Odol emaileei omenaldia egin diete

Maialen Huarte Arano 2016ko urt. 13a, 09:32

Zazpi uhartearrek urrezko eta zilarrezko dominak jaso dituzte egindako odol emateengatik.

Lau urrezko domina eta bi zilarrezko banatu dituzte Uharte-Arakilen. Odol emaileei omenaldia egin diete aurten ere. Urrezko dominen artean, hiru, emakumezkoendako izan dira: Ana Maria Azkona, Ana Maria Etxarri eta Maria Elena Lakuntzarendako. Hirurek ere 50 odol-emate egin ditu bakoitzak. Horregatik, eta esker onez, urrezko domina eman zieten joan den igandean. Haiekin batera, Miguel Ihabenek ere urrezko domina jaso zuen. 25 odol-emate egiteagatik Eneko Martiarenak, Ines Etxabarri Cerdanek eta Javier Zubietak zilarrezko domina bana jaso zuten.

Odol emaileen Adona elkarteko presidenteak, Jesus Mari Masek eman zizkien domina horiek eta eskertu egindako dohaintza. Ekitaldia gidatzen Joxe Mari Ustarroz ere izan zen eta Uharteko alkateak ere hartu zuen parte, Ainara Aiestaranek. Adonako presidenteak herriko odol emaileen datuak eman zituen: "180 uhartear dira odol emaileak. Joan den urtean 40 bizilagun izan ziren odola ematera animatu zirenak eta guztira 66 odol poltsa eskaini zituzten, haietatik 51 Uharten bertan. Bestalde, bi uhartear odol emaile izan ziren lehenengoz 2015ean". Odola ematearen garrantzia azpimarratu zuen Masek eta dei egin zuen jendeak kontzientzia hartu eta odol-emaile izateko.

Omenaldi xumea egin zieten odol emaileei Uharten. Aralar Mendi elkartean bildu ziren. Lehenbizi mahai inguruan, hamaiketakoa egiten. Lehenik hori bai, herriko apeza, mezaren ostean bertaratu zen mahaia bedeinkatzera. Erritua eginda, elkarrekin izan ziren eguerdi partean. Ondoren, sariak banatu zituzten eta familia argazkia egin.

1.800 odol emaile berri izan ziren joan den urtean Nafarroan. Gehienak gazteak; 25 eta 35 urte artekoak izan dira. Dena dela, jende gazteari kosta egiten zaio pauso hori ematea eta ohartarazi du Masek beharrezkoa dela erreleboa, bestela, arazo bilakatuko da odola falta eginen delako. Azaldu du herritarren %70 prest legokeela odola emateko, hala adierazten dute galdeketen emaitzek baina, eskatuz gero joaten dira odola ematera. Falta den urratsa egiteko maiztasuna da gakoa. Odol emaile izatea norberak hartu duen erabakiagatik izan behar da eta ez beharraren arabera.

Odola emateko, deia
Garagarzaroaren 14 da odol emaileen nazioarteko eguna. Data hori iritsi aurretik uhartearrek hitzordu garrantzitsua dute herrian: martxoaren 10ean izanen da aukera odola emateko. Herrira joanen da odola hartzen duen autobusa eta bertan egin ahal izanen da odol-ematea. Hain zuzen, Joxe Mari Ustarrozek gogorarazi du Uharten egindako lehen odol dohaintza: "Auto istripua izan zen eta emakumezko bat larri zegoen. Herritar batek egindako odol emateari esker iritsi zen ospitalera bizirik emakume hura". Hortik, odola ematearen inportantzia.

Nafarroan duela urte batzuk aldatu egin da odolarekin jokatzeko modua. Garai batean, beharrezkoa zen odola jasotzen zen eta beste zenbait poto gordailuan izaten ziren behar zenerako edo beste erkidegoetara bideratzeko. Orain baina, beharren arabera baina ez da izaten odola.