2016ko kintoak

Kintoak hasi dira eskean Uharte Arakilen

Guaixe 2016ko ots. 5a, 10:34

Atzo hasi zituzten ospakizunak Uharte Arakilgo aurtengo 11 kintoek

Uharte Arakilgo aurtengo 11 kintoek atzo hasi zituzten kinto ospakizunak. Ondokoak dira aurtengo kintoak: Sua Herrador, Leire Fernandez, Mikel Martiarena, Jon Arenaza, Ane Mendinueta, Sara Baigorri, Olaia Agirre, Andoni Zazpe, Nahia Lakuntza, Aritz Guillerme eta Luis Beraza. Atzo bazkaltzera bildu ziren eta arratsaldean baserrietan aritu ziren eskean. Ohitura denez, udalak mojen etxeko gela bat utzi die kintoei eta ospakizun egun hauetan bertan lo eginen dute guztiek.

Gaur goizean, fabriketara joanen dira eskatzera eta arratsaldean eta larunbatean herriko kale guztietatik barna ibiliko dira eskean. Hamaiketakoak, bazkariak eta afariak Uharteko taberna eta jatetxeetan eginen dituzte. Eskean aritzen diren bitartean musika lagun izanen dute, eta bonboaren doinuak ezin dira falta Uharten. Larunbatean ihote ospakizunekin bat egingo dute eta mozorrotuta ikusiko ditugu kintoak.