Uhartearrak Iberoko hobian

80 urteren ondoren, memoria ariketa

Guaixe 2016ko uzt. 20a, 08:53

Asteazkenean, 20:00etan, udalak eginen duen bilkurara joateko gonbidapena egin zaie uhartearrei.

Francisco Francok eta beste militar batzuk estatu kolpea eman zutela 80 urte herenegun bete ziren. Bi egun geroago Uharte Arakilgo alkatea, Silverio Astiz Lakuntza, atxilotu zuten; lastailaren 28an Iberon fusilatuko zuten. Alkatearekin batera beste bi uhartear fusilatu zituzten:  Silverio Astiz Ezkurdia (alkatearen semea) eta Victor Martirena Irañeta (bere gorpua Iberon identifikatu dute). Azken biak UGTko kideak ziren.

Eraildako uhartearrak eta “errepresio bortitza” jasan zutenak gogoan, urteurrena dela eta Uharte Arakilgo Udalak gai bakarreko osoko bilkura berezia deitu du gaurko. Udalbatzak “memoria historikoaren berreskuratze, errekonozimendu eta birgaitzearen” aldeko instituzio-adierazpena onartuko du. Udaletik uhartearrei batzarrera joateko deia egin zaie.

Ainara Aiestaran Ijurko alkateak jakinarazi duenez, “udalak hiru hilabete daramatza Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen elkartearekin elkarlanean aipatutako helburuen alde”. Aiestaranek, bestalde, nabarmendu du Uharte Arakilgo Udala, “ahal dugun heinean” hiru uhartearren gorpuak hobitik ateratzeko egiten ari diren lanak babesten ari dela.

Egitaraua
20:00etan Memoria historikoaren berreskuratze, errekonozimendu eta birgaitzearen aldeko  instituzio-adierazpena onartuko da bilkura monografikoan, udaletxean.

22:00etan Udaletxe plazan, dokumental baten proiekzioa, Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen elkartearen eskutik.