Goi tentsioko lineen aurrean "herri biziak" aldarrikatu dituzte

Guaixe 2024ko api. 30a, 10:05

Goi tentsioko lineen kontrako ekitaldia Iruñeko Gaztelu plazan egin zen. UTZITAKOA

Iruñeko Gaztelu plazak goi tentsioko argindar lineen kontrako kultur jardunaldi aldarrikatzailea hartu zuen. Bizi baldintza duinetan bizi diren herriak aldarrikatu zituzten.

Autopista elektrikorik ez! plataformaren Alarma gorria kanpainaren barruan egin zen Iruñeko topaketa. Han elkartu ziren Iltzarbe ibarreko, Iruñerria, Goierri eta Sakanako herritarrak. Plataformako kide diren 24 alkateen izenean manifestua irakurri zen. Red Electrica Española eta Forestalia proiektuen kontrako hamahiru urteko borrokaren errepasoa egin ondoren, "izapidetze irregularra, ikusezina eta legez kanpokoa" salatu zuten, eta, horren ondorioz, "ministerioak baimen administratiboak eman berri ditu, nahiz eta proiektu horiek eragin kritikoa eta onartezina duten".

Aldi berean, gogorarazi zuten proiektuen kontrako oposizioak gizartearen zilegitasuna duela, 14.000 alegazio bildu zituztela eta makina bat alkate eta kontzejuetako presidente kontra daudela gogorarazi zuten. "Eskura ditugun bide guztiak erabiltzeko borondatea” iragarri zuten. Dagoeneko emandako baimenei helegiteak aurkeztu dizkiete. Era berean, alkateek batasunaren aldeko apustua berretsi zuten, hobekuntza nabarmenak lortu baititu, baina oraindik ez dira nahikoak, "gardentasunetik, elkartasunetik eta irizpide- eta jarduera-independentziatik abiatuta".

Plataformako bozeramaile Alberto Friasek esan zuenez, "lineen aurkako borroka herrikoiak bere sustatzaileen aitzakia tristeak desegitea lortu du. Herri txikien lana" aldarrikatu zuen, "proiektuak hiru aldiz baztertzeko duten gaitasunagatik, ikasketa kolektiboko bide luze honetan badakigu inork ez duela defendatuko guk defendatzen ez dakiguna". Gaztigatu zuen bide legalak ez direla nahikoak eta herri mobilizazioari balioa eman zion.