Momentu pozgarriak eta hunkigarriak

Guaixe 2024ko mar. 28a, 11:08
Lizarratarrak Korrika itxoiten.

Behin pasa omen zen Korrika Lizarragatik, 1980ko hamarkadan. Lizarratarrek modu batean edo bestean euskararen aldeko lasterketan parte hartu izan dute, eta 2019tik kilometroa erosten dute.

1190 kilometroan, Etxarri Aranatzetik Lizarragabengoako bidean, zubiaren parean, Lizarratarrek    egin zuten Korrika. "Herritik pasatzen ez denez, Ergoienak badu beheko basoan lur eremu asko, eta normalean gure lur eremuaren zonaldearen ondoan ematea saiatzen gara", azaldu dute Idoia Gurrutxarri eta Naroa Etxarri Lizarragako Korrika arduradunek.

Behin pasatu omen zen Korrika Lizarragatik: "Egun hauetan galdetzen aritu gara eta gurasoek esan digute behin pasatu zela, txikiak omen ginenean, zehazki ez dakigu zer urtetan, baina gutxi gorabehera 1983. edo 1985. urte horietako batean pasatu omen zen". 

"Azpi Iturri txokoak beti AEKri dirulaguntza eman izan dio". Korrikarekiko atxikimendua betidanik egon dela azaldu dute lizarratarrek, "baina kilometroa erostearena, ez zenez hemendik pasatzen ez zen ezta planteatu ere egin. 2019aren inguruan herritar batzuk bildu ginen, eta zergatik ez dugu kilometro bat hartzen?" Herritarrek, kontzejuak eta soziedadeak, denen artean, kilometroa hartzen dute ordutik. "Herriari bizitasun pixka bat eta euskarari bultzada emateko, ikusten dugulako behar duela". Kilometroarekin jendearen parte hartzea "bultzatzen" dute. 

Adei eta Izadi haur lizarratarrek hartu zuten lekukoa 1190. kilometroan, eta kilometroan zehar txandaka ibiltzen ohi dira lizarratarrak. "Emozioz" bizi dute Korrika: "Urtero bezala, oso momentu hunkigarria izaten da, eta pozgarria da lizarratarrok biltzea eta euskararen alde horrelako ekintza polit batean parte hartzea". Aitortu dutenez, "batzuek behintzat", kilometroa bukatzeko "nahiko lan" izan zuten. 

Korrika egiteaz gain, aurretik ere ekimenak prestatzen dituzte, euskararen aldeko lasterketaren harira: "Aurten ez dugu denbora askorik izan eta afaria eta Korrika Txikia egin dugu. Beste urte batzuetan hitzaldiren bat antolatu dugu, adibidez, Lizarragako hiztegiaren ingurukoa edo herriko zortzikoari buruzkoa". 

"Kilometrora joan aurretik normalean soziedadean edo plazan biltzen gara, aurten plazan elkartu gara, eta herriko batek txistua edo txirula jotzen du. Lizarragatik ez denez pasatzen, Korrika eguna dela aditzera emateko bi pieza jo zituen". Oso une polita izan zela esan dute Gurrutxarrik eta Etxarrik. 

Oso polita izango litzateke ere Korrika Lizarragatik eta Ergoienatik pasako balitz: "Aukeran emanda nahiago genuke hemendik pasatzea, baina errealistak izanda portua dagoela ikusten dugu, eta zaila izan daiteke".