Liburutegi mugikorrak, landa eremuko garapenerako tresna eraginkorrak

Mikel Zabaleta Aramendia (EH Bilduko parlamentaria) 2024ko mar. 27a, 10:00

Pasa den martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran Euskal Herria Bildu taldeak aurkeztutako ebazpena onartu zen, aldeko 48 botorekin eta 2 abstentziorekin (VOX-eko bi ordezkariena). Ebazpen honen bidez Nafarroako Gobernua premiatu da liburutegi mugikorren zerbitzua bultzatzen jarrai dezan, 2030a baino lehen landa eremuetako herritar guztiek eskura izan dezaten funtsezko zerbitzu publiko hori.

Liburutegi mugikorren afera ez da gauza berritzailea, baina gaurkotasun eta garrantzia handiko gai bat da. 1857An, The British Workman egunkariak Kunbriako konderriko liburutegi mugikorrari buruzko lehen kasua dokumentatu zuen, Ingalaterrako ipar-mendebaldean. Zerbitzu hori George Moore filantropo eta merkatari ingelesak sortu zuen, "literatura ona herri barruan zabaltzeko". Kasu hartan, liburutegi mugikorra zaldi gurdi bidez eskaini zen.

Estatu espainolean trakzio mekaniko bidezko lehen liburutegi mugikorra 1938koa izan zen, Gerra Zibilean bertan sortu baitzen "Fronteko Bibliobusa". Urte hartan, Kataluniako Generalitateak bibliobus bat antolatu zuen irakurketaren bidez gerra frontean borrokatzen zuten soldaduei gogoa eta aldartea altxatzeko, eta borrokarik gabeko uneetan asperdura uxatzeko. Urte bat beranduago, 1939an, gerrarekin batera amaitu zen ahalegin handi hau.

Aipatutako hauen modura, hamaika adibide aurki ditzakegu munduan zehar.

Estatu Batuetako Depresio Handian, gosetea eta langabezia nagusi ziren garaian, zaldizko liburutegi ibiltariak bultzatu zituzten Kentuckyn. Orduan ere gauza berritzailea ez bazen ere, bultzada berritu hark lana eta alfabetatzea aldi berean sustatzeko aukera ekarri zuen. Bultzatzaile nagusiak, neurri handi batean, emakume gazteak izan zirenez "Book women" gisa ezagunak egin ziren.

Mongolian, 1990eko hamarkadaz geroztik, Dashdondog Jamba izeneko ipuin idazleak haurrentzako liburuak eramaten ditu gameluan. Gobiko desertuan barrena ibiltzen da daramatzan liburuak irakurriko dituen umeen bila. Komunismotik kapitalismora igaro ostean, irakurketa bultzatzeko programarik ez zela ikusirik, hutsune hura bete nahi izan zuen bere ahaleginarekin. Hondar ale bat, gabeziez betetako desertuan. Ipuin idazle eta liburuzainak dioen moduan, "liburutegi bitxi samarra dugu hemen: hormak basoz estalitako mendiez eginda daude, sabaia urdina da, zorua lorez estalitako estepa da eta irakurketarako lanpara eguzkia da."

Gaur egun, Estatu espainolean, 72 bibliobus daude martxan eta 2.000 herrietara iristen dira, gutxi gorabehera. Liburutegi Mugikorretako Profesionalen Elkartea ere existitzen da eta urtarrilaren 28an "Bibliobusaren Eguna" ospatzen da.

Nafarroa Garaiko landa eremuetara itzuliz, eta azken hamarkadetako esperientzietara mugatuz, 1998ra jo behar dugu. Urte horretan, Aurizberriko liburutegi mugikorra edo "Biblioneta" martxan jarri zen, "Berragu" izeneko proiektuaren baitan. Martin Saragüeta liburuzaina Pirinioetan atez ate liburuak banatzen hasi zen eta, proiektu xume hark, erreleboa izan du. Jada 25 urte baino gehiago bete ditu eta sariak ere irabazi izan ditu. Aipatzekoa da, estatu mailako "Maria Moliner" lehiaketa ospetsuan lehenengo saria irabazi zuela 2016. urtean. Zerbitzu hau 30 herritara eta 3.000 biztanleengana iristen da.
2020. urtean Lizarraldeako bibliobus proiektua garatzen hasi zen, kasu honetan Nafarroako Gobernuaren ekimenez. Ibilgailu bat erosi zuten, baina 2022 arte ezin izan zen zerbitzua abiatu. Bi urteko garapen prozesuaren ondoren, bibliobusak 51 herri zeharkatzen ditu eta potentzialki 8.500 herritarrei eskaintzen die zerbitzua.
Urte berean, 2020an, Leitzako liburutegian "Liburutegi Ibiltaria" proiektua sortu zen Harkaitz Delgado liburuzainaren eskutik. Honela, Leitzako liburutegiaren zerbitzua 4.100 biztanleengana zabaldu zuen, Aranoko, Goizuetako eta Aresoko herrietara zerbitzua eskainiz, bere ibilgailu pribatuaren bitartez.

Beraz, Nafarroa Garaiko landa eremuan 85 herritara iristen dira liburutegi mugikorrak, eta guztira 12.600 biztanlek jasotzen dute zerbitzu hau.

Garai eta paraje ezberdinetako adibideekin ikusi ahal izan dugun moduan, liburutegi mugikorren zerbitzua tresna eraginkorra da oinarrizkoa den zerbitzu publiko hau herritarrengana hurbiltzeko, despopulazioaren aurka borrokatzeko, irakurzaletasuna sustatzeko, pertsonen sormena eta gaitasun kritikoa indartzeko, arrakala soziala murrizten laguntzeko eta lurraldearen kohesioa bultzatzeko.

Ez da teoria hutsa, datuek erakusten dute praktika honen arrakasta: Nafarroa Garaiko landa eremuetan martxan dauden liburutegi ibiltariek, guztira, 14.676 mailegu egin zituzten 2023an. Irismen ahalmena, esan bezala, 12.600 biztanlekoa denez, horrek biztanleko 1,16 maileguko indizea ematen du.

Bestalde, Nafarroako Liburutegien Zerbitzuak urtero txosten bat argitaratzen du. 2022ko memoria da argitaratu duen azkena, eta bertan dio 725.007 mailegu egin zirela urte hartan. INE-ren arabera, 2022an Nafarroan 664.117 biztanle zeuden, horrek biztanleko 1,09 maileguko emaitza ematen du. Azken urteetan gora egin duen indizea dugu hau, beraz. 

Hego Euskal Herria aintzat harturik, indizea zerbait handiagoa da, biztanleko 1,14 mailegukoa. Estatu mailan ordea, biztanleko 0,76 mailegu egin ziren 2021ean, estatuko liburutegi guztiak kontutan hartuta. Datu hau Liburutegien Arteko Lankidetzarako Kontseiluaren 2021eko txostenak jaso zuen. Hau da, Nafarroako landa eremuko liburutegi mugikorren maileguen indizea Hego Euskal Herrikoaren paretsukoa da, Nafarroa Garaiko batez bestekoa baino % 7 handiagoa, eta estatu mailakoa baino % 65,5 handiagoa da.

Abiapuntua, ostera, oso ezberdina zuen eremu horrek. Izan ere, liburutegirik ez zegoen landa eremuko herri horietan, liburutegi mugikorrak iritsi baino lehen maileguen indizea askoz ere txikiagoa zen. Orain aldiz, bizitokian bertan liburutegia duten hirigune gehienen mailegu kopurua gainditzen dute landa eremu hauek.

Hau da, liburutegi mugikorrak ezartzen diren momentutik liburutegien erabilera esponentzialki handitzen da. Eta honekin batera, lehen aipatutako onura horietan guztietan eragiten da. Horregatik diogu praktika arrakastatsua dela.

Nafarroako eremu sakabanatu honetan hau lortu bada, bertako liburuzainei esker izan da, neurri handi batean. Aurretik aipatu den moduan, sare emankor hauek haien ekimenez sortu baitira zenbait kasutan. Jendeak zerbitzura iristeko zuen arazoaz jabetu, eta zerbitzua jendeari hurbiltzeko izan zuten borondateari eta bokazioari esker.

Norabide honetan aurrera egiteko albiste ona da 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan bi partida onartu direla. Horiei esker Nafarroako landa eremuetan liburutegi mugikorrak sendotzea edota martxan jartzea ahalbidetuko da. Bata 105.000 eurokoa eta bestea 25.000 eurokoa. Partida hauek ibilgailuak erosteko eta egokitzeko erabiliko dira. Azpimarratu nahi dugu, gainera, Euskal Herria Bildu taldeak Nafarroako Gobernua osatzen duten taldeekin sinatutako akordioan adostutako partiden artean daudela honako bi hauek, funtsezkoa iruditzen baitzaigu zerbitzu hau indartzen eta zabaltzen jarraitzea.

Halaber, martxoaren 21ean onartutako ebazpenak, konpromiso politiko berri bat suposatzen du. Hau da, orain arte, zonalde jakin batzuetan, ekinbide puntual batzuk bultzatu edota laguntzeaz haratago, Nafarroa osoko landa eremua kontuan hartzea esan nahi du, modu progresiboan eta arrazoizko epe muga zehatz batekin, oinarrizko zerbitzu arrakastatsu hau nafar guztien esku egon dadin. 

Konpromiso politiko hau bete dadin jarraipena eginen diogu Euskal Herria Bildutik, landa eremuetako herriak bizirik iraungo badute, errepideak eta poligono industrialak baino askoz gehiago beharko baitugu.