri ziren. Pentsa, agian frontoian 15 gradu zeudela aukeratu ziren, eta partida egunean agian 30 gradu zeuden. Pilota ere aldatzen da. Pilotak jartzea ez da erraza, eta horregatik ez zait kexatzea gustatzen. Finalekoak ere aspaldi jarri zituzten, finalistak nortzuk ziren jakin gabe, eta datorren astean aukeratuko ditugu. 

"Altunak eta biok konfiantza handia dugu elkarrekin, harreman estua. Horrek indarra ematen digu bikote gisa"

Martxoak 31, Nafarroa Arena, Binakako final handia. Arerioak. Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta. Euren kontrako finalerdia izugarri gogorra izan zen, 14-22 galdu zenuten. Finala ere horren gogorra izango dela aurreikusten duzu?
Ezetz espero dut, partida hori oso-oso gogorra izan zelako. Partidak gogortzen direnean pilotak ere geratzen dira, eta orduan askoz ere zailagoa izaten da tantoa egitea; ondorioz, partidak asko luzatzen dira. Finalerdian Zabaletak eta Etxeberriak asko jokatu zuten; Peiok sekulako partida egin zuen. Txapelketan jokatutako hiru partidak eurek irabazi dituzte, eta hori zerbaitegatik da; oso bikote ona egiten dute, eta oso ongi iritsi dira finalera. Beraz, final oso zaila izango da, baina aldi berean irekia, gu ere ongi gaudelako, konfiantzarekin. 

Zabaletak finala txapelketako partidarik gogorrena izango dela aurreikusten du. 
Finaletan tentsio handia egoten da, eta tentsioarengatik batzuetan akats gehiago egiten dituzu, tantoak ere motzagoak izaten dira... Ez dakit nolakoa izango den finala, baina badakit partida gogortuko dela eta irabazteko asko borrokatu beharko dugula. 

Kalbario latza.
Zabaletaren kontra, hala izaten da beti. 

Horrenbeste baldintzatuko al du Zabaletak? Berak esaten du zuek zaretela faboritoak.
Hori beraiek esango dute, nik ez dut hori pentsatzen (kar-kar). 

Txapelketaren aurkezpenean zuek faboritoak zinetela esan zuela esan du, eta finalean zaudetela. Biok duzuen harreman estua nabarmentzen du. 
Egia da bikote batean oso garrantzitsua dela beraien arteko harremana, nola ulertzen duten elkar. Bikotea momentu onean egotea eta ongi jokatzea garrantzitsua da, eta uste dut bi gauzak ditugula, oso harreman ona daukagulako eta finalera oso momentu onean iritsi garelako. Baina eurak ere une oso onean iritsi dira finalera. Finalerdietan asko jokatu dute. Biak ongi ikusten ditut, eta badakit finalean ere ongi jokatuko dutela. 

Finalean hiru nafar egongo zarete, aspaldiko partez.
Hiru nafarrek finala jokatzea oso pozgarria da, eta finala Nafarroa Arenan jokatzea baita ere. Ziur nago sekulako giroa egongo dela. Nire aurreko bi finalak Bilbon jokatu nituen, eta, beraz, nire lehenengo finala izango da Arenan. Ilusioz nago. Nahiz eta bertan soilik bi partida jokatu, Nafarroa Arena gustukoa dut. Bi entrenamendu serio egiteko aukera izango dugu, frontoi horretako sentsazioak ongi hartzeko. 

"Jose eta biok lagunak gara. Galduz gero, beragatik poztuko nintzateke"

Finala Aste Santuan jokatuko da, eta sarrera gutxi gelditzen omen dira. 
Nahiz eta Aste Santua izan, goraino egongo da. Aurten inoiz baino jende gehiago egon da frontoietan. Ikaragarria izan da, asko nabaritu da. Eta oso giro ona egon da. Bilboko frontoia hain da handia, askotan xarma edo berotasun hori falta zaiola. Binakakoan bi aldiz jokatu dugu, eta giro oso ona zegoen. Ez dakit zergatik, inork ez du azalpenik, baina jendea asko hurbildu da frontoira. Hori oso ona da pilotarendako. 

Bi gauzak dira ziurrak: txapela Asperendako izango dela, enpresarendako berri pozgarria, eta txapela Arakilen geldituko dela. Lagun asko partekatzen dituzu Zabaletarekin; jendeak nor animatuko du Arakilen? Askok bihotza erdibituta izango dute. 
Bai, nire kuadrilla eta berea lagunak gara, harreman handia dugu eta beti egoten gara batzuk besteekin nahasita. Finalera ere gure lagun asko joango dira. Bakoitzak bere laguna animatuko du, baina besteak irabaziz gero, ez da inolako arazorik izango. 

Zabaletak dio nahiago duela irabaztea, baina galduz gero, zuregatik poztuko dela.
Biak lagunak gara, harreman handia dugu eta berdin-berdina pentsatzen dut. 

2020an Ezkurdiarekin izan zinen Binakako txapeldun, eta 2022an Altunarekin. Hirugarren txapelerako tokia egin duzu?
Beti dago tokia beste baterako (kar-kar), baina oraindik ez dut horretan pentsatu. 

Jokinek Lau eta erdiko lau txapela ditu, Buruz Buruko bi, eta Binakako bat, 2022an zurekin lortutakoa. Egungo pilotari handiena da. Berak beti esaten du txapelketako ilusio handiena zurekin jokatzea dela.  
Profesionalak baino lehen elkarrekin jokatu genuen eta betidanik harreman oso ona izan dugu. Sarritan hitz egiten dugu, konfiantza handia dugu eta edozein gauza esan ahal diot, lasai asko, ez duelako gaizki hartuko. Eta alderantziz. Eta hori jokatzerako orduan asko nabaritzen da. Alde hori positiboa da, eta indarra ematen digu. Askotan esaten dute gu faboritoagoak garela horregatik. 

Galdu ala irabazi, ospatzeko asko izango duzu, ezta? 
Bai. Finala Iruñean jokatuko da, eta Iruñean egun horretan festa handia egoten da, Aberri eguna delako eta hurrengo egunean festa delako. Horregatik, ziurrenik Iruñean ospatuko dugu.

Zortea lagun izan dezazuela.
Milesker!