Gaur, martxoak 31, 19:43an, 20 urte beteko dira Bartzelona eta Hendaia lotzen zuen Miguel de Unamuno intercity trena Uharte Arakilen bidetik atera zela. Aste Santu akabera hartako ezbeharrak 18 hildako eta 10 zauritu utzi zituen, haietako 5 larri. Hildakoetako bat emakume altsasuar bat izan zen.
Ezbeharra gogoan, urtero moduan, tren istripua pairatu zutenak, bai hildakoak, bai bizirik atera zirenak izanen dituzte gogoan Uharte Arakilen. Hildakoak gogorarazteko igandean elizkizuna izanen da Uharte Arakilgo elizan, 12:30ean, eta ondoren, ezbeharraren tokian dagoen oroigarrian lore eskaintza egingo da.
Ez da ahaztu behar istripuaren tokira iristen lehenak eta erreskate lanetan laguntza eman zuten lehenak uhartearrak izan zirela. Zaurituak euren autotan eraman zituzten ospitalera batek baino gehiagok. Zaurituak etxean hartu zituztenak ere asko izan ziren. Laguntza iritsi zenean ere trenetik zaurituak eta hildakoak ateratzeko langintzan aritu ziren uhartearrak.