Irristaketa

Sakana Patin, denboraldiarekin gustura

Maider Betelu Ganboa 2024ko api. 17a, 12:30
Sakana Patinekoak, Olaztin jokatutako Nafarroako Irristaketa Abiadura Indoor Txapelketako laugarren jardunaldian. UTZITAKOA

Nafarroako Txapelketetan lehiatzeaz gain, Euskal Ligan eta apirilaren 21ean despedituko duten Estatuko 15 urtez azpiko Liga Nazionalean lehiatzen hasi dira irristalari sakandarrak. Taldera batzeko gonbidapena egin diete gaztetxoei

Martxoaren 23an Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketako laugarren jardunaldia hartu zuen Olaztik. Bertan lehiatu ziren Oscar Zamarron Carravilla entrenatzailearen esanetara trebatzen diren Sakana Patin taldeko neska-mutilak. Egun, 20 kide ditu Sakana Patinek, azken urteetako kopuruaren antzera. "Sakanako irristaketa eskoletan, Altsasun, Olaztin, Etxarrin... haur pila bat trebatzen dira irristaketan, baina gero lehiaketako Sakana Patin taldera saltoa ematea kosta egiten zaie. Haur batzuk ez dute lehiaketaren sena hori, guraso batzuei irristaketa arriskutsua iruditzen zaie..." hausnartzen du Zamarronek. Sakana Patin entrenatzeaz gain, Altsasuko irristaketa eskolako ardura du altsasuarrak, eta bertan 50 irristalari trebatzen dira. "Irristatzen ikasten diegu, eta ongi erortzen, mina har ez dezaten. Nahiz eta irristaketan abiadura hartu, jendeak uste baino kontrol askoz ere handiagoa dute irristalariek. Erorikoak ez dira ohikoak". 

Helduen irristaketa talde baten erreferentzia faltak ere eragina izan dezakeela uste du Zamarronek. "Sakanan ez dago irristaketa pista estalirik eta 15 urtetik gora dituzten irristalariek Iruñeko taldeetara jotzen dute, edo irristaketa utzi. Baina, nolanahi ere, Sakana Patin taldean gustura gaude eta Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) txapelketez gain, lehiaketa berrietan lehiatzen hasi gara". 

Nafarroa, Euskal Liga eta beste
Nafarroan irristaketa maila oso handia denez, geroz eta zailagoa da bertan emaitza onak lortzea. Are gehiago Sakanakoa bezalako klub txiki batendako. "Asteburuan, apirilaren 6an eta 7an, Nafarroako Zirkuitu Txapelketan lehiatu ginen, Antoniuttin, baina ez genuen dominarik lortu eta horregatik Espainiako Txapelketetan lehiatzetik kanpo geratu gara. Estatu mailan lehen Nafarroa zen izarra, baina irristaketa modan jarri da, eta geroz eta komunitate gehiago indartu dira, Katalunia, Madril edo Asturias, esaterako. Duela urte batzuk kategoria bakoitzetik Nafarroatik zazpi-zortzi irristalari onenak sailkatzen ziren Espainiarako, eta hor aukera bagenuen, baina gaur egun gehienez hiru hautatzen dira, eta Espainiako Txapelketa oso garesti dago". 

Bestelako probetara zabaldu dira sakandarrak; iaz Euskal Irristaketa Ligan lehiatzen hasi ziren. "Euskadiko maila Nafarroakoa baino baxuagoa da, eta horregatik txapelketa horretan maila onean ari dira gure irristalariak. Joan zen urtean zenbait kategoriatan urrea lortu genuen, eta aurten ere oso ongi ari dira, aukerekin". 

Horretaz gain, estatu mailako 15 urtez azpiko Liga Nazionalean lehiatzen hasi dira. "Txapelketaren berri izan genuenean, primeran zegokigula jabetu ginen. Kimuen eta haurren mailetako (2010 eta 2012 urteetan jaiotakoak) sei neska eskatzen zituzten, guretako egokia. Txapelketa taldeka jokatzen da; irristalariek taldearendako batzen dituzte puntuak. Hiru mailatan jokatzen da, eta berriak ginenez, hirugarren mailan hasi ginen. Estatuko hamahiru talde lehiatzen ari gara, eta Gijonen martxoaren 9an eta 10ean jokatutako jardunaldi bikoitzean bosgarrenak sailkatu ginen. Guretako hori asko da, gainontzeko taldeak estatuko klub askoz ere handiagokoak direlako". Apirilaren 20an eta 21ean Liga Nazionaleko hirugarren eta laugarren jardunaldiak jokatuko dira Argandan (Madril), eta aurreikuspenak onak dira. Lehen bi taldeak igoko dira bigarren mailara, "baina guk zaila dugu, talde indartsuak daudelako. Bosgarren postuari eusten badiogu, guretako hori izugarria litzateke". Neskendako "sekulako esperientzia" da. "Asteburu pasa, Iruñeko Lagunak klubekoekin hotelean kontzentratuta... Txapelketak bizia eman die, izugarri disfrutatzen dute". 

Sakanako Patin taldeak "ateak zabal-zabalik" ditu. "Gaztetxo guztiak dira ongi-etorriak. Anima daitezela, mutilak bereziki, oso gutxi baititugu taldean".