Iturriko pilarea konponduta

Guaixe 2021ko mai. 12a, 08:51

Udalak larunbaterako auzolana deitu zuen, aste bat lehenago hautsitako pilarea konpontzeko.

San Joan plazan iturri publikoa dago, barandadun plazatxo batez inguratuta. Estilo neoklasikoko iturria da, eta bost maila dituen idulki baten gainean dago. Maskor formako harraskak ditu, Uharte Arakilgo armarriarekin apaindutako zilindro-formako harrizko fustea eta loreontzi batekin bukatutako kono-formako errematea ditu. 1893ko data ageri da. Pedro L. Echeverria Goñi eta Ricardo Fernandez Graciaren La Parroquia de San Juan en el conjunto urbano de Huarte Araquil liburuan jaso zenez, Uharte Arakilgo Udalak 1864an erabaki zuen San Bartolomeko iturburutik ura herrira eramatea eta San Joan plazan iturria egitea. 

Gutxi faltako zuen eta, bakarren batek lagunduta, iturria inguratzen zuen itxiturako harrizko pilare bat hautsi zen apirilaren 23tik 24rako gauean. Hura konpontzeko auzolana deitu zuen Uharte Arakilgo Udalak larunbaterako. Eta itxiturako pilarea dagoeneko osorik dago.