Unenuarrak elkartearen urteurrena ospatu dute

Guaixe 2023ko ira. 26a, 09:00
Unenuarrak Denok Bat elkartean elkartuta. UTZITAKOA

Mende erdi bete duela eta hilaren 16an ospatu zuten.

Zehatz-mehatz zein urtetan sortu zen ez badakite ere, unenuarrek argi dute Denok Bat elkarteak 50 bat urte dituela. Eta hori ospatzera elkartu ziren irailaren 16an, larunbatean. Elkarteak unenuar guztiak auzatera gonbidatu zituen 13:00etan. 80 bat pertsona elkartu ziren ospakizunean. Ondoren, bazkideendako bazkaria izan zen. 52 bat izan ziren mahaiaren bueltan eseri zirenak. Majo bazkaldu ondoren kosta zitzaien mahaitik mugitzea, akordeoilariaren doinuak lagun, iluntzera arte egon ziren. 

Denok Bat elkartea unenuarren elkartzeko tokia da. "Eguerdi eta iluntzero bakarren bat izaten da elkartean, jubilatuak-eta. Jendea ere tragoak hartzera joaten" dela azaldu du Santiago Berastegi Lizarragak, zuzendaritzako kideak. "Badira afaltzera elkartzen direnak. Hala ere, afari handirik ez da egiten urtean zehar, festak-eta gertu ez badaude, behintzat. Boladak daude", gaineratu du. Ospakizunei lotutakoez aparte, elkarteak azken aldian kultur jarduerak ere hartu ditu. Esaterako, Ergoiena Bizirik-ek antolatutako ipuin musikatuta, edo Sakanako Mankomunitateko Berdintasun eta Euskara zerbitzuek antolatutako Liburu dasta: literatur solasaldiak idazleekin ekimena. 

Azaldu duenez, irailaren 24an, igandearekin, elkarteko zuzendaritza berritu zuten. "Irailean berritzen dugu. Larunbatean Ergoienako Eguna Unanun ospatu zenez, igandera pasa genuen zuzendaritza berritzea". Ehun bat bazkide dira, baina jubilatuta daudenak ez dute zuzendaritzan sartzerik. Presidentea, edarien bi arduradun eta bi bokalez osatutako zuzendaritza batek kudeatzen du elkartea. Urte beterako kargua da, eta urtero guztiz berritzen da. Zuzendaritzaz aparte, egurra ekartzea eta hura txikitzeaz arduratzen den talde bat dago. Gainera, neguan egurra falta bada, bizpahiru kide egurra elkartera eramateaz arduratzen dira. 

Mende erdiko ibilbidean, Denok Bat elkarteak goitik beherako eraldaketa izan zuen 1991an egindako lanekin. Latzagoa izan zen zazpi urte pasata gertatutakoa: 1998ko ilbeltzean elkarteak su hartu zuen. Unenuarrek gogoz lan egin behar izan zuten suak eragindako kalteak konpondu eta elkartea festetarako prest izateko. 

Bestela, hilaren 23an, larunbatean, ere aparteko mugimendua izan zuten Denok Bat elkartean. Izan ere, Unanuk Ergoienako Egunaren bosgarren edizioa hartu zuen. Horregatik, elkartea zabalik izan zen. 

Erlazionatuak

Unanu elkarterik gabe

Guaixe 2023 mai 30 Unanu