"Euskara praktikatzearen gauzarik hoberena da ez dugula mugitu beharrik"

Guaixe 2024ko mar. 28a, 11:00
Igor Lanz Rapun Satrustegin.

Igor Lanz Rapunek euskara ikasi du. AEK-ko ikasle satrustegiarrak, Korrika pasata, bere euskalduntze prozesua nolakoa izan den eta den azaldu digu

Euskaraz daki eta euskaraz ederki hizketatzen da Igor Lanz Rapun. Baina beti ez da horrela izan. Milaka herritar bezala berak ere bere burua euskaldundu du.

Euskara ikasi aurretik eta ondoren Korrikan parte hartzea desberdina da?
Parte hartzea beti da oso momentu berezia, oso espeziala, hunkigarria. Bai lehen, bai orain berezia da. Halako mugimenduaren parte sentitzea eta km bat eta hainbat egitea, lekukoa hartzea. Beti izan da polita. 

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea? 
Arrazoi handiena, segur aski, hemengo jendearekin gure hizkuntzan hitz egitea da. Eta beti izan zen arantza bat nire bihotzean. Nire familia euskalduna da, aitona lakuntzarra eta amona satrustegiarra. Amonak ezin zuen euskara asko hitz egin; politte, ondarrak, horrelako hitzak bai. Nire lehengusuek, adibidez, txikiak zirenetik. Haiek hitzak edo txisteak esan, nik, arrebak edo amak ezin genuen ulertu eta beti izan da behar bat. Politte, puzkerra, ez dakit... Lehengusuengandik hori ikasi nuen. Kasualitatez, edo ez, kanpoan ibili ondoren eta ingelesa ikasi ondoren, euskara ikasteko garaia iritsi zen. Ordutik horrela gabiltza, beti aurrera, eta mingaina kanpoan ahal dugunean. Zerotik hasi ginen.

Aurretik zer harreman zenuen hizkuntzarekin?
Ama Aragoikoa da. Han hasi ginen eskolan. Estatuko hainbat lekutan bizi izan ginen. Ez genuen aukera euskara ikasteko. Hamar urterekin Zizurrera bizitzera iritsi ginen. 

Nola ikasi zenuen euskara? 
Euskara ikasteko denetarik egin genuen, online izan ezik. Horretan saiatu nintzen baina ez zait batere gustatzen. Gure seme-alabak txikiak zirenean hasi ginen aldaketa egiten, eskolara joan behar zutenean. Bi urtez egon ginen astean behin ordu bat euskaraz hitz egiten, eta beste bat ingelesez; emakume batekin lehenik, neska batekin ondoren. Bi urtetan, hitz egiten ez dakit nola hasi ginen, ausartu ginen; bai, ez, aditzak. Horiekin oraindik kili-kolo gabiltza, baina horrela hasi ginen. Poliki-poliki hasi ginen hitz egiten. Ikusi genuen prozesua oso motela zela. Ondoren euskaltegira joan ginen, lehendabiziko urtea Euskarabidean eta ondoren Irurtzunen, AEKn. Seme-alaben adin bera daramagu euskara ikasten, 10 urte gutxienez, tiki-taka, tiki-taka. Hasieran pentsatu genuen, gizajoa ni, haiekin ikasiko genuela. Guk beste hizkuntza ikasi genuen, gure tresnekin ikasketa paraleloa egin ahal genuela uste genuen. Ezta pentsatu ere. Haiek ziztu bizian txirrindula indartsu batekin hasi ziren ikasten, super azkar eta gu gure triziklo txiki batekin ttiki-ttiki, ttiki-ttiki, poliki-poliki. Badakigu lasterketa hori galduta daukagula hasiera-hasieratik. Baina bakoitza bere erritmoan. 

Trabarik bidean?
Segur aski nire oztopo handiena aditzak dira, eta lehen aldia. 

Laguntzarik?
Nik beti pentsatu dut hizkuntzak ikasteko kanpora joan behar ginela, praktikatzeko eta hango jendearekin hitz egiteko. Euskara praktikatzearen gauzarik hoberena da ez dugula mugitu beharrik. Hemengo jendea beti-beti sumatu genuen, hasiera-hasieratik, pazientzia handiarekin; eskertu zuten gure ahalegina. Ez dugu inoiz ikusi aurpegi txar bat. Gu hasten baldin bagara euskaraz inor ez da erdarara aldatu, ez telefonoz, ez lanean. Orain moldatzen gara, gure akatsekin, baina moldatzen gara. Baina pentsa orain dela 10 urte. Hizkuntzak ikasteko praktikatu behar dugu, gure garuna, behintzat nirea, ez du ikasteko beste modurik. Beraz, hori eskertzen da eta beharrezkoa da. 

Hasiera hasieratik hizkuntza erabiltzen, beraz. 
Bai, bai. Gu horrela hasi ginen. Nik sekula ez dut txikitan euskara eskolan ikasi. Genekienarekin hasi ginen hitz egiten. Ondoren konturatu ginen -tzen lehen aldia zela eta iragana adierazteko edozein gauzetarako erabili nuen. Gure modura, poliki-poliki. Beti ausartu ginen, hori bai; guretako hori abantaila bat zen. Baina, egia esan, hizkuntzak ikastea ez zait batere gustatzen. Ahalegin hori ere egiteke dago oraindik: jarri taula horiek, saiatu, ikasi, praktikatu nire kabuz eta ez dut hori egiten; beti kalean. Azkenean, jendearekin harremanak izatea da tresnarik hoberena. Satrustegin helduek gutxi hitz egiten dute euskaraz. Nire birraitonak eta birramonak ikasi zuten, amonak galdu zuen. Aitak den-dena ulertzen du, baina nik bera baino gehiago hitz egiten dut. Hobe agian ez, berak Lakuntzako hitz polit horiek dakizki. Nik horiek noizbait ikasiko ditut.  

Zer aholku emanen zenion euskara ikasten ari denari? 
Ziur nago jendeak bere burua ezagutzen duela; bakoitzak dauzka bere tresnak, bere estrategiak. Baina niretzat inportanteena: praktikatu, ahal dugunean euskaraz bizi eta edozein euskaldun topatzen dugunean beti euskaraz hitz egin. Niretzat puzzle bat bezalakoa da. Pieza batzuk bakarrik neuzkan poltsikoan eta neuzkan piezak bota nituen, eta berak, euskaldunak, esaldia osatzeko bilketa egin behar zuen. Eta horrela hasi ginen elkar ulertzen, komunikatzen. 

Puzzle horren pieza gutxirekin komunika daitekeelako, ezta? 
Gure kasuan bai. Azkenean, niretzat inportanteena hori da, ez dakit ausardia den ala ez, baina, gutxienez, beldurra kendu eta praktikatu. Euskaldun guztiek eskertzen dute ahalegin hori. Eta handik aurrera ahalik eta azkarren pieza horiek hobetu, konpondu eta gainditu.

Zer eman dizu euskara ikasteak? 
Poztasun handia. Bereziki gaur egun nire familiarekin hitz egitea, oso hunkigarria da. Eta, egia esan, hitz egitea praktikatzeak lana ere. Guk haur jolasak, scape room edo ihes gelak eta hainbat ekintza prestatzen ditugu. Askotan guk lan egiten dugu euskaragatik. Bai euskara zerbitzuek edo herri euskaldunek deitzen digute, hitz egiten dugulako eta hasiera-hasieratik saiatzen ari ginelako. Gogoratzen dut gure lehenengo aldietan Etxalekun, umeendako jolasak prestatzen, hasi ginen: "arratsalde on, guztioi". Eta gero umeei galdezka jarraitu nuen: "nola esaten diozue horri? Zer da hori? Itzala. Hori itzala esan nahi nuen". Hasi nintzen, hasi nintzen eta handik aurrera udalak edo instituzio guztiak ikusi zuten gure euskara maila eta ez zuten arazorik ikusi. Telefonoz hitz egiten beti esaten nien: "badakizu zer euskara maila dudan nik, zenbat akats egiten ditudan, baina ekintzak funtzionatzen du eta ongi joango da. Bai, bai. Horregatik arazorik ez". Titulitis hori inportantea da, baina gure kasuan inork ez digu titulurik eskatu. Baina behin jarrita, guretzat ikasteko beste modu bat da ikasteko, beste aitzakia bat ikasteko, beste bultzada bat ematea eta azterketak gainditu ditugunean sorbaldan emandako zapladatxo baten modukoa da. Azkenean bi motibazio horiek daude.