Atletismoa

Sakanako Atletismo Kopa bueltan da

Guaixe 2024ko api. 25a, 12:00
Bi korrikalari, joan zen urteko Aitzkibil lasterketan. ARTXIBOA

Mankomunitateak Sakanako lasterketetan parte hartzea sustatzen duen txapelketa berreskuratu du. Aitzkibil eta Ziordiko Lasterketa Solidarioa izango dira puntuatuko duten lehenak

Pandemia eta hainbat arrazoi zirela medio azken urteetan ez da Sakanako Atletismo Kopa jokatu. Sakanako Mankomunitateak kopa berreskuratzea erabaki du, eta aurtengoa hamazazpigarren edizioa izango da. Mank-ek Nafarroako Gobernuaren eta Dantzaleku Sakana atletismo klubaren laguntza du kopa antolatzeko, eta babeslea Lasa Kirolak denda da. 

XVII. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarian lau probek puntuatuko dute. Lehena maiatzaren 19an Urdiainen jokatuko den XVIII. Aitzkibel elkartasun krosa izango da, bigarren ekainaren 15eko Ziordiko XI. Lasterketa solidarioa, hirugarrena irailaren 21eko Ergoienako XVIII. Bira, eta laugarrena abenduaren 8ko Zubeztia Elkartearen XLIII. Lasterketa, Altsasun jokatuko dena.

Sakanako XVII. Atletismo Koparekin korrikalari sakandarrek ibarreko lasterketetan parte hartzea sustatu nahi da. Horrela, lasterketa hauetan parte hartzen duten Sakanako hamar korrikalari onenek puntuatuko dute, 10 emakumezkok eta 10 gizonezkok. Parte hartzeko, gutxienez urtebete lehenagotik Sakanan erroldatuta egon behar dute. Bestalde, Kopan puntuatzen dituzten lau probetatik hirutan parte hartu beharko dute korrikalariek, Kopako azken sailkapenean puntuatzeko. Sariei dagokienez, txapeldunek 80na euro lortuko dituzte kirol materialean, bigarrenek 60na euro, eta hirugarrenek 40na euro. Lau lasterketak osatzen dituzten korrikalarien artean sari bat zozketatuko du antolakuntzak. 

Sakana, lasterketaz lepo
Apiriletik aurrera bata bestearen atzetik datoz kirol ekitaldiak. Uztailera bitartean atletismo proba eta mendi lasterketa ugari ditugu aurretik. 

Maiatzaren 4an jokatuko da Bargagaingo Igoera Izelai Hotela sari nagusia, Nafarroako Atletismo Federazioaren Navartrail Koparako baliagarria den mendi lasterketa. Dantzaleku Sakana atletismo klubak antolatuta, 10:00etan abiatuko da Foruen Plazatik. 22 km-ko proba da, eta ibilbide berria du. Besteak beste, Altsasuko portua, Santa Marina eta Atxumendiko iturria lotzen ditu. Izena ematea, eta informazioa, dantzalekusakana.com webgunean. 

Maiatzaren 19an XVIII. Aitzkibil Elkartasun Krosaren txanda izango da. Iturmendiko Aitzkozar, Bakaikuko Bakarrekoetxea eta Urdiaingo Tintiniturri elkarteak elkarlanean antolatzen duten lasterketa da. Hiru herriak batuz jokatzen da (7,6 km), eta 4,3 km-ko ibilbide laburragoa ere badu. Aurten ere Urdiain izango da abiapuntu eta helmuga. Lasterketa solidarioa da, eta Mila Kolore elkartea lagunduko du. Aurki zabalduko da izena ematea (dantzalekusakana.com). 

Ekainaren 9an Lakuntza-Aralar mendi lasterketa jokatuko da, 9:30ean abiatuta, bi distantziatan: Luzea (26 km) eta Motza (13 km). Aurretik, 8:30ean, mendi ibilbidea abiatuko da, lasterketa motza kontrako ibilbidean egingo duena. Ibilbide luzeak Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa erabakiko du, eta Nafarroako Zirkuiturako baliagarria izango da. Izena ematea zabalik dago ekainaren 7ra arte (lakuntza-aralar.com). 

Ekainaren 15ean Ziordiak hartuko du lekukoa, XI. Ziordiko Herri Lasterketa solidarioa jokatuko baita, Ziordia Running eta Ziordiko Udalak antolatuta. 17:00etan haurren lasterketa jokatuko da eta 2 km-ko martxa solidarioa abiatuko da. 18:00etan, 6,8 km-ko nagusien lasterketa abiatuko da. Aurten lasterketak Paris 365, KM X ELA eta Aurrera Markelekin ekimen solidarioak lagunduko ditu, eta izena ematea zabalik dago (ziordirunningtaldea.com). Parte hartzeko haurrek bi kilo janari eman beharko dituzte eta Markelen aldeko txartelak erosi, eta helduen kasuan lau kilo janari eraman eta Markelen aldeko txartelak erosi beharko dituzte.

Bukatzeko, ekainaren 30ean X. Triku Trail mendi lasterketaren txanda izango da, Etxarri Aranatzen. Ohiko lasterketak 21 km ditu, eta aurten 10 km-ko lasterketa laburra antolatu dute, lehenengoz. Laburra Euskal Herriko Mendi Lasterketako Koparako baliagarria izango da. Izena ematea zabalik dago (trikutrail.com).