Mexikok Pilota Mundiala irabazi du

Guaixe 2014ko ira. 23a, 08:42
Alberto Ongay eta Fernando Medinaren arteko finala.

6 urrezko domina izan ditu Mexikok eta 4 Espainiak. Tartean dago Alberto Ongayk lortutakoa

Bukatu dira Mexikon jokatu berri diren Euskal Pilota Mundialak. Azken unera arte txapeldun absolutua nor izango zen zalantzan egon da, baina azkenean Mexikok irabazi ditu Mundialak, 11 domina lortuta, horietatik 6 urrezko, 2 zilarrezko eta 3 brontzezko. Espainiako selekzioak domina gehiago lortu ditu, 13, baina horietatik 4 urrezkoak izan dira, 4 zilarrezkoak eta 5 brontzezkoak. Urre gehiago izateak eman dio txapelketa Mexikori. Frantzia sailkatu da hirugarrena, Argendina laugarrena, Cuba bosgarrena eta Uruguay seigarrena.

Mundialean lehiatu diren artean Alberto Ongay dugu. Aspeko pilotari ohi satrustegiarra buruz buruko esku pilota modalitatean aritu da. Finalerako sailkatu zen eta Mexikoko Fernando “Momo” Medinaren kontra jokatutako final estu eta gogorrean 10-9 eta 10-7 irabazi zuen Ongayk, urrezko domina kolkoratuz. Bi pilotari profesional ohiek sekulako maila erakutsi zuten.