Urdiain: Kintoak 7, segizioa 21

Guaixe 2019ko ots. 8a, 11:43

Urdiaingo kintoak aterpean dantzatu izan dute zortzikoa aurreko urteren batean.

Zazpikoteak atzo zortzikoaren azken entsegua egin ondoren domekara arteko parranda du aurretik.

Peru Galartza, Beñat, Mendez, Aritz Goikoetxea, Yaiza Goikoetxea, Jon Aldasoro, Euken Perez eta Oier Galartza. Zazpikote hori da aurtengo Urdiaingo kintada. Baina haiekin batera kinto gazteak, kinto zaharrak eta beti kintoak ibiliko dira, 21 gazteko kinto segizioa osatuz. Zazpi kintoak ilbeltzeko ostiraletan Javier Zelaiarekin zortzikoa ikasten aritu dira. Azken dantza entsegua atzo izan zuten, entsegu orokorra. Eta duela sei urteko ohiturari segituz, hala nahi zuten kintoek bart parranda egin dute.

Urdiaingo gazteek pilotalekuaren azpian lokal bat dute, antroa deitzen dutena. Zazpi kintoak gaur han bazkalduko dute. Ondoren trikitilariak eta pandero-joleak lagun, axuri baten zozketarako txartelak salduko dituzte herrian barna. Euren lokalean afaldu ondoren herriko tabernak itxi arte parranda eginen dute, antroan segida emanen diotena.

Biharkoan hainbat urtetako kinto ospakizunak hartuko ditu Urdiainek. Duela 25 urte kinto izandakoek 11:30 aldera plazan zortzikoa dantzatuko dute. Aurtengo kinto zazpikoteko batzuk dantzaren lekuko izanen dira, besteak ohean egon edo nagi tieka ariko diren bitartean. Kintoak antroan bazkaldu ondoren baserrietara dirua eskatzera joanen dira. Handik bueltan Mareo tabernan afaldu eta gero Altsasun parranda eginen dute.  Baina hurrengo egunerako, domekarako fresko egon beharko dute, 11:00etan elkartean gosaltzeko hitzordua baitute. Indarrak hartu ondoren plazara joan eta zortzikoa dantzatuko dute 12:30ean. Dantzatu ondoren, herriko goiko zatian barna kinto-eskean ariko dira. Arratsaldean herriaren gainerako zatian barna ariko dira. Antroan afaldu ondoren, han 04:00etaraino egonen dira, ixteko garairaino. Kinto ospakizunean gazte urdiaindarrak baserritarrez jantzita ibiliko dira.