Aberri Egunerako hainbat deialdi egin dituzte

Guaixe 2024ko mar. 27a, 11:29
Ikurriña bat etxe bateko balkoian. ARTXIBOA

Martxoaren 31n, igandean, Aberri Eguna ospatuko da eta hainbat eragilek deialdiak egin dituzte. Euskal Herria Batera!-k bezperarako deialdia egin du.

Pazko igandearekin batera Euskal Herriko nazio jaieguna ospatzen da 1932tik. Data hori dela eta iganderako hainbat deialdi egin dituzte. 

EH Bildu 
Koalizioak Nazioa Gara leloa aukeratu du aurten. Eta ezkerreko independentistak Iruñean ospatuko duten Aberri Egunean parte hartzera animatu ditu. EH Bildutik adierazi dutenez, "Euskal Herria nazio bat da. Nazioa gara. Eta ukapen eta ezabapen eskaera guztien gainetik, herri gisa ditugun eskubide nazionalak" aldarrikatuko dituzte igandean. Gaineratu dutenez, "gure etorkizuna erabaki nahi dugu. Anbizio eta determinazio kolektiboa daukagu hori horrela dela erakusteko eta sinetsita gaude lehenago edo geroago Estatu izango garela. Eta martxoaren 31ko Aberri Egunean aukera paregabea dugu horretarako", adierazi dute. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Golem zinemetatik. Ondoren Alde Zaharrean, Basotxon eta Burgoen plazan kale animazioa eta musika emanaldiak izanen dira. 

EAJ 
Jeltzaleek Indar berria, Euskadi berria leloa aukeratu dute Aberri Egunerako, eta kide eta zaleak Bilboko Plaza Barrian 11:30ean eginen den ekitaldian parte hartzera deitu dituzte. Ekitaldia alderdiaren Youtube kanaletik zuzenean jarraitzeko aukera izanen da. 

Jardun 
Koordinakundeak Gernikan deitu du Aberri Eguna, eta Borroka bidea, askatasuna ipar leloarekin hara deitu ditu Euskal Herriko langileak. Jarduneko kideek adierazi dutenez, "Aberri Eguna ez da ospakizun eguna. Aberri Eguna Euskal Herriak mugei aurre egin eta horiek apurtzeko mailua da. Aberri Eguna Euskal Herri Langileak inposatu nahi dizkioten isiltasunari eta ukazioari aurre egiten lagundu, eta bere izatea eta izana ozen aldarrikatzeko bozgorailua da". Gaineratu dutenez, "Aberri Eguna Euskal Herriak bere etorkizunaren lema bere eskuetan hartu, eta bere askatasunaren bidea ireki behar dion prozesu iraultzailean beste harri bat izan behar da". Izan ere, "era horretan, independentziaren eta sozialismoaren alde lerratutako langileok batu, mobilizatu, kontzientzia hartu eta antolatzeko beta eman behar duen eguna da Aberri Eguna". 13:00etan abiatuko da manifestazioa. Ondoren musika eskaintza zabala izanen da. 

Euskal Herria Batera!
Pandemiaren testuinguruan, 2020an, jaio zen herri ekimenak, Aberri Eguna, Euskal Herria osoan, aldi berean eta modu bateratuan ospatzea lortu zuen. 2022tik alderdi abertzaleek bere ohiko mobilizazioak berrartu zituztenez, Euskal Herria Batera!-k bateratasunean jarri zuen indarra eta urteroko ekitaldi bateratua Aberri Egunaren bezperara eramatea erabaki zuen. Herri ekimeneko kideek azaldu dutenez, "Aberri Eguna Batera aritzeko eta Nazioa garela ospatzeko eguntzat hartzen dugu eta, beraz, etorkizunean Aberri Egun bateratua ospatzeko baldintzak sortzera" deitu dute. Berretsi dute "batera aritzeko garaia" dela. Aldi berean,"Euskal Herria aintzat hartzen dutenei” dei egin diete Euskal Herria Batera!-ren konpromiso berrestera. Batetik, ekimenaren deialdia zabaltzen jarraitzea. Bestetik, euskal jendarteari Aberri Eguna ospatzeko deialdia eta ikurrinak leihoetan zabaldu ditzan eskatu du. Eta, azkenik, ekitaldi bateratua antolatu du. Martxoaren 30ean, larunbatean, Bilboko Campos Eliseos antzokian izanen da. "Euskal Herria ardatz duten eragileak biltzera" deitu dute.

ELA 
Sindikatuaren Nazio Batzordeak, urtero moduan, Aberri Eguna baliatu du une politikoaren irakurketa egin eta "nazio garen aldetik ditugun erronka nagusiak aipatzeko". ELAk bere afiliatu eta militanteei dei egiten die Euskal Herrian zehar izango diren Aberri Eguneko jarduera eta ekitaldi politikoetan parte har dezaten. "Bereziki aipagarria da Uztaritzeko ospakizuna, non Bagira prozesuari amaiera emango zaion Iparraldeko mugimendu abertzalearendako datozen urteetako bide orriaren aurkezpenarekin". Bestalde, Pariseko auzitegian epaituko dituzten bakegileei, Txetx Etcheverry eta Beatrice Molle-Haran, babesa adierazi eta errugabetzea eskatzeko apirilaren 3an hiriburuetan eginen diren bilkuretan parte hartzera deitu du.