Robotika taldeak bi sari eskuratu ditu FLLn

Guaixe 2017ko ots. 16a, 14:29
Urdindarrak lortutako sariekin. Argazkia: utzitakoa.

Nafarroako First Lego Leagueko  (FLL) topaketak 22 taldetako 10 eta 16 urte bitarteko 230 bat gaztetxo elkartu zituen larunbatean. Iruñeko Planetarioan egin zen topaketan eta han talde parte-hartzaileek hainbat egiteko izan dituzte. Alde batetik, Emakume eta Neska Zientzialarien nazioarteko eguna zela baliatuta haietako hainbaten lanaren berri ematen zuten posterrak erakutsi zituzten.

Urtero moduan FLLk gai bat jarri die gaztetxoei. Aurtengoa pertsonen eta animalien arteko aliantza zen. Parte-hartzaileek munduak sortutako desafio baten aurrean konponbide berritzaile bat eman beharra dute, ikerketa, zientzia eta robotikaren bidez. Egitekoen artean zituzten balio proiektuak eta zientzia-konponbideak. Irailetik landutakoa zeinek bere standean erakutsi zuen. Urdiaingo robotika taldeak bi ordezkaritza aurkeztu zituen lehiaketara eta biak sariarekin bueltatu ziren: Elektrodinamiks programazioaren saria eta Jentiltroniks ekintzailetzarena.