Nafarroan euskararen aldekotasuna handitzeko, aliantza berriak eraikitzeko proposamena

Guaixe 2024ko api. 17a, 13:06
Euskaltzaleen Topaguneak antolatu duen jardunaldiko mahai-inguru bat. @topagunea

Euskaltzaleen Topaguneak praktikak eta diskurtso berriak proposatu ditu, ikusita azken bi inkesta soziolinguistikoetan datu kezkagarriak ageri direla Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan. Bi urteko ikerketaren emaitzak gizarteratzeko jardunaldia egin du.

Euskaltzaleen Topaguneak azken bi urteetan egin duen ikerketa aurkeztu du, euskararen aldeko jarrerak sustatzeko aliantza berriak ehundu behar direla ondorioztatuz. Helburu horrekin, diskurtso berriak eta argudioak aurkeztuko ditu Topaguneak. "Aurkeztuko ditugun horiek ez datoz bestelako kontakizunak ordezkatzera, osatzera baizik", azaldu du Nafarroako Topaguneko zuzendaria den Oskar Zapatak.

2016an eta 2021ean egindako azken bi inkesta soziolinguistikoetan datu "kezkagarriak" ageri ziren Nafarroan euskara sustatzeari buruzko jarreretan. 2016an jaso ziren datuen bidetik, azkenekoan, 2021ean egindakoan, % 30 alde agertu zen, %33 ez alde ez kontra, eta %37 kontra deklaratu zen. "Kezka horretan oinarriturik, erabaki kontziente baten ondorioz, 2021ean hasi ginen lanean", adierazi du Zapatak. Helburua azpimarratu nahi izan du zuzendariak: "Etorkizun hurbil ertainean nafar gehienek euskararen aldeko neurriak propio sentitu eta babes ditzaten". "Ez axola diren edo urrun daudenak euskararen aldeko jarreretara hurbiltzea, aliatuen sarea handitzea, da asmoa", azaldu du Zapatak.

Bi atal
Egindako lana bi ataletan aurkeztu dute; lehen atalean jardunbide egokien zerrenda bat proposatu dute, jaso dituzten iritzi ezberdinetan oinarriturik. Horien artean batzuk azpimarratu dituzte: "Heterogeneotasun kulturala, ideologikoa, geografikoa kontuan hartzea funtsezkoa da, gure ohiko jendeaz haratago maizago begiratzea komenigarria da" komentatu du Zapatak. Edo, aliatuak zaintzea onuragarria izanen dela gehitu du Iñaki Sagardoik, Topaguneko kideak: "Aniztasunaren eta berdintasunaren defentsan aitzindariak izan behar gara, zubigintzan jardutea eta kulturartekotasuna praktikatzea". Beste jardunbide bat nabarmendu du Sagardoik: "Euskara alderdien jokoetatik at kokatu behar dugu. Euskara, nafar identitatearen irudi modernoa, inklusiboa, konplexuarekin lotu eta gizarteratu behar dugu".

Ikerketan bigarren atalean marko diskurtsibo propio osatzeko hainbat ildo osagarri eskaini dituzte, "estatu baten ala bestearen alde egotetik, identitate baten ala bestearen alde egitetik haratago". Euskararen inguruko eztabaida parametro berri batzuetan kokatzeko proposamena egin dute: Uniformazioa VS Aniztasuna; Autoritarismoa VS Bizikidetza. Zapatak azpimarra egin du: "Garrantzitsua da Nafar gizarteari euskararen aldeko jarrera izatea, abertzaleen gauza bat izatetik haratago, posizio politiko bat dela: aniztasunaren aldekoa, autoritarismoaren eta inboluzioaren kontrakoa". "Aniztasunaren alde bagaude, euskararen alde egotea koherentea da, berdintasunean sinestea eta euskaltzale izatea koherentea da eta Bizikidetzan sinesten badugu, gurean euskarak lekua duela aldarrikatzea eta praktikatzea koherentea da", adierazi du.

Hizkuntza ekologia eta bizikidetza
Kontakizunak eraikitzea helburu, bi kategoria nagusitan banatu dute materiala; alde batetik, Ekologiatik azpimarratzen diren baloreak, hizkuntza aniztasuna barne; eta beste aldetik, gatazken kudeaketan bizikidetzari dagozkionak. Betiere, Nafarroa joka leku gisa ulerturik.

Hizkuntza ekologiari dagokionez, Nafarroaren ezaugarri gorena aniztasuna bada, "euskara
Nafarroako aniztasun eta aberastasun kulturalaren isla da", azaldu du Sagardoik. Euskara
sustatzearena "aniztasunaren eta aberastasunaren aldeko" eta "uniformitatearen kontrako" hautua dela nabarmendu du. Hezkuntzari ere aipamena egin dio atal honetan: "Euskaraz eta gaztelaniaz bizi ahal izateko jakintza nahikoa bermatzen duen kalitatezko eredu inklusiboa da egokiena eta justuena; halakorik ez den bitartean, euskarazko eredu guztiak, (A, B eta D ereduak) kalitate handiko ereduak izatea desiragarria da".

Bizikidetzari dagokionean, euskara biziberritzeko prozesuaren gainean gatazka dagoela aipatu du Zapatak: "Ikuspegi ezberdinak daude, beraz, gatazka egotea naturala da". Gatazka horiek, "era demokratikoan" kudeatu behar direla adierazi du Zapatak. Halaber, Nafarroan “euskara eta gaztelania estatus bera eduki behar lukete”, biziraupena bermatua izan ditzaten. "Onuragarria da Nafarroan euskara osasuntsu egotea, gizarte hobea izaten laguntzen baitu: aberatsagoa, pluralagoa", eta, horrenbestez, "nafar orok etorkizunean euskaraz jakiteak herritarren arteko eskubide berdintasunean lagunduko luke", aldarrikatu du Sagardoik.

Jardunaldian beste ahots batzuek ere euskararen aldekotasunaren bueltan hausnartu dute. Eduardo Apodakak "Harreman, praktikak eta afektuen zirimolak" izenburupean hausnarketa egin du, jarreren eta erabileraren arteko harremana abiapuntu izanik. Kataluniatik, Marina Masseger soziolinguistak argudioak eskaini ditu biziberritze prozesuekiko interesik ez dutenekin lantzeko. Horretaz gain, bi mahai inguruk itxi dute goizeko egitaraua, ildo diskurtsibo berriak hizpide izan dutela. Arratsaldean, Ongi egiten dugu Iruñekoak izateko podcasta zuzenean grabatu dute, goizean landu diren argudioak hizketa-gai izan direla.