Juanjo eta Idoia

“Bolumen pixka batek seriotasun bat ematen dizu entitate batzuen aurrean”

Guaixe 2024ko mar. 12a, 14:30
Juanjo Gorrotxategi Larrea eta Idoia Tapia Lusar berritzen ari diren etxebizitzen aldamenean.

Uharte Arakilgo Itxesia auzoko hamalau etxebizitza atari edo bloke eta 56 etxebizitza hartzen dituen esku hartze orokorreko proiektua egiten ari dira. Idoia Tapia Lusarrek eta Juanjo Gorrotxategi Larreak azaldu dute zergatik ari diren lanak egiten, eta nola. 

1. Etxeko leihoetatik aldamioak besterik ez dituzue ikusten?
Idoia. Hala da, sare urdina besterik ez dugu ikusi denboraldi batean. Baina pozik hala ere. Lastailean muntatu zituzten. Gurean despedituta dituzte lanak dagoeneko. 
Juanjo. Gurean lanak aurreratuak dituzte. 

2. Zer lan egiten ari zarete? 
I. Batetik, pisuetan inguratzaile termikoa jartzen ari gara. Zera, teilatua aldatu dugu. Ideia 12 cm-ko lodiera duen isolatzailea jartzea zen, baina 6koa jarri dute. Gainean teilak jarri dituzte. Eta teilatupean beste 6 cm-ko isolatzailea. Teilatua erabat berritu dute. Gainera, fatxada denak isolatzen ari dira 12 cm-ko isolatzailea jarrita.

3. Zergatik lan hori? 
J. Etxe hauek dagoeneko 45 urte inguru dituzte; pixka bat zahartuta daude, eta berritze premia handia zuten. Bestetik, etxeko leihoak eta ateak kalitate hobeagokoengatik aldatu ditugun eran oso nabarmen gelditu ziren etxebizitzen gabeziak: habeetako hotz-bero transmisioak eta hori guztia. Horrek zerbait osatuagoa egitea eskatzen zuen.  
I. Etxe barruan ez baduzu ezer egin, esaterako, kisu laminatuzko plakak jarri paretetan, oso agerikoak dira hezetasuna-eta. Bestela, gauean aldaketa termiko oso handiak egoten ziren, lau gradu edo gehiagokoak. Pasada bat zen. Dagoeneko aldaketa nabaritzen dugu. Eta teilatua berritzea premiazkoa da. Gu teilatupean bizi gara eta handik bero galerak genituen neguan eta bero sarrerak udan. Gainera, teilak duela 45 urtekoak ziren eta materiala deseginda zegoen eta aldatzea beharrezkoa zen. 

4. Zer onura ekarriko dizue horrek?
J. Ez dakit zenbat, baina berogailuan pila aurreztuko dugu. Eta ez da aurreztea bakarrik. Azkenean bizi kalitatea da: goxotasuna etxe barruan, etxea agudo berotzea, beroa errazago mantendu... Bizitzeko askoz gaitasun hobea da. 

5. Lan horiek egiteko atari bat baino gehiago elkartu zarete. Zer onura du elkarrekin egiteak?
I. Arkitekto taldeak proiektu bakarra egiten du denondako. Eraikuntza enpresekin aukera gehiago dituzu, lehiakortasun handiagoa lortzen da. Atari bakar bat egiteko enpresa askok ezezkoa ematen dute. Baina batzuk izanda, lan bolumen handiagoa izanda, animatu egiten dira. Horrek berak aurrezteko aukera ematen dizu, eta zuretako ere onuragarria izatea. Gaur egungo egoera ezagututa, denok gure poltsikoa begiratu behar dugu. 

6. Guztira 56 jabe zarete, denak ados jarri zarete? 
J. Hamalau atarietatik zazpi egitera goaz momentu honetan. Atari bakoitzean denok desberdinak gara eta kosta egiten da. Hori da arazo handienetakoa. Baina Idoiak esan duenarekin: bolumen pixka batean sartzen zarenean seriotasun bat ematen dizu entitate batzuen aurrean; udalarekin-eta harremanak izateko. Nasuvinsarekin ere bai. Bolumena hartzearena jendeak ikusi egiten du, eta gero onuragarria da... 

7. Kanpoan gelditu diren etxebizitza blokeek bat egin dezakete proiektuarekin oraindik?
I. Bai, Europako Pree 5000 dirulaguntza eskatzeko epea abenduan luzatu zuten. Garilaren 31ra arte eska dezakete kanpo gelditu zirenek. Guk auzo osoa zaharberritzea nahiko genuke. Baina bere etxea birgaitu nahi duen beste edozein herritarrek ere eskatu dezake. Guk finka administratzaile batekin lan egin dugu. Epeak oso zorrotz bete ditu eta, egia esan, guretako oso lagungarria izan da. Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) dirulaguntza jaso dugu. Hor diru mordoa dago eta bukatzen denean bukatu da. Ilaran jartzen zaituzte. 

8. Atari asko zaretenez, esku-hartze orokorreko proiektua da zuena. Nola egiten da? 
J. Orain hiru urte lau lagun elkartu eta hitz egiten hasi ginen: zer edo zer egin beharko genuke. Orduan Sakanako Mankomunitatearen egoitzan dagoen etxeen zaharberritze bulegoko teknikoarekin bilera izan genuen. Informazioa jaso nahi zuen jende gehiagok joan nahi ote zuen galdetu genuen. Haietako bat Patxi Betelu Aierbe zen. Berak guk baino bizpahiru urte lehenago aurreneko pauso batzuk emanda zituen, baina ez zuen aurrera egin lanak. Baina han zegoen hark egindako lana, baita orduko aurrekontuak ere. Guretako oso erreferentzia ona izan zen. Teknikariak Nasuvinsara bideratu gintuen. Eta hain justu Nasuvinsak horrelako lanetarako teknikari bereziak jarri zituen. Haiekin oso harreman ona izan dugu. Udalak ere lan hauek egiteko interesa zuen. 

9. Laguntza teknikoa izan duzue? 
I. Bai. Hura gabe oso zaila litzateke. Hainbat bilera egin ziren udaletxean, udalarekin, Nasuvinsako teknikariekin, arkitektoarekin, finka administratzaileak dena pausoz pauso azalduta: zein izanen zen prozesua, noiz eskatuko ziren dirulaguntzak, noiz jasoko genituen... Hiru urte eman ditugu. Teknikaririk gabe, guk hori ematea ezinezkoa litzateke. Eta IDAEko dirulaguntzak lortzearena, ufa!
J. Eskertu beharreko jendea da. Nasuvinsako lau teknikari pasa dira, zein baino zein jatorragoa. 

10. Eta dirulaguntzarik?
I. Bai, handiak dira, %54 edo.
J. Laguntzak, esaterako, hirutik bi heldu dira Europatik, eta beste zatia Nafarroako Gobernuak jartzen du. Udalak berak ere zer edo zer ematen du. 

11. Obrak noiz hasten diren badakigu, baina bukatu?
I. Ez dakigu. Lau hilabete esan zuten, luzatuko dira, baina ikusten da aurreratzen dutela. Aparejadorea maiz ikusten dut, arkitektoa ere bai. Beraz, ari dira, poliki baina ongi. 
J. Dudarik gabe lanek mereziko dute. Batzuk dagoeneko gozatzen ari dira, Idoia esaterako. Gainontzekoei iritsiko zaigu.