Gurasoen Euskara Batzordeak familiei zuzendutako proposamena egin du: Bernoako galtzada ezagutzeko txango bat. Urdiaingo historia ondarearen arrasto hori Ion Zufiaurreren eskutik ezagutzeko aukera izanen dute joanen direnak. Zehazki, 6 eta 12 urte arteko neska mutilak eta euren guraso euskaldunak. Antolatzaileen ezinbesteko baldintza joaten diren aitak edo amak eusliek izatea da, hau da, euskaldunak. Txangoan haien artean eta haurrekin erabili beharrekoa euskara izanen baita. Eguraldiak lagunduko ez balu eta txangoa egiterik ez balego, bestelako jardueraren bat egitea aurreikusia dute. Erredakzioa ixterakoan 25 urdindar zeuden izena emanda.
Urdiaingo haurrak gaztelaniaz gero eta gehiago ari dira eta horrekin kezkatuta sortu zen Gurasoen Euskara Batzordea. Iñaki Eizmendiren aholkularitzarekin haurren euskararen erabilera handitzeko helburua jarri dute. Joan den ikasturte akaberan euslien kanpaina egin zuten eta bestelakoen beharra ikusita txangoarena egitea adostu zuten batzordean. Ibilaldiak euskara erabiltzeko gune gisa planteatu dituzte, eta gidari lanak herriko euskara poliki dakien pertsona batek gidatzea; txangoan Urdiaingo euskara erreferentziala izanen baita.