Parrokiak apaiza omendu du

Guaixe 2016ko uzt. 8a, 08:36

50 urte bete dira Migel Angel Sagaseta Ariztegi apeztu zela. Gaur egun Sagasetak egunero meza ematen du Urdiainen. Dorraon eta Lizarragabengoan igandeetan, edo zerbait berezia denean.

Joan den igandean, mezan esan zuen Migel Angel Sagaseta Ariztegik 50 egin zituela apaiz gisa. Eskerrik asko kantatu zuten, “eta kitto. Nere ustez horretan bukatua zen.” Urdiaingo parrokiako kideek omenaldia prestatzeko “azpilana” egin dute astean zehar. Eta festetako asteleheneko, jubilatuen eguneko elizkizuna baliatuta omenaldia egin zioten. Meza ematen lagun izan zituen Aurelio anai zaharra eta Peio Etxabarri apaiz uhartearra. Urdiaindarren artean, berriz, Floridan moja den eta astelehenean bertan bueltan joan zen Maria Jesus arreba zaharrena zegoen.

Meza akaberan elizako ateak zabaldu eta hiru dantzari sartu ziren: Iñigo Goikoetxea, Amaia Zubiria eta Javier Zelaia. Txistuaren doinura Sagasetari aurreskua dantzatu zioten eta parrokiaren izenean Urdiainen ospakizunetan ardoa banatzeko erabiltzen den zilarrezko tazaren errepika bat oparitu zioten, ondorengo auzatean mustu zuena. “Gaur arte ez nekien herri bakoitzean tazek marrazki ezberdinak dituztela. Gaur ikasi dut.” Urdiaindarren berotasuna jaso zuen Sagasetak. “Urdiain oso eskertua da. Egiten duzunarekin konforme eta beti animoa besterik ez dut hartu nik. Behar bada, horrela nik bakean gehiago uzten ditudalako; ez dakit (barrez).”

Duela bi urte eta erdi edo pattalaldia izan zuen, “baja ikaragarria. Manera hartan ezin nuen segitu. Zortzi espezialista pasa ondoren batek esan zidan nondik zebilen bazekiela ustez. Ez zidan gehiago esan. Tratamendua jarri eta analisiek hobera egin zuten. Ordutik mejora dexente egin dut. Burua argitu zait. Ibiltzeko… lasterka ibiltzeko ez nago, baina beno. Erdi lanak eginen ditut, baina erdi-lanak egiteko bidea badaukat momentuan.” Eta gaineratu du: “Arnegiko ijito zahar hark esaten zuen moduan: Jainkoak uzten nauen bitartean segituko dut.”



Biografia laburra
Aita donamariarra eta ama oiztarra, Iturenen jaio zen duela 75 urte. Apezteko erabakia “oso erraza izan zen. Sei urte zaharragoa den anaia, Aurelio, nik beti ikusi dut etxean apezgai edo apez. Baina baziren beste apezgai asko Iturenen. Garai batean han egoten zen beti Don Jose Ignazio Telletxea Idigoras idazlea, Andres Petrirena… Hiru urte segidan hiru meza berri ikusi nituen nik herrian.” Anaia bidean zuen eta herrian beste batzuk ere, “Iñigotarrak eta.” Bera txikia zela bere hiru arreba zaharrenak moja egin ziren. “Familiatik… Bi urtez zortzi neska moja joan ziren garai hartan.”

Haiena ez zen baserri batean bizi zen familia. Anaia bat Ameriketara joan zen. Gainontzekoak Iruñera joan ziren bizitzera. “Aitak, jada, ezin zuen; zahartua zen kasik. Horregatik, utzi genuen. Aitari atake batek eman zion.”

Apezgoa
Iturenen adineko apaiza zuten, “burua kasik galdurik. Zorte handia izan genuen, hari laguntzea Don Tomas Lizarraga bidali zuten, gero Etxarri Aranatzen eta Urdiainen pixka batez egon zena.” Mutil koxkorra zela ezagutu zuen Lizarraga eta meza-mutil egon zen harekin, harreman “estua” izan zuen harekin. Iturenendako “aldaketa handia” izan zen, “haize berria, etorri berria; apez gaztea, Salamancatik orduantxe doktoratua atera berria etorri zena. Gauza guztiez entenditzen zuena. 100 kiloko gizona.”

Apezgai, “estudiante” zela seminarioan bizi izan zuen Sagasetak Vatikanoko bigarren kontzilioaren garaia. Kontzilioko garai hartan seminarioan “berriketa ikaragarria” izan zela azaldu digu. Gero batzuk uzten zuten, “baina seminarioa bete-betea egina zen. Pabiloi berria egin zen. Hirurak segidan bete ziren. 1.009 ginela uste dut sartu ginenean.” Ikasketa aldia egin eta meza berria Iruñeko San Juan Bautista edo Jesus y Maria elizan eman zuen, Konpainia kalean. “Gaur ez da existitzen. Denbora batez Jesuitena izana, gero parrokia hori katedralean egoten zena zen, baina eliza berea urte askotan egon zen. Orain, uste dut han Donejakue bidea egiten dutenendako aterpe bilakatu dutela.”

Bere seminarioko azken bi urteetan Iruñean bizi zen familia, “parroki horren inguruan bizi izan ginen.” Meza eman eta segituan handik Luzaidera bidali zuten. “Luzaiden lehen urteak dira eta gehiago sentitzen dira.” Hango dantzariekin eta harreman handitan sartu zen, “hango musikak eta biltzen. Horrelako, lanetan.” Luzaiden zazpi urte eman zituen. Leitzan zortzi. Etxarri Aranatzen 15 eta Urdiainen 20 urte egin ditu apaiz. Guztira, 50 urte apaizgoan.

Eta beti dagokion herriari dagokion ikerketaren bat egin izan du: Luzaiden “dantzariekin eta, falta handia zegoelako.” Etxarri Aranazko Konzezio ermitari buruzko liburua argitaratu zuen eta Urdiaingo elizari buruzkoa gero. “Ikerketa berezi handi-handirik egin gabe. Informazioa bilatu dut, bai. Baina azken horiek erretiroko lanak ziren. Beste lanik ez genuen eta eserita egin behar diren lanak izaten dira eta! Eserita egoteko oraindik trebe naiz.”



Egungo eliza
Seminarioa “oso listo” hustu zela azaldu digu, “handik sei urtera ez dakit hamar lagun gelditzen ote ziren. Ikaragarrizko aldaketa izan zen Iruñeko seminarioan. Gero gutxika-gutxika apeztu dira. Beste giro batean, kontzilio ondorengoan.” Hasieran apez asko ziren eta herri guztietan egoteko adina bazegoen. Baina haiek joan ahala apaiz gutxi gelditu dira.

“Gaur egun ezinezkoa da herri bakoitzera apaiz bat ekartzea. Herri asko edo bailara asko. Aldaketa etorriko da seguraski: laikoek gehiago parte hartuko dute. Baina, jakina, beti apaiza beharko dute, gehiago edo gutxiago.” Herrietako parrokiak, kristau komunitateek segituko dutela ziur da, “gero apaizaren presentzia zenbatekoa izanen den? Ameriketan esaten zutena, 50 km inguruan apaiz bakarra.” Momentuan horretara ohitu beharko dugula esan digu Sagasetak, “gero ez dakit zer aldaketa edo zer etorriko den.”